Nerbioi-Ibaizabal eskualdeak hitzarmen bat sinatu du EEE/EVErekin, eskualdeko udalerrietan energia egoera hobetzeko · Udalek energia aurrezteko duten potentziala %10-15 ingurukoa da · Udalerrian energia egoera jakiteko azterketa eta energia egitasmo zehatzen garapena dira, besteak beste, hitzarmenean jasotzen diren jarduerak · Sinatutako hitzarmenei esker, 60 udalerritan 100 eguzki energia-instalaziotik gora jarri dira
Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko udalek eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) sinatutako hitzarmenaren helburu nagusia da energiaren egoera hobetzeko jarduerak sustatzea udalerri horietan. Zehazki, energiaren zentzuzko erabilera eta energia iturri garbiak, berriztagarriak, adibidez, bultzatzeari lotutako jarduerak eraman nahi dira aurrera, Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko 253 udaletatik, ia %50k sinatu du lankidetza-hitzarmenen bat EEE/EVErekin. Lankidetza-hitzarmen horiek laguntzen ari dira Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategian energia egoera hobetzeko ezarritako helburuak toki administrazioetara eramaten.
Azken urte hauetan eta energiaren alorreko politikak eta jarraibideak toki administrazioetara eramateko xedez, EEE/EVEk lankidetza-hitzarmen ugari sinatu ditu EAEko udalekin. Udalek energiaren zentzuzko erabileraren eta energia berriztagarrien ustiapenaren inguruko jarduerak garatzeko konpromisoa hartzea da lankidetza-hitzarmen horien helburua.
Zehazki, gaur egun, 120 hitzarmen baino gehiago sinatuta dute udalek EEE/EVErekin. Lankidetza-hitzarmen horiei esker, udal administrazioaren energiaren egoera nabarmen hobetzen ari da. Hitzarmen hauen barruan egiten diren jarduerek eragin zuzena dute euskal biztanleen %86 inguruan, eta Bizkaia lurralde historikoan %87 dena, hain zuzen ere. EEE/EVEk egindako azterketen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko udalek duten energia-aurrezki potentziala %10 eta %15 artekoa da. Horiek horrela, energiaren gaineko egitasmo batzuk garatzeko tartea edo aukera zabala dago, energiaren aurrezteari eta energia garbiak sustatzeari begirako ekintzak batik bat.
Lurraldeka, aipatutako lankidetza-hitzarmenak era honetan daude banatuta:
- 21 Araban
- 55 Bizkaian
- 44 Gipuzkoan
Lankidetza-hitzarmen horien bidez, zenbait energia azterlan eta auditoria egiten dira, udalerrietan diren energia egoerak sakontasunez ezagutzeko. Horrekin batera, udalaren jabetzako eraikinetan energia iturri berriztagarriak, eguzki-energia termikoa eta fotovoltaikoa batez ere, ezartzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko egitasmo batzuen bideragarritasun azterketak gauzatzen dira.
EEE/EVErekin lankidetza-hitzarmena sinatutako 120 udal horietatik 53 beren udalerrian dagoen energia egoera aztertzen ari dira, hau da, diagnostiko fasean daude. Gainerako 67 udalerrietan egitasmo eta azterlan jakinak edo zehatzak ari dira garatzen jadanik.
Energiaren zentzuzko erabileraren inguruko jarduerei dagokienez, nabarmentzekoak dira energia-fakturazio, elektrizitate-monitorizazio eta azterlan integralei buruzko azterlanak. Horietaz gain, etxebizitza-eraikinen energia-ziurtapenak eta baterako sorkuntza-instalazioak ere egiten dira. Hain zuzen ere, azken alor horretan hiru egitasmo burutu dira orain arte, beste hainbeste udalekin, eta udal kiroldegietan baterako sorkuntza-instalazioak jarri dira.
Energia iturri berriztagarrien ustiapenari gagozkiola, eguzki-energia fotovoltaikoaren alorreko 100 instalazio baino gehiago jarri dira 60 euskal udalerri inguruko udal lokaletan. Energia-instalazioak zenbait tokitan ipini dira; esate baterako, udaletxean bertan, ikastolan, herri ikastetxean, kiroldegian eta kultur etxean. Eguzki-energia fotovoltaiko eta termikoaren alorreko instalazioak jartzeari ekin baino lehen, azterketa batzuk egin ohi dira aldez aurretik lekurik egokienak aukeratzeko asmoz. Gaur egun, eguzki-energia termikoari lotutako 8 instalazio daude martxan udal eraikinetan, eta ur beroaren eskaria gero eta handiagoa da kiroldegietan, zaharren egoitzetan eta aterpeetan.
Energia arloko egitasmo eta azterlan horiek aurrera eramateko, EEE/EVEk diru-laguntza eta finantza-bideak jartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko udalen eskura, inbertsio egitasmoei diruz laguntzeko programen bitartez. Horretaz gain, instalazioa erosteko kudeaketa eta sozietate mistoetan parte hartzeko aukera ere eskaintzen du EEE/EVEk. Halaber, inbertsio zuzen ugari egiten ari da EEE/EVE.
Toki administrazioarekin batera eta lankidetzan mamitzen ari diren jarduera horiek guztiek lagundu egiten dute 3E-2010eko Euskadiko Energia Estrategian ezarritako helburuak lortzen. Hain zuzen ere, beste eragile batzuekin akordioak sinatzea eta partaidetza areagotzea dira, besteak beste, Energia Estrategiaren lan-ildo nagusienetakoak.