- 50 enpresa baino gehiago elkartu dira aurkezpen-webinarrean.
- Call for Interest H2MED informazio-deialdian parte hartzeko aukera abenduaren 18ra arte egongo da zabalik.
Energiaren Euskal Erakundeak (Eusko Jaurlaritzaren energia-agentzia), Energiaren Clusterrarekin eta Hidrogenoaren Euskal Korridorearekin (BH2C) lankidetzan, ekoizpen-prozesuetan hidrogenoa sor edo erabil dezakeen euskal industria gehiena bildu du, Iberiar Penintsulan hidrogenoa garraiatzeko korridorearen sustatzaileek berriki egin duten kontsultaren berri emateko. Kontsulta hori, loteslea ez bada ere, etorkizunean hidrogenoaren banaketarako Europako azpiegiturak planifikatu eta eraikitzeko baldintzagarria izan daiteke.
Informazio-webinarrak kontsultarako deialdi honetan interesa duten EAEko berrogeita hamar bat enpresa bildu ditu. Deialdi horren helburua da industriak hemendik 2030era izango dituen hidrogeno berriztagarriaren ekoizpen- eta kontsumo-beharrak ezagutzea. Deialdi honetan lortutako emaitza erabakigarria izan daiteke energia-bektore horren etorkizuneko garraio-azpiegiturak eraikitzeko. Energia-bektore horrek garrantzi handia du karbonorik gabeko sistema baterako trantsizio energetikoan, eta euskal industriaren lehiakortasunerako.
Hori dela eta, abenduaren 18ra arte irekita egongo den deialdiaren gako nagusiak azaldu dira webinarrean; izan ere, funtsezkoa da 2030 aldera hidrogeno berriztagarria ekoitzi, kontsumitu edo merkaturatu nahi duten EAEko eragileek prozesu horretan parte hartzea. Aukera erabakigarria da euskal industriak bere muskulua erakuts dezan eta bere ekarpenen bidez erabaki dezan korridoreko zein tarteri egingo zaion aurre lehenik eta azken trazaduran.
Kontsultarako edo call for interest-erako deialdia H2Med proiektuaren sustatzaileek (REN, Enagas, GRTgaz, Terega eta OGE) egin dute, Iberiar Penintsula hemendik 2030era Europako gainerako eremuekin lotuko duen korridorean hidrogeno berriztagarria ekoizteko eta kontsumitzeko beharrak identifikatzeko. Deialdi honen bidez jasotzen den informazioak gure inguruan hidrogeno azpiegiturak eraikitzea erraztu dezake.
Ikus webinarraren grabaketa