Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko energia agentziak gidatze ekonomikoaz eta hiri eremuan bizikletaren erabileraz ikastaroez gain, ibilgailu elektrikoari buruzko erakusketa bat ere antolatu du Ficoba erakustazokan 
 

•    Herritar guztientzat diren ikastaroen eta ibilgailuen erakusketaren bidez, garraiobide konbentzionalen alternatibak sustatu nahi da.
•    Euskadiko Energia Estrategiaren xedea da garraioan energia alternatiboen erabilera-kuota %40 izatea 2030ean.

2012ko maiatzaren 31 – Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren energia agentziak, garraiatzeko modu alternatiboak aurkeztuko ditu Bioterra 2012 azokaren barruan, asteburu honetan Gipuzkoako Irungo Ficoba erakustazokan egingo dena.

Izan ere, herritarrentzako jarduera eta ekintza ugari antolatzeko asmoa du EEEk. Hala, automobil pribatua ordezkatzea ekar dezaketen garraiobide eraginkorrak erakutsiko dira, adibidez, ibilgailu elektrikoak, garraioan petrolioaren eratorriak diren erregaiek duten inpaktua murrizten lagunduko dutenak, hain zuzen ere. Horrekin batera, gidatze eraginkorra eta merkea egiteko ikastaroak emango ditu eta hiri eremuetan bizikleta erabiltzeari buruzko mintegi bat antolatu du. 

Aipatutako erakusketan IBILEK enpresaren Peugeot Ion bat erakutsiko da, Euskadin ibilgailu elektrikoak alokatzeko zabaldu den lehen enpresa dena. Horrez gain, flexifuel deritzoten ibilgailuak ere erakutsiko dira, landare-jatorria duten erregaiak, bioetanola, kasu, erabil ditzaketen ibilgailuak; gasolina konbentzionalaren erabilera gutxitzea ahalbidetuko duten ibilgailuak. Erakusketa hiru egunez izango da ikusgai, Energiaren Euskal Erakundeak erakustazokan izango duen estandean. 

Aurrekoaz gain, hiri eremuetan bizikleta erabiltzearen inguruko ikastaro bat ere antolatu da, gure herri eta hirietan garraiobide hori sustatzeko xedez. Txirrindularitza, kirola den aldetik, beti izan da oso onartua Euskadin. Bizikleta, garraio gisa, ordea, ez da hain onartua izan. Hainbat arrazoirengatik, gure hirietan bizikletaz ibiltzeko tradizio handirik ez dago, iparraldeko herrialdetan gertatzen denaz bestera.

Bizikleta garraiorako erabiltzeak abantaila ugari dakartza alde askotatik, esaterako, energia, ingurumen, gizarte eta osasun aldetik. Hori dela eta, gero eta gehiago erabiltzen da Gasteiz, Donostia eta Gipuzkoako beste herri batzuetan. Bilbon eta bere inguruan, berriz, apalagoa da erabilera. Nolanahi ere, bizikletaren erabilera orokortzeko bidean zenbait oztopo gainditu behar dira; batez ere, bizikletaren eta bide publikoaren gainontzeko erabiltzaileen artean elkarrekin modu harmoniatsu eta orekatuan bizitzeko dagoen tradizio ezagatik. Hain zuzen ere, EEEk oztopo horien eragina gutxitzen lagundu nahi du ikastaro honen bitartez. Ikastaroa ekainaren 1ean, ostiralean, goizean egingo da. 

Bestetik, gidatze ekonomikoez ikastaroak antolatu dira, automobilak gidatzeko eran kultura berri bat zabaltzea helburua dutenak. Gidatzeko teknika erraz batzuen aplikazioaren bidez, energia aurreztu daiteke; izan ere, ibilgailuen erregaien kontsumoan %12-15 aurrezten da batez beste. Aldi berean, gidatzean segurtasuna eta airearen kalitatea hobetzen dira, CO2 eta beste gas kutsagarri batzuen emisioak murrizten baitira. 

Era eraginkorrean gidatzeko ikastaro horiek egitura teoriko-praktikoa dute eta lau ordu inguruko iraupena dute. Gidatzeko era berritzaile hori zabaltzeko ematen diren jarraibideak, funtsean, modu oldarkorrean gidatzea saihesteari zuzenduta daude. Horretarako, abiadura ahalik eta uniformeena izaten saiatu behar da, bat-bateko galgatzea zein azeleratzea ez da komeni egitea eta beharrezkoak ez diren martxa aldaketak ez egitea gomendatzen da. Halaber, garrantzi handikoa da, ahal dela, martxarik luzeenarekin ibiltzea. Adibide gisa, automobila abiarazteko lehen martxa erabili behar da, eta berehala bigarrenera pasa; 30 km/h-ko abiadura hartzen denean, berriz, hirugarrena sartu behar da. Jarraian, 40 km/h-ko abiadura hartu bezain laster, laugarrenean joatea komeni da, eta 50 km/h-ko abiadura heltzean bosgarrena sartzea. Bi ikastaro horiek ekainaren 2an eta 3an egingo dira.


Bioterra 2012
Bioterra 2012 azokan, Gipuzkoako Irun herrian dagoen Ficoba erakustazokan urtero egiten dena, produktu ekologikoak, bioeraikuntza, energia berriztagarriak eta kontsumo arduratsua dira gai nagusiak. Guztira, 115 erakusketari izango dira aurten, eta bertan eraginkortasun handiko teknologiak eta ondasunak erabiltzeko interesatuta dauden profesionalentzat eta erabiltzaileentzat eskaintza oparoa izango da, normalean erabiltzen diren tresna konbentzionalen inpaktuak murrizten dituzten teknologiak eta ondasunak, hain zuzen ere. Asteburu honetarako prestatu den egitarauan zenbait ekintza eta ekitaldi daude; esate baterako, erakusketak, hitzaldiak, mahai inguruak, proiekzioak, tailerrak eta era askotako ikastaroak.  

Garraioa Euskadin
Euskadin kontsumitzen den energia guztiaren %33 garraio arloari dagokio. Era berean, Euskadin kontsumitzen den petrolioaren eratorri ia guztiak alor horretan gertatzen da. Hori dela eta, 2020. urteari begira diseinatutako Euskadiko Energia Estrategiaren helburu nagusienetako bat da pertsonak eta salgaiak mugitzeko erabiltzen diren energia iturriak dibertsifikatzea. Horretarako, beste ekintza eta jarduera batzuen artean, mugikortasun elektrikoaren erabilera eta zabalkundea sustatuko da, ibilgailu elektrikoez eta beste motorizazio alternatibo batzuen bitartez, landare-jatorria duten bioerregaien erabilera areagotzea ekarriko dutenak.

Aipatutako estrategian garraioari dagokion helburua da 2030. urtean energia alternatiboen erabilera-kuota %40 izatea.