2008ko EEE/EVE-IDAE hitzarmenak aurreikusitako jardueren barruan Etxetresna Elektrikoen Renove Planak 3,2 milioi euroko aurrekontua du eta Leihoenak 876.000 eurokoa

· Diru-laguntzak 85 eta 105 euro artekoak dira, ordezkatutako tresnaren arabera.

· 32.000 etxetresna elektriko ordezkatuko dira guztira, eta horien ordez A energia-kalifikazioa edo goragoa dutenak erabiliko dira.

· Ordezkatutako tresna jasotzeko agiria eskatuko da, behar bezala birziklatzeko.

· 2 urtean, Renove Planari esker, 118.000 etxetresna elektriko baino gehiago ordezkatu dira. Era horretan, urtean 32 milioi kWh aurreztu ziren eta 12.000 tona CO2 aireratzea saihestu zen.

· Leihoak aldatzeak 200 euroraino aurreztea ekar dezake urtean, berokuntzan.

Bilbo, 2008ko azaroaren 3a – Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE), berriz ere, Etxetresna Elektrikoen Renove Plana abian jarri du, energia-eraginkortasun txikiko tresnen ordez A kalifikazioa edo goragoa dutenak sustatzeko. Aldi berean, etxebizitzetan leihoak ordezkatzeko beste renove berritzaile bat bultzatu da. Bi egitasmo edo programa horiek 2008ko EEE/EVE-IDAE hitzarmenaren barruan daude. Hain zuzen ere, ekainean aurkeztutako EEE/EVE-IDAE hitzarmenaren helburu nagusia da energiaren kontsumoa gutxitzea Euskadin. Hitzarmenak 19,6 milioi euroko aurrekontua du, eta zenbait jarduera edo ekintza aurreikusten ditu alor guztietan; batez ere, industria, etxebizitza eta garraioan.


2005. urtean sinatu zuten Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) eta IDAEk lehen hitzarmena; harez geroztik, bi Etxetresna Elektrikoen Renove Plan gauzatu dira Euskadin. Plan horien bidez 118.000 tresna baino gehiago ordezkatu dira. Hala, eskuratutako etxetresna elektriko eraginkorragoei esker 32.000.000 kWh aurreztu dira urtean. Energia-kontsumoan izandako murrizketa horrek lagundu egin du CO2-aren emisioak gutxitzen, etxetresna elektrikoen erabileraren ondorioz; izan ere, Euskadin, urtean 12.000 tona CO2 aireratzea saihestu dira. Hori guztia lortzeko, 8 milioi euro baino gehiago eman dira diru-laguntzetan orain arte. Euskal Autonomia Erkidego osoan etxetresna elektriko eraginkorragoak sustatzeko eta saltzeko, 554 dendak parte hartu dute.

2008ko Etxetresna Elektrikoen Renove Plana aurreko planen ildo bertsutik doa, eta 3.200.000 euroko aurrekontua du. Diru horren bidez, energia-eraginkortasun txikia duten hozkailu, garbigailu, ontzi-garbigailu eta izozkailuen ordezkapena sustatu nahi da. Horretarako, eraginkortasun handikoak eta kontsumo txikikoak diren etxetresna elektrikoak, A energia-kalifikazioa edo goragoak, adibidez, erosteko diru-laguntzak emango dira. Etxetresna elektriko bakoitzari dagokion diru-laguntza ondoko taulan azaltzen da: 
 

A energia-kalifikazioa edo goragoa duten ekipoen gainkostua arinduko da diru-laguntza horiei esker. Prezioa gorabehera, etxetresna elektriko eraginkorren energia- eta ur-kontsumo txikiagoari erreparatu behar zaio; izan ere, etxebizitzek duten energia-faktura nabarmen gutxitzen dute eta 4 urtean, gutxi gorabehera, amortizatzen dira ekipo horiek. Ildo horretatik, A energia-kalifikazioa edo goragoa duen ekipo bakoitzak urtean 35 euroko aurrezkia dakar, batez beste. Gainera, horrelako tresnen bizitza erabilgarria luzeagoa da, osagaiak kalitate handiagokoak baitira.


Ordezkapen prozesu kontrolatua

Aipatutako diru-laguntzak jaso ahal izateko prozesua oso erraza edo sinplea da; izan ere, erabiltzaileak etxetresna elektriko zaharra ordezkatzeko borondatea baino ez du izan behar. Horretarako, Etxetresna Elektrikoen Renove Planarekin bat egindako denda batera jo beharra dago, kanpainaren irudiari esker erraz nabarmentzen dira dendak, eta eraginkortasun handiko tresnaren bat aukeratzea besterik ez dago. Dendak berak aplikatzen du zuzenean deskontua azken preziotik eta EEE/EVErekin batera, dokumentazioaren izapidetzez edo tramitazioaz ere arduratzen da.

Erositako tresna berria dendak jarriko du eroslearen etxean eta zaharra jasotzeaz arduratuko da. Hala, ordezkatutako etxetresna elektrikoa baimendutako kudeatzaile bati edo kudeatzeko sistema integratu bati (SGI) emango dio dendariak, eta tresna haien esku utzi duen egiaztatzen duen agiria jasoko du. Hain zuzen ere, EEE/EVEk agiri hori eskatuko dio dendariari, tresna saltzean ezarritako deskontuaren dirua ordaindu aurretik. Agiri hori eskuratzea beharrezkoa eta ezinbestekoa izango da EEE/EVErekin lankidetzan jarduteko.

Leihoen Renove Plana

2008an, etxebizitzetan energia aurrezteko abiarazitako ekimen berritzaileen artean, aipatzekoa da Leihoen Renove Plana. Isolamendu txikia duten leihoen ordezkapena sustatzea du helburu Leihoen Renove Planak. Leiho berrien itxitura isolatzaile egokiei esker lortzen da energia-kontsumoa gutxitzea berokuntzan. Horrekin batera, leiho berriek beiraki bikoitza eta zubi termikoaren haustura izan behar dituzte, kanpotik behar bezala isolatuta daudela bermatze aldera.

Egindako azterlanen arabera, leihoen ordezkapenak 1.400 kWh aurreztea ekar dezake urtean, batez beste, edo beste modu batera esanda, berokuntzaren energia-faktura 150 eta 200 euro artean gutxitzea urtean. Gainera, energiaren aurrezpen horrek CO2-aren emisioen murriztean eragiten du, urtean 800 kg inguru. Emango diren diru-laguntzak 1.650 euroraino hel daitezke etxebizitzako, eta eskabideak EEE/EVEk bideratuko ditu zuzenean.

EEE/EVEk Euskadin energia-kontsumoa gutxitzeari begira aurrera eramaten dituen jardueretako batzuk dira aipatutako ekimen horiek. Hala, 2010. urterako Euskal Energia Estrategian ezarritako helburuen arabera, guztira, urtean 975.000 tpb (tona petrolio baliokide) aurreztuko dira. Helburu hori lortzeko hainbat ekintza edo jarduera garatzen ari dira alor askotan; adibidez, industrian, garraioan, etxebizitzetan eta hirugarren sektorean.