Geotrukaketa teknologia berriztagarri eraginkorrenetakoa da eraikinak klimatizatzeko
Teknologia honen erabilera oso hedatuta dago Europako iparraldean eta Ipar Ameriketan
· Geotrukaketak berokuntzan energia-kontsumoa %70eraino gutxitu dezake eta CO2-aren emisioak ere hein berean murrizten ditu.
· Gaur egun, trukaketa geotermikoaren inguruko 10 proiektu baino gehiago gauzatzen ari dira Euskadin.
· Teknologia berriztagarri hau erraz hedatu daiteke Euskadin.
Trukaketa geotermikoak lurpean metatuta dagoen energiaz baliatzen edo ustiatzen du eta energia erabilgarri bihurtzen du eraikinak klimatizatzeko. Ustiapen berriztagarri hau eraginkortasun handikoa da energia aldetik; izan ere, berokuntza eta aire giroturako behar den energia-kontsumoa gutxitzeaz gain, ugari eta eskuragarri dugun energia berriztagarri bat aprobetxatzen du, sakonera gutxiko metrora modu naturalean dagoen energia, hain zuzen ere.
EEE lanean ari da energia-iturri berriztagarri mota guztien erabilera sustatu nahian. Sustapen lan horien artean, nabarmentzekoak dira eguzki-energia garatzeko egiten ari direnak; baita hain aurreratuta dagoen teknologia eolikoaren inguruko egitasmoak ere. Horiekin batera, berritzaileagoak diren proiektuetan ere ari da lanean, energia-sistemari energia berriztagarri gehiago ekarriko dioten egitasmoak. Hain zuzen ere, ildo horretatik doa trukaketa geotermikoa edo geotrukaketari lotutako teknologiaren garapena. Euskadin lehen urratsak ematen hasi bada ere, zenbait herrialdetan egiaztatutako eraginkortasun handiko teknologia heldua dela esan dezakegu. Horren erakusle da mundu osoan diren klimatizazio-instalazio ugari, milioi bat baino gehiago. Gehienbat Europako iparraldean eta Ipar Ameriketan dauden geotrukaketa bidezko instalazio berriztagarri horiek eraikinak klimatizatzeko erabiltzen dira.
Trukaketa geotermikoa bidezko teknologiaren erabilgarritasuna eraginkortasun handian datza, lurrean dohainik eta modu naturalean bildutako energia eraikinak klimatizatzeko sistemetara bideratzeko aukera ematen baitu. Era horretan, dohainik den energia berriztagarria lortzearekin batera, berokuntzaren energia-faktura nabarmen murrizten da. Gainera, CO2-aren emisioak gutxitzen laguntzen du. Sistema honek bere funtzionamendurako behar duen kW bakoitzeko lurretik 3 kW energia berriztagarri xurgatzeko edo kaptatzeko gai da. Beraz, energia-balantzea eraginkortasun handikoa eta positiboa da, %120 inguru.
Lurpean dagoen energia naturala zundaketa batzuen bidez erauzten edo ateratzen da. Zulaketa horietan zenbait kanalizazio edo hodi jartzen dira ura zirkularazteko. Ur horrek lurrean metatutako energia xurgatzen du eta bero-ponpa batez eraikina klimatizatzeko sistemara bideratzen da. Ugari den eta egiaztatutako eraginkortasun handia duen baliabide hau mota askotako instalazio eta zundaketa bitartez ustiatzen bada ere, oro har, sistema hori erraz unibertsalizatu ahal da Euskadin.
Egitasmoak Euskadin
2006an jarri zen abian geotrukaketan oinarritutako lehen instalazioa Euskadin, Durangoko Azterlan eraikinean, hain zuzen ere. EEEk egin zituen instalazio horren lanak eta harez geroztik zenbait proiektutan ari da parte hartzen. Hala, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren ondorioz, Lutxanako eta Donostiako etxebizitza batzuetan 2 geotrukagailu jartzeko asmoa du. Bestetik, EEEren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean izenpetutako lankidetza-hitzarmenari esker, Gasteizen egongo den EHU-UPVren Ikerketa eta Azterlan Aurreratuen Zentro berrian horrelako klimatizazio-sistema aurreratua jarriko da.
Energiaren Euskal Erakundea ez da mota honetako instalazioak sustatzen ari den bakarra; izan ere, trukaketa geotermiko bidezko instalazio egitasmoak dituzte zenbait sustatzailek; adibidez, Donostiako Sustapen-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gasteizko eta Zornotzako udalek. Kasu gehienetan, EEEK proiektua gauzatzeaz bat, obraren ikuskapena egingo du, energia baliabide berriztagarri hori ustiatzeko obrak behar bezala egingo diren berme gisa jokatuz.