Europarentzako Energia Adimenduna Programak 52 milioi euroko diru-laguntza emango die energiaren alorreko egitasmoei.
· Europarentzako Energia Adimenduna (EEA) Programaren aurkezpenean energiaren alorreko 50 enpresa baino gehiago izan dira.
· Irailaren 28a arte dute enpresek euren finantzaketa proposamenak aurkezteko
Energiaren Euskal Erakundeak Europarentzako Energia Adimenduna II (EEA) Programaren deialdi berria aurkeztu du Bilbon, programa beraren lehen fasea ordezkatzen duena, hain zuzen ere. Gaur egun garatzen ari den programa horren egitasmo batzuetan dihardu EEE/EVEk, 1.035.573 euroko aurrekontuarekin. Guztira 52 milioi euroko aurrekontua duen programaren helburu nagusia da garapen iraunkorra sustatzea energia alorrean, eta hartara, hiru xede orokorrak diren energia-horniduraren segurtasuna, lehiakortasuna eta ingurumenaren babesa lortzeko bidean aurrerapausoak ematea.
Enpresa eta energiaren arloan diharduten profesionalentzat den 2007ko Europarentzako Energia Adimenduna Programaren deialdia aurkeztu da Bilbon, eta bertan, besteak beste, José Manuel Hernández, Europako Batzordeko Europarentzako Energia Adimenduna Agentzia Exekutibako kidea, Virginia Vivanco, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutukoa (IDAE) eta Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari-kontseilari nagusi José Ignacio Hormaeche izan dira. Deialdiaren aurkezpenean energia alorrean lan egiten duten 50 enpresak baino gehiagok hartu dute parte. Hain zuzen ere, enpresa horiek dituzten egitasmoak garatzeko EEA Programak ematen dituen diru-laguntzez baliatuko daitezkeenak.
Europarentzako Energia Adimenduna Programaren bidez, teknologikoak ez diren oztopoak gainditu nahi dira, eta hartara, garapen iraunkorra sustatu energiaren esparruan. Europar Batasuna, epe luzean, hazkunde ekonomikoa eta enplegua areagotzeko xedez egiten ari den ahaleginaren barruan dago ekimen edo programa hau; izan ere, Europar Batasuneko estatu kideen artean berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeari begira eratutako Esparru Programaren barneko berariazko programa bat da Europarentzako Energia Adimenduna.
Aipatutako programan zenbait jarduera edo ekintza egiten dira, programan ezarritako helburuak garatzeari begira:
· Save: energia eraginkortasuna eta energia baliabideen zentzuzko erabilera bultzatu nahi ditu.
· Altener: energia iturri berriak eta berriztagarriak sustatzearekin batera, energia dibertsifikazioa bultzatzea du helburu.
· Steer: garraioaren alorrean energia eraginkortasuna eta energia iturri berriztagarrien erabilera sustatzeari begirako jarduerak garatzea du helburu.
Europarentzako Energia Adimenduna Programak dituen hiru jarduera-esparru horien barruan, finantzaketa edo diru-laguntza eskura dezaketen sustapen edo zabalkunde egitasmoak hauexek dira:
· Aldian-aldian energiaren alorreko joeren eta merkatuaren bilakaeraren azterketan oinarritzen diren azterlan estrategikoak, etorkizunean legeriari lotutako erabakiak edo neurriak hartu ahal izateko, edo gaur egungo legeria aztertzeko.
· Energia sistema iraunkorrak garatzeko asmoz, lanabes eta egiturak sortu, handitu edo zabaldu eta berrantolatzea helburua duten egitasmoak. Horien barruan sartzen dira eskualde eta toki mailako energia kudeaketari lotutakoak; baita finantza produktu egokiak eta merkataritza lanabesak eratzekoak direnak ere.
· Energia iraunkorra lortzen laguntzen duten sistema eta ekipoen sustapena, merkatuan sarbidea lehenbailehen izateko eta inbertsioak bultzatzeko, eta era horretan, eraginkorragoak diren teknologien erakustaldiaren eta merkaturatzearen arteko aldia edo trantsizioa erraztea. Horiekin batera, sentiberatze kanpainak eta erakundeen ahalmena eratzeari lotutako egitasmoak.
· Informazio, hezkuntza eta prestakuntza egituren garapena, emaitzen erabilera, kontsumitzaileen artean praktika hobeak eta ezagutza teknikoa zabaltzeko eta bultzatzeko egitasmoak, jardueren eta egitasmoen emaitzen berri emateko ekintzak eta sare operatiboen bidez, EBko estatu kideen arteko lankidetza sustatzen duten egitasmoak.
· EBk lege alorrean hartutako erabaki edo neurrien eragina eta betetzea aztertzeko egitasmoak.
2007ko Europarentzako Energia Adimenduna Programak 52 milioi euroko aurrekontua du. Programaren aurtengo deialdira aurkeztuko diren egitasmo edo proposamenei kostu aukeragarri osoaren %75eko diru-laguntza eman dakieke. 2007ko irailaren 28a izango da azken eguna proposamenak aurkezteko.
Gaur egun, Europa osoko toki eta eskualde mailako 60 energia agentzia ari dira parte hartzen programan. Agentzia horiek 350 egitasmo europar garatzen ari dira zenbait arlotan, adibidez, eraikuntzan, industrian, garraioan, baterako sorkuntzan, hirigintzan eta herritarrak sentiberatzeari begira, energia eraginkortasun handiagoz erabiltzea helburu dutenak.
EEE/EVEren parte-hartzea EEA Programan
Energiaren Euskal Erakundea (EEE/EVE) zenbait egitasmotan ari da parte hatzen EEA Programaren barruan. Europako Batzordeak kofinantzatzen dituen egitasmo horiek aurrera eramateko, 1.035.573 euroko aurrekontua du EEE/EVEk. Finantzaketa ezari, dauden teknologiak ez ezagutzeari edo energia erabiltzean praktika desegokiak izateari lotutako oztopoak gainditzea xedea duten honako egitasmo hauetan dihardu EEE/EVEk:
· FINANCE egitasmoa; agentzien elkarteen egitekoa sendotzea edo indartzearekin batera, ekonomia autarkikoa lortzeari begira, agentzien finantza-praktikak aztertzea helburu duena.
· PURE egitasmoa; eguzki-panel fotovoltaikoak eraikinetan integratzea helburu duena; potentzial handia duten herrialdeetan, batez ere. Horretaz gain, fotovoltaikoaren alorrean praktika onak eta integrazio arkitektonikoa ere sustatzen ditu.
· ENERinTOWN egitasmoa; datuen igorpena Internet bidez eginez, udal eraikin publikoen energia kontsumoak monitorizatzea helburua duena. Monitorizazioari esker antzematen den gehiegizko energia kontsumoa saihesten da, eta aplikazio erraza duten neurri batzuk ezarriz gero, energiaren % 5 aurreztea lor daiteke.
· MOVE egitasmoa; mugikortasunaren inguruko jarduerak eta teknologia zabalkundea garatzeko, nazioarteko klusterraren eraketa sustatzea helburu duena, mugikortasun unitateak antolatuz eta enpresa publikoren batean mugikortasuna hobetzeko egitasmoak garatuz. Hain zuzen ere, gaur egun, Energiaren Euskal Erakundean, mugikortasuna hobetzeari begira, garatzen ari den egitasmoa.
· SOLAIR egitasmoa; etxebizitza alorrean tamaina txiki eta ertaineko eguzki-klimatizazio sistemak jartzea edo sartzea helburu duena. Horretarako, eskuragarri dauden teknologien aplikazioa eta zabalkundea sustatzearekin batera, administrazioen laguntza eskuratzeko bideak aztertzen dihardu.
· WAVEPLAM egitasmoa; gaur egun negoziatzen ari den egitasmo honek EEA Programaren diru-laguntza jasotako lehena da, eta merkatuan energia iturri ozeanikoen sarrera azkartzeko baldintzak sortzea du helburu.
· GEOSS egitasmoa; negoziazio fasean dagoen egitasmo honen helburua hauxe da: geo-trukaketari lotutako teknologiak sustatzeko garapen-eskemak bultzatzea Europako herrialde batzuetan.
Azken batean, EEE/EVEk egitasmo horietan guztietan parte hartuz, beste eragile batzuekin batera, lagundu nahi du Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategian energia eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarrien garapena sustatzeko ezarritako helburuak lortzen. Hala, egitasmo guztien bidez, EEA Programan daudenak barne, 2010. urteari begira, Euskadin behar izango dugun energiaren % 12 energia berriztagarrietatik eskuratzea eta energiaren %15 aurreztea lor dezakegu.