Egitasmoak finantzatzea xedea duen Europarentzako Energia Adimenduna programak 45 milioi euroko aurrekontua du
· Enpresek ekainaren 26a arte aurkeztu ahal izan dituzte egitasmoak finantzatzeko, Europar Batzordean.
· EEE/EVEk gidatzen dituen egitasmoek kostu aukeragarriaren %50 inguruko diru-laguntzak jaso dituzte.
· EBk 64 milioi euro eman zituen 2007an proiektuak finantzatzeko.
Europar Batasunaren Europarentzako Energia Adimenduna deritzon programaren 2008ko deialdia aurkeztu du Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE). Programak, guztira, 45 milioi euroko aurrekontua du eta enpresen lehiakortasuna, energia-eraginkortasuna eta energia-garapen iraunkorra laguntzeko diren erakundeen eta enpresen egitasmoak finantzatzea du helburu. EEE/EVEk EIE programari lotutako bost egitasmo zuzentzen ditu, nazioarteko beste eragile batzuekin batera aurrera daraman lankidetzaren barruan, euskal energia-sistema garatzeari begira.
Energia alorreko enpresa eta profesionalentzat izandako Europarentzako Energia Adimenduna (EIE) programaren 2008ko deialdiaren aurkezpena arrakastatsua izan da; izan ere, 50 enpresako baino gehiagoko ordezkariak izan dira aurkezpenean, eta EIE programak ematen dituen diru-laguntzak eskuratu ahal izateko eman beharreko pausoez informazioa jaso dute. Europako diru-laguntza eskuratzea ahalbidetzen duen programaren hirugarren deialdi honen berri emateko eta aurkezteko, Virginia Vivanco IDAEko ordezkaria, Eduardo Román Tecnaliako Energia Ataleko teknikaria eta José Ramón López EEE/EVEko Nazioarteko Saileko teknikaria izan dira. Jardunaldiaren aurkezpena Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi José Ignacio Hormaechek egin du.
EIE programak proiektuak finantzatzeko duen ahalbidea edo ematen duen aukera hobeto ulertzeko, jadanik amaitutako 2007ko deialdiaren emaitzak aurkeztu dira. Hain zuzen ere, Europako 31 herrialdetako 3.200 erakundek baino gehiagok parte hartu zuten eta 64 milioi euro eman zituen EBk diru-laguntzetan iazko deialdian.
Europar Batzordearen lehentasunezko programen artean dago Europarentzako Energia Adimenduna, oztopo ez teknologikoak gainditzeko eta hartara, energiaren alorrean garapen iraunkorra sustatzeko asmoz. Azken batean, epe luzean hazkunde ekonomikoa bultzatzeko, industria ehunaren energia-eraginkortasuna hobetzeko eta enplegua sortzeko, Europar Batasuna egiten ari den ahaleginaren ildotik doa programa. Horretarako, lehiakortasuna eta berrikuntza sustatzeko esparru programak EBren barruan dagoen ahalbide edo potentzial berritzailea bultzatu nahi du hiru programa zehatzen bidez. Hiru programa horietako bat, hain zuzen ere, Europarentzako Energia Adimenduna da.
Aipatutako programan zenbait jarduera edo ekintza egiten dira, programan ezarritako helburuak garatzeari begira:
· Save: energia eraginkortasuna eta energia baliabideen zentzuzko erabilera bultzatu nahi ditu.
· Altener: energia iturri berriak eta berriztagarriak sustatzearekin batera, energia dibertsifikazioa bultzatzea du helburu.
· Steer: garraioaren alorrean energia eraginkortasuna eta energia iturri berriztagarrien erabilera sustatzeari begirako jarduerak garatzea du helburu.
Europarentzako Energia Adimenduna programak dituen hiru jarduera-esparru horien barruan, finantzaketa edo diru-laguntza eskura dezaketen sustapen edo zabalkunde egitasmoak hauexek dira:
· Aldian-aldian energiaren alorreko joeren eta merkatuaren bilakaeraren azterketan oinarritzen diren azterlan estrategikoak, etorkizunean legeriari lotutako erabakiak edo neurriak hartu ahal izateko, edo gaur egungo legeria aztertzeko.
· Energia sistema iraunkorrak garatzeko asmoz, lanabes eta egiturak sortu, handitu edo zabaldu eta berrantolatzea helburua duten egitasmoak. Horien barruan sartzen dira eskualde eta toki mailako energia kudeaketari lotutakoak; baita finantza produktu egokiak eta merkataritza lanabesak eratzekoak direnak ere.
· Energia iraunkorra lortzen laguntzen duten sistema eta ekipoen sustapena, merkatuan sarbidea lehenbailehen izateko eta inbertsioak bultzatzeko, eta era horretan, eraginkorragoak diren teknologien erakustaldiaren eta merkaturatzearen arteko aldia edo trantsizioa erraztea. Horiekin batera, sentiberatze kanpainak eta erakundeen ahalmena eratzeari lotutako egitasmoak.
· Informazio, hezkuntza eta prestakuntza egituren garapena, emaitzen erabilera, kontsumitzaileen artean praktika hobeak eta ezagutza teknikoa zabaltzeko eta bultzatzeko egitasmoak, jardueren eta egitasmoen emaitzen berri emateko ekintzak eta sare operatiboen bidez, EBko estatu kideen arteko lankidetza sustatzen duten egitasmoak.
· EBk lege alorrean hartutako erabaki edo neurrien eragina eta betetzea aztertzeko egitasmoak.
Europarentzako Energia Adimenduna programaren 2008ko deialdiak 45 milioi euroko aurrekontua du, eta diru-laguntzak jasotzeko proiektuak edo proposamenak 2008ko ekainaren 26a arte aurkeztu ahal izango dira. Guztizko kostu aukeragarriaren %75eraino hel daiteke diru-laguntza edo finantzaketa.
EEE/EVEren parte-hartzea EEA Programan
Energiaren Euskal Erakundea (EEE/EVE) zenbait egitasmotan ari da parte hatzen EEA Programaren barruan. Europako Batzordeak kofinantzatzen dituen egitasmo horiek aurrera eramateko, 800.000 euroko aurrekontua du EEE/EVEk. Finantzaketa ezari, dauden teknologiak ez ezagutzeari edo energia erabiltzean praktika desegokiak izateari lotutako oztopoak gainditzea xedea duten honako egitasmo hauetan dihardu EEE/EVEk:
· PURE egitasmoa; eguzki-panel fotovoltaikoak eraikinetan integratzea helburu duena; potentzial handia duten herrialdeetan, batez ere. Horretaz gain, fotovoltaikoaren alorrean praktika onak eta integrazio arkitektonikoa ere sustatzen ditu.
· ENERinTOWN egitasmoa; datuen igorpena Internet bidez eginez, udal eraikin publikoen energia kontsumoak monitorizatzea helburua duena. Monitorizazioari esker antzematen den gehiegizko energia kontsumoa saihesten da, eta aplikazio erraza duten neurri batzuk ezarriz gero, energiaren % 5 aurreztea lor daiteke.
· MOVE egitasmoa; mugikortasunaren inguruko jarduerak eta teknologia zabalkundea garatzeko, nazioarteko klusterraren eraketa sustatzea helburu duena, mugikortasun unitateak antolatuz eta enpresa publikoren batean mugikortasuna hobetzeko egitasmoak garatuz. Hain zuzen ere, gaur egun, Energiaren Euskal Erakundean, mugikortasuna hobetzeari begira, garatzen ari den egitasmoa.
· SOLAIR egitasmoa; etxebizitza alorrean tamaina txiki eta ertaineko eguzki-klimatizazio sistemak jartzea edo sartzea helburu duena. Horretarako, eskuragarri dauden teknologien aplikazioa eta zabalkundea sustatzearekin batera, administrazioen laguntza eskuratzeko bideak aztertzen dihardu.
· WAVEPLAM egitasmoa; gaur egun negoziatzen ari den egitasmo honek EEA programaren diru-laguntza jasotako lehena da, eta merkatuan energia iturri ozeanikoen sarrera azkartzeko baldintzak sortzea du helburu.
Azken batean, EEE/EVEk egitasmo horietan guztietan parte hartuz, beste eragile batzuekin batera, lagundu nahi du Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategian energia eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarrien garapena sustatzeko ezarritako helburuak lortzen. Hala, egitasmo guztien bidez, EEA programan daudenak barne, 2010. urteari begira, Euskadin behar izango dugun energiaren % 12 energia berriztagarrietatik eskuratzea eta energiaren %15 aurreztea lor dezakegu.