Gaurtik aurrera eta martxoaren 8a arte, igandea, Foruen Plazan ‘Biomasa zure etxean’ erakusketa egongo da ikusgai, kontsumitzaileei energia mota honek etxea berotzeko dituen abantailen berri emateko.
Erakusketaren inaugurazioan Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industrien zuzendari Peli Manterolak azpimarratu duenez, Euskal Exekutiboak energia horren erabilera babesten du “erregai fosilak baino merkeagoa delako eta ingurumena gehiago errespetatzen duelako, bertako gaiekin sortzen baita, eta landa eremuko enplegu iturria delako eta gure baso masak zaintzen laguntzen duelako”.
Erakusketa, Biomasaren Balorizazio Energetikoaren Espainiako Elkarteak (AVEBIOM) eta Energiaren Dibertsifikaziorako eta Aurrezpenerako Institutuak (IDAE) antolatu dute, Eusko Jaurlaritzak, HAZI Fundazioaren eta EEEren bitartez, eta Vitoria-Gasteizko Udalak emandako laguntzarekin.
Gasteiz, 2015eko martxoaren 5a - Gaur goizean “Biomasa zure etxean” izeneko erakusketa ibiltaria inauguratu da Vitoria-Gasteizen, eta gaur hasi eta datorren igandera arte Foruen Plazan egongo da, bisitariei energia iturri horrek etxeak eta etxeko ura berotzeko dituen abantailak erakusteko. Horretarako, biomasarekin dabiltzan ekipamenduak erakutsiko dira funtzionamenduan, eta hiritarrei informazioa eta baloraziorako beharrezko elementuak emango zaizkie, argi izan dezaten zer aukera ematen dituen biomasak etxeetan erabiltzeko.
Erakusketaren inaugurazioan, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industrien zuzendari Peli Manterolak azpimarratu duenez, “beharrezkoa da honelako ekimenak bultzatzea, erregai fosilak baino merkeagoa eta ingurumenarekin errespetutsuagoa den baliabide bat, bertako gaiekin sortu, landa gunerako enplegu iturria izan eta gure baso masak zaintzen laguntzen duena, erabiltzearen alde egiten dutelako”.
Ildo horretan, Manterolak azpimarratu egin du Eusko Jaurlaritzak biomasaren erabilera babesten duela, izan ere, hala dago jasota Euskadi 2020ko Estrategia Energetikoan (3E 2020) eta Biomasa Helburu Energetikoekin erabiltzea bultzatzeko Euskal Ekimenean, zeinaren bitartez Euskadiko udal guztiei aukera ematen zaien udal baso baliabideak ebaluatzeko programa batean parte hartzeko eta baso baliabide horiek ustiatu eta baliabide energetiko gisa erabiltzeko jarraibideak definitzeko.
Plan honekin bat egin duen udaletako bat Vitoria-Gasteizkoa da, eta Energiaren Euskal Erakundearekin eta Hazi Fundazioarekin lankidetzan aritzeko hitzarmen baten bitartez egin du hori. Zehazki, hiru erakunde horiek ari dira laguntzen “Biomasa zure etxean” erakusketan, AVEBIOM eta IDAE erakundeek bultzatuta eta garatuta estatuko hainbat hiritatik igarotzea aurreikusita dagoen dibulgazio proiektuan.
Javier Diaz, AVEBIOMeko lehendakaria, konbentzituta dago “ekimen hori iraganaren eta geroaren arteko mugarria izango dela, biomasako instalazioak eraikinetan ezartzeari dagokionez, eta horregatik erabiltzaileak behar dutena informazioa da, erabakiak hartzen lagunduko dien informazioa, eta argi dago inork ez duela eskatzen ezagutzen ez duen zerbait". Hori da hain zuzen bilatzen dena: “hiritarren esku jartzea baloraziorako beharrezkoa dituzten informazio eta elementuak, biomasaren aplikazioek etxeetan erabiltzeko ematen dituzten aukeren gaineko ideia garbia izan dezaten”, azpimarratu du Diazek.