Azterketak EEE/EVEk eta Bilboko Ingurumen Sailak sinatutako hitzarmenaren ondorio dira
· San Ignazio, Errekalde, Zorrotza, Artxanda, Txurdinaga, La Peña eta Deustuko kiroldegietako instalazioak aztertuko dira.
· Baterako sorkuntza eta eguzki-instalazio termiko bana jartzeko bideragarritasun azterlana egingo da.
· Euskadi osoan 120 udalek baino gehiagok sinatu dute lankidetza-hitzarmena EEE/EVErekin, eta 20 kiroldegitan baino gehiagotan egin dira energia-azterketak.
EEE/EVEk, CADEM sozietatearen bidez, Bilboko zazpi udal kiroldegitan energia-azterketak egingo ditu, energia-eraginkortasuna hobetzeari eta energia aurrezteari begirako erabakiak edo neurriak hartzeko asmoz. Bilboko Udalekin sinatutako hitzarmenaren ondorio diren azterketa hauek EEE/EVE udalekin aurrea eramaten ari den jardueren barruan daude. Hain zuzen ere, udalekin sinatutako hitzarmen horiei esker, Euskadi osoan, 120 udalerritan baino gehiagotan hobetu da energia-egoera, euskal biztanleen %90 inguru dena.
Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) eta Bilboko Udalak sinatu berri duten lankidetza-hitzarmenaren helburua da Bilboko kiroldegi batzuen energia-egoera aztertzea. Zehazki, San Ignazio, Errekalde, Zorrotza, Artxanda, Txurdinaga, La Peña eta Deustuko kiroldegietan egingo dira energia-azterketak. Azterketok emango dituzten emaitzen argitan, neurri zuzentzaileak proposatuko dira, energia aurrezteko eta eraginkortasuna hobetzeko.
Energiaren Euskal Erakundearen sozietatea den CADEMek egingo ditu energia-azterketak. Kiroldegietan energia-eraginkortasuna hobetzeari begira, informazioa jasoko du eta azterlan sakona egin ondoren, alternatibak edo proposamenak aurkeztuko dizkie udal arduradunei. Hala, baterako sorkuntza sistemak jartzeko bideragarritasuna aztertzearekin batera, ur beroa ekoizteko eguzki-instalazio termiko bana ezartzeko aukera analizatuko da.
Horrelako lankidetza-hitzarmenak EEE/EVEren lehentasunezko jardueren artean daude, energia-egoera nabarmen hobetzez gain, aurrezte handia lortzen baita haiei esker. Udalak herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak dira, eta, beraz, udalerrietan egiten diren energia-hobekuntzek onura zuzena dakarkiete herritarrei.
Horiek horrela, 2000. urteaz geroztik, 120 lankidetza-hitzarmen sinatu dira beste hainbeste udalekin, Euskadiko biztanle guztien %90 baino gehiago barne hartzen duten udalerriekin, hain zuzen ere. Hitzarmen horien bidez, besteak beste, udalen menpeko 2.000 lokal aztertu dira; horietatik 20 baino gehiago kiroldegiak izan dira. Oraingoan, Bilboko kiroldegietan egingo diren lanak edo azterketak hauexek dira:
Informazioa biltzea:
- Kiroldegietako energia-instalazioen funtzionamenduaren inguruko ordutegi eta moduei buruzko informazioa; energia-kontsumoen gaineko datu historikoak.
Instalazio termikoak:
- Egungo instalazioak eta ekipoak ikuskatzea: bero-sorgailuak, igerilekuetan ura berotzeko sistemak, ur bero sanitarioa ekoizteko era, eta abar.
- Beroa ematen eta barreiatzen duten tresnak ikuskatzea.
- Jarritako erregulazio- eta kontrol-sistemak aztertzea.
Argiztapena:
- Argiztapen sistema guztiak ikuskatzea (argiak, lanparak, kontrolak, eta abar).
Neurketak:
- Bero-sorgailu guztien errekuntzari buruzko azterketa, sorkuntza-errendimendua kalkulatu ahal izateko.
- Behe-tentsioko elektrizitate-kontsumoen etengabeko monitorizazioa.
Lan horiek 2008ko lehen seihilekoan egingo dira. Hartara, lanok amaitutakoan, Bilboko Udalari azterketaren inguruko azken txostena emango zaio, eta berak erabakiko du aurkeztuko zaizkion alternatibak aplikatzeko aukera izango den.