- Donostian egin den ICOE 2022 azokan, Mutrikuko olatuen energia instalaziorako teknologia erosteko eskaintza publikoaren hurrengo egunetan 3,2 M€-ko lehen argitalpena egingo da.
- EEEk itsas energiei ematen dizkien laguntzen programak 2,5 milioi euroko aurrekontua du itsaso zabaleko teknologia-saiakuntza bultzatzeko.
“Itsas Energien Nazioarteko Konferentziaren” esparruan (ICOE-OEE 2022), TURBOWAVE proiektuaren Berrikuntzako Erosketa Publikoa (CPI) dinamizatzeko tailerra egin da, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) laster kaleratuko duen CPIren lizitazioa aurkezteko. 3,2 milioi euro inbertituko dira, guztira, Mutrikuko olatuen energia plantarako turbina-teknologia berria erosteko. Horrez gain, itsasoko teknologia berriztagarriak probatzeko 2,5 milioi euroko diru-laguntzen deialdia indarrean dago.
CPI TurboWave-ren ekintzaren helburua da oro har olatuen energiaren sektorearen beharretara eta, bereziki, Mutrikuko instalazioaren berariazko baldintza teknikoetara egokitzen diren aire-turbinen teknologien garapena bizkortzea. TurboWave proiektuak Mutrikuko olatuen energia-instalazioan instalatutako eta erabat eraginkorrak diren aire-turbinen prototipoak izatea espero du, denboraldi esanguratsu batean (12 hilabete inguru), nahi diren ezaugarriak frogatzeko.
CPI TurboWave-ren ekintza hori erosle publikoaren (kasu honetan, Energiaren Euskal Agentzia, hau da Energiaren Euskal Erakundea-EEE eta SPRIren Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasunaren arloaren arteko lankidetzaren adibide bat da. Tailer horretan, Estíbaliz Hernáezek, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak, ireki ondoren, Energiaren Euskal Erakundeak Merkaturako Hasierako Kontsultaren (CPM) emaitzak eta laster kaleratuko duten CPIren lizitazioaren funtsezko alderdiak aurkeztu zituen. Ondoren, CPMan parte hartu zuten zenbait enpresak (AST Ingeniería, CALGE, BYTEK– ALTERIA Automation, IDOM, ARRECIFE Energy Systems, OCEAN ENERGY eta TRINITY COLLEGE DUBLIN) konpainiaren, teknologiaren edo egokitzat jo zutenaren aurkezpena egin zuten. Hori guztia, lizitazioari erantzun hobea emateko partzuergoak eratzea erraztuko duen harreman-ingurune bat sortzeko. Hitzaldien ondoren, eskatu zuten enpresen arteko aldebiko topaketak antolatzeko gune bat egon zen, bai eta EEEko ordezkariei TurboWave ekimenari buruzko galderak egiteko aukera ere.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak abian jarri duen Euskadiko Berrikuntzaren Erosketa Publikoa Sustatzeko Planaren barruan dago tailer honen antolaketa. Izan ere, I+G+B programei laguntzeko beste mekanismo batzuk osatzen dituzten ezaugarriekin sektore publikotik enpresa-berrikuntza eta -lehiakortasuna sustatzeko tresna da. Hau da, Berrikuntzaren Erosketa Publikoaren ikuspegitik, berrikuntza- eta ekonomia-sustapen gisa.
Planaren xedea da Eusko Jaurlaritzaren kontratazio publikoaren zati bat sendotzea, soluzio berritzaileak garatu eta mailakatzeko mekanismo gisa, ETE berritzaileak eta sortzen ari diren enpresak hazten laguntzeko, eta, aldi berean, kalitate handiagoko zerbitzu publiko bat ematea, aurrekontu ezin hobearekin bat datorrena.