2006ko azaroaren 18a arte luzatuko da programa.
· 52.000 etxetresna elektriko berritu dira.
· Epe berria urriaren 27an hasiko da eta azaroaren 18an bukatuko da.
EEE/EVEk eta IDAEk sinatutako hitzarmenaren ondorio den Etxetresna Elektrikoen Renove Planak, Aurreztu Energia deritzon kanpainaren bidez gizarteratua, hasierako helburua bete du. Izan ere, dagoeneko, 52.000 etxetresna elektriko ordezkatzea erdietsi da Renove Planari esker. Horretarako, 3,9 milioi euro bideratu dira, eta programaren iraupena diru hori bukatu arte edo abenduaren 15a arte, gehienez ere, aurreikusita zegoen. Etxetresna elektriko eraginkorren eskari handia dela eta, EEE/EVEk erabaki du Renove Plana azaroaren 18a arte luzatzea. Horretaz gain, EEE/EVEren IDAEren arteko hitzarmenean jasotzen denez, beste 22 ekintza edo jarduera gauzatuko dira aurrekontua amaitu arte edo abenduaren erdialdera arte.
Iragan ekainean aurkeztu zen Aurreztu Energia deritzon programa, EEE/EVEk eta IDAEk sinatutako hitzarmenaren ondorio dena eta zenbait alorretan energia aurreztea helburua duena. Hori lortzeko, jarduera ugari egitea aurreikusten da.
Hain zuzen ere, hitzarmenean 22 ekintza edo jarduera zehazten dira, eta horiek aurrera eramateko aurrekontua 15,4 milioi eurokoa da. Kantitate horretatik 3,9 milioi euro etxetresna elektriko zaharrak ordezkatzeko eta horien ordez A edo hobea den energia etiketa dutenak erosteko bideratu dira. Azken batean, eraginkortasun handiko etxetresnak eskuratzeko.
Programa abian jarri zenetik, duela hiru hilabete, 52.000 etxetresna elektriko ordeztea lortu da, eta, beraz, etxean erabiltzen diren etxetresna elektrikoen energia-eraginkortasuna nabarmen hobetu da. Hori aurrera eramateko, programan parte hartu duten 500 saltokiren laguntza azpimarratu behar da, etxetresna elektrikoen erosketa kudeatu baitute, haientzat beren beregi prestatuko programa informatikoari esker. Hain zuzen ere, duela hamar bat egun, saltokikoei Renove Plana amaitzear zegoela jakinarazi genien posta elektrikoaren bidez. Horren ondorioz, zazpi edo hamar egun gehiago izan dira etxetresna elektriko eraginkorrak saltzen, finkatutako aurrekontua bukatu arte.
Hori horrela, dendariek edo saltokikoek une orotan eman die informazio eguneratua erosleei Renove Planaren diru-laguntzaz baliatzeko aukeren inguruan. EEE/EVEk aurrekontua luzatzea erabaki duenez gero, azaroaren 18a arte horrelako etxetresna elektriko eraginkorrak erosteko aukera dago.
EEE/EVE-IDAE hitzarmenaren beste jarduera batzuk
Hitzarmenean jasotzen diren 22 ekintza edo jarduera garatzeari begira, energia kontsumitzen duten zenbait alorretan programa ugari ezarri dira, adibidez, industrian, garraioan, eraikuntzan eta zerbitzu publikoetan. Programa horiek gauzatzeko diru-laguntzak ematen ari dira. Diru-laguntzak jasotzeko epea abenduaren 15a arte zabalik egongo da, edo horretarako ezarritako aurrekontua bukatu arte.
Hitzarmenean aurreikusten diren jarduerei esker energia asko aurreztu ahal izango da; izan ere, kalkuluen arabera, urtean energia primarioaren 40.000 tpb (tona petrolio baliokide) aurreztuko ditugu, atmosferara 120.000 tona CO2 ez isurtzea ekarriko duena, hain justu ere.