Etxebizitzetan kontsumitzen den energia elektriko osoaren %18 inguru argiztapenari dagokio.
- Bonbilla mota horiek 39 udalerritan banatu dira. Bonbillekin batera, etxean energia aurrezteko aholkuak dakartzan gidaliburua banatu da.
- Kontsumo txikiko bonbilla bakoitzak %80 gutxitzen du elektrizitate kontsumoa, bonbilla konbentzionalekin alderatuta, eta tona erdi CO2 aireratzea saihesten du.
- Kanpaina honek etxeetan energia kontsumoa murriztu beharraz herritarrak sentsibilizatzea du helburu, eta 2007. urtean jarraipena izango du.
Energiaren Euskal Erakundeak kontsumo txikiko bonbillen banaketa egin du EAEko zenbait herri eta hiritan. Era horretan, iragan urteko ekainean hasitako kanpainari amaiera eman dio. EEE/EVEk eta IDAEk sinatutako hitzarmenaren barruan dagoen jarduera honek etxe partikularretan energia aurreztu beharraz herritarrak kontzientziatzea du helburu; izan ere, argiterian energiaren kontsumoa handia da etxeetan, eta horrelako bonbillei esker, besteak beste, kontsumo hori nabarmen murriztu daiteke. Gainera, kontsumoarekin batera, CO2-aren emisioak ere gutxitu egiten dira.
EEE/EVE eta IDAE energia agentziek iragan ekainean sinatutako hitzarmena abian jarri izanak ekarri du hainbat jarduera aurrera eramatea energiaren kontsumoa murrizteari begira. Horren ondorioz, energia asko kontsumitzen duten alor batzuetan haren kontsumoa gutxitzea lortu da.
Hain zuzen ere, etxebizitzetan argiztapen artifizialaren erabilerak dakarren energia kontsumoa gutxitzeko asmoz, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina egin du. Kanpaina horretan, beste jarduera batzuen artean, 20 W-eko kontsumo txikiko 10.000 bonbilla banatu ditu Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 39 udalerritan.
Banatutako kontsumo txikiko bonbilla horiek oso eraginkorrak dira, eta 100 W-eko goritasun-bonbilla tradizionalak ordezkatzeko egokiak dira; izan ere, argiztapen bera emateko, elektrizitate kontsumoa %80 gutxitzen da eta 8.000 orduko bizitza erabilgarria dute, bonbilla konbentzionalena baino 8 bider handiagoa dena. Gainera, kontsumo txikiko bonbilla horietako bakoitzak bere bizitza erabilgarrian tona erdi CO2 aireratzea saihesten du. Horiek horrela, horrelako bonbillak erabiliz energiaren kontsumoa nabarmen gutxitzen dugu erosotasun mailari uko egin gabe.
Bonbillekin batera, EEE/EVEk argitara emandako “Energia etxean” izeneko argitalpena banatu da herritarren artean. Argitalpen horrek aholku eta gomendio ugari dakartza energia aurrezteko etxean; bai argiterian energia kontsumoa murrizteko, bai etxetresna elektrikoetan, berokuntzan eta abarretan. Material horrek izandako arrakasta ikusita, 2007an ere banatzen jarraituko da EAEko beste herri eta hiri batzuetan.
Kanpaina hau, energia modu arduratsuan erabiltzeari begira, EEE/EVEk herritarrak sentsibilizatzeko egiten dituen jardueretako bat da, eta Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategian ezarritako lan-ildoekin bat dator. Hain zuzen ere, estrategia horretan energia-eraginkortasuna ardatz nagusienetakoa da, eta 2010. urtera bitartean, alor guztietan eraginkortasuna sustatzeko aurrera eramango diren jarduerek 975.000 tpb aurreztea ekarriko dute urtean; hau da, energiaren aurreztea %15 izango da, 2000. urtean kontsumitutako energiaren aldean.