EEE Energiaren Euskal Erakundeak parte hartuko Fosminer azokaren 35. edizioan, gure inguruan dauden mineral eta harri garrantzitsu eta ohikoenen ezagutza zabaltzeko xedez. Hala, karbonatoak, kareharriak eta kuartzoa, besteak beste, erakusgai izango dira. Horiekin batera, azken urte hauetan EEEk bertako mea baliabideak aztertu eta ustiatzeari begira garatu dituen lanak ere erakutsiko dira azokan.

Fosminer azokan bost kontinenteetako 60 erakusketari baino gehiago bilduko dira, saltzeko zein trukatzeko mineral eta erdi-harribitxi asko eta askotarikoak erakutsiko dituzten profesionalak; betiere, mineralogia eta paleontologiaren ezagutza zabaldu nahian.
 
Eusko Jaurlaritzak azokan parte hartzearen arrazoia nagusia, haren energia agentzia den Energiaren Euskal Erakundearen bidez, Euskadin diren mea baliabideen ezagutza zabaltzea da. Hain zuzen ere, baliabide horiek ekoizpen prozesu ugarietan erabiltzen dira, eta prozesu horietatik eguneroko bizitzan darabiltzagun material asko lortzen dira, adibidez, erakuntzarako materialak, pintura plastikoetarako gehigarri gisa erabiltzen diren kaltzio karbonatoak, sendagaietarako materialak, eta abar. Bertako baliabide horiek aprobetxatzea garrantzitsua da; izan ere, aprobetxamendu horri esker murrizten da horrelako materialen inportazioa, enpresen lehiakortasuna hobetzea dakarrena, eta, aldi berean, lehengaiak garraiatzeko behar den energiaren kontsumoa gutxitzen laguntzen duena.
 
Mineral eta harriak erakustearekin batera, baliabideen inguruko datu-baseen prestaketa lanak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Mapa Geologikoa ere erakutsiko ditu EEEk. Mapa horrek Euskadiko geologia osoa zehetasunez eta zenbait eskalatan deskribatzeaz gain, datu-base geologikoak, ur-puntei buruzko informazioa eta bestelako datuak ere ematen ditu.