“Erreminta-gida” programaren barruan hainbat ekimen eta laguntza bildu dira udalerri eta eskualdeentzat, Euskadin klima-krisiari aurre egiteko eta energia aurrezteko Kontingentzia Planari erantzuteko aukera izan dezaten.
Jardunaldiaren esparruan ekimen berri bat eman dute ezagutzera, eta horren bitartez toki-administrazioek teknikariak hautatu eta txertatzeko aukera izango dute, Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin lortutako akordioaren bitartez.
Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta Mari Mar Alonso Ihobeko Ekintza Klimatikoaren Arloko zuzendariak, Aiaraldea eta Gorbeialdeako alkateekin bildu dira gaur goizean Amurrion, baita toki-administrazioetako beste hainbat ordezkarirekin ere, hala nola mankomunitateetako zinegotziak eta teknikariak, “Erreminta-Gida” aurkezteko. Gidak energiaren, klima-aldaketaren eta jasangarritasunaren eremuan ekimen berriak garatzeko eskuragarri izan ditzaketen laguntza-erremintak biltzen ditu.
Tokiko administrazioek energia- eta klima-alorreko ekimenak garatzeko eskura dituzten euskarri eta laguntzen berri emateko deitu den aurrez aurreko bilera izan da, Energiaren Euskal Erakundea eta Ihobe Euskadiko eskualde guztietan egiten ari diren biraren testuinguruan. Datozen hilabeteetan, Euskadiko udal, mankomunitate, kuadrilla, garapen-agentzia eta landa-garapeneko elkarte guztiek bileretarako deialdiak jasoko dituzte Udalsarea 2030 Udal Jasangarrien Euskal Sarearen bitartez.
“Toki-administrazioak eskumenekoak zarete etorkizunean zuen energia-kontsumoa baldintzatuko duten oinarrizko gaietan, hiri- eta mugikortasun-ereduan adibidez. Horrez gain, zenbait jardunbide bete beharko dituzue eraikinetan eta ibilgailuetan energia-jasangarritasuna hobetzeko 4/2019 Legeari jarraikiz, 2030. urterako kontsumoa % 35 murrizteko eta energia berriztagarriak % 32 izatea lortzeko helburuekin” azaldu du Ansolak.
Jardunaldia aprobetxatu da, halaber, udal eta eskualdeetako ordezkari eta teknikariek ekimen berri bat bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten, toki-administrazioei teknikariak hautatzeko eta txertatzeko bide emango dien ekimen berri bat. "Teknikariak hautatzeko eta toki-administrazioetan txertatzeko plan bat egin dugu, Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin akordio bat eginez. Urtebetez, klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren alorreko 30 teknikariren kontratazioa bultzatuko dugu” iragarri du Mari Mar Alonso, Ihobeko Ekintza Klimatikoaren Arloko zuzendariak. Toki-administrazioek laguntza eskatu dute klima- eta energia-planak garatzeko eta aurrezte-neurriak eta
berriztagarrien ezarpena zabaltzeko, eta pertsona horiek eskainiko diete behar duten laguntza hori.
Jaurlaritzak jardunaldia baliatu du toki-administrazioaren eskura indarrean dauden akonpainamendu-euskarriak eta laguntza-programak jartzeko, "Erreminta-gida" proiektuan jasotako klima-aldaketaren eta trantsizioaren eremuan aurrera egiteko aukera izan dezan. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bere gain hartu du toki-administrazio publikoak eskura izatea, eskuragarri dauden euskarria eta laguntza-deialdiak ez ezik, gaitasunak eta proiekzioa sortzeko aukera guztiak ere, tokiko eta eskualdeko erakunde publikoei energia- eta klima-trantsizioan laguntzeko.
Energiaren Euskal Erakundeak eta Ihobe-k egindako gidak erantzuna eman nahi dio Kontingentzia Planean Euskadin energia aurrezteko jasotako ekimenetako bati, eta klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko helburuak betetzeko bidean aurrera egitea ere ahalbidetzen du, 2019ko uztailean Eusko Jaurlaritzak egindako klima-larrialdiko adierazpenaren ostean.