Eraikin publikoetan energia-kontsumoaren %20 gutxitzea ekar dezakeen egitasmo berritzailea arrakastaz osatu eta burutu da
· Agurain, Bakio, Bergara eta Derio aitzindariak izan dira energia-monitorizazio sistemak jartzen.
· Energia aurrezteko hartu diren neurriek inbertsio-kostu txikia eta erabiltzaileak kontzientziatzea eskatzen dituzte.
· Udalekin sinatutako hitzarmenei esker, EAEko 132 udalerritan ari da lanean EEE/EVE.
Bilbon, 2008ko maiatzaren 21ean – Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburu Ana Agirre buru zela, udal eraikinetan energia-kontsumoa gutxitzeaz Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) antolatutako jardunaldia inauguratu da. Jardunaldian, besteak beste, udal eraikinetan energia aurrezteko neurri berritzaileak hartzeko interesatuta dauden Euskadiko zenbait udaletako ordezkari ugari izan dira.
Euskalduna jauregian egindako jardunaldian EnerinTown deritzon proiektuaren emaitzak aurkeztu dira. Egitasmo honetan EEE/EVEk parte hartzen du Europako beste herrialde batzuekin batera, eta hainbat udalerritako eraikinetan hartutako neurri ezberdinei esker, emaitza ezin hobeak lortu dira energia aurrezteari begira. Jardunaldiaren irekieran sailburuak zuzentzen duen sailak tokiko administrazioekin duen lankidetza areagotzeko eta lehentasunezko harremanak izateko interesa adierazi du, energia aurrezteko baliogarriak eta fidagarritasun handia duten tresnak emateko, eta hartara 2010. urterako Euskal Energia Estrategian zehazten diren helburuak betetzen laguntzeko.
Erakutsitako emaitzak Euskadin egindako programei dagozkie, Agurain, Bakio, Bergara eta Derio udalerrietan burututakoak. Horiekin batera, Portugal, Frantzia, Lituania, Grezia, Irlanda eta Italiako udalerri batzuetan ere gauzatu dira horrelako ekimenak. Ekimenotan jarraitu beharreko prozedura honetan zetzan: gas naturalaren eta energia elektrikoaren kontsumoa etengabe monitorizatzeko sistema bat instalatzean. Etengabeko monitorizazioa egiteko sistema hauek 12 udal eraikinetan jarri ziren, era honetan banatuak:
Kontagailu digital batzuei esker lortutako informazioa Internet bidez bidaltzen zen zentralizatutako zerbitzari bateraino, non behin 12 eraikinetako informazioa jaso ondoren, sofware berritzaile baten bitartez analizatuta, udaletxe bakoitzera alarma automatikoak bidaltzeko aukera ematen zuen. Era horretan, irakurketa automatiko horietan oinarrituz, energia aurrezteko neurriak hartu ahal izan dira, informazioa analizatu ondoren.
Neurri horiek guztiek energia-kontsumoa gutxitzea dute helburu, beti ere edozein eraikinetan aplikatzeko baliagarriak izateko betebeharrarekin edo premisarekin. Laburtuta, hartutako neurriak hauexek izan dira:
- OHITURAK:
a. Parte hartutako eraikinen energia elektrikoaren kontsumoari buruzko ohituren kontrola, aste batez energia elektrikoa kontrolatzeko jardunaldi dibulgatiboen bidez.
b. Etengailu ugari dituzten geletan hauek eragiten duten guneen identifikazioa.
- FAKTURAZIOA:
c. Faktura elektrikoen analisia.
- BEROKUNTZA:
d. Gelak berotzeko behar den gutxieneko ordutegiaren ezarpena.
e. Geletan erosotasuna izateko behar den gutxieneko tenperaturaren ezarpena.
f. Erregulazio eta kontrol ekipoen ezarpena.
g. Eraikin bakoitzerako beharrezkoa diren beste tresna batzuen ezarpena.
- ARGIZTAPENA:
h. Gela bakoitzeko argiztapen beharrak asetzeko eta ezaugarriak kontuan hartuta, eraginkorragoak diren bonbillen eta argiztapen sistemen ezarpena.
i. Kontrol ekipoen ezarpena.
j. Eraikin bakoitzerako beharrezkoa diren beste tresna batzuen ezarpena.
Aipatzekoa da udalerri guztietan egin diren jardunaldi dibulgatiboetan izandako ekintzak. Jarduera edo ekintza horiei esker, eraikinen erabiltzaileen kontsumo-ohiturak aldaraziz eta berriz heziz, energia elektrikoaren kontsumoa gutxitzearen garrantzia nabarmendu nahi izan da. Hala, udal eraikinetan energia aurrezteko, hitzaldi hezigarriekin batera, ordenagailuetan, inprimagailuetan eta, oro har, energia elektrikoa kontsumitzen duten tresnetan jartzeko materiala eman da, udal eraikinak erabiltzen dituzten herritarren parte hartze zuzena lortzeko xedez. Kostu txikia duten ekintza horiek gainditu egin dute ezarritako helburua aurrezkiari zegokionez; izan ere, kontsumoa %5 gutxitu beharrean, %8 eta %34 artean gutxitu zen. Hori horrela, batez besteko energia-aurrezpena %21 izan zen. Azken hamar asteetan izandako batez besteko kontsumoak kontuan hartuta atera zen emaitza hori.
Azken batean, udal eraikinetan energia-kontsumoa kontrolatzeko eta, ahal dela, gutxitzeko, energia baliabideak hobetzeko eta instalazioak hobeto kudeatzeko asmoz, udalen eskura lanabesak jartzea izan da egitasmo honen helburua.
Erakundeen arteko lankidetza
Energiaren Euskal Erakundeak zenbait udalekin izandako harremanek, lankidetza-hitzarmenak sinatzea ekarri duten harremanek, hain zuzen ere, nabarmendu dute energiari lotutako gabezia edo hutsune bat edo beste udalen aldetik. Izan ere, energia-kontsumoen inguruko informazio gabeziaz gain, energia-kudeatzaileen berariazko prestakuntza urria dela egiaztatu da.
Udalerrietan energia egoera hobetzeko eta udalen eskura energia-kontsumoa kudeatzeko baliabide gehiago eta egokiagoak jartzeko xedez, Energiaren Euskal Erakundea era askotako lankidetza-hitzarmenak sinatzen ari da udalekin, euren jabetzako instalazioen energia-azterketak egiteko. Energia-azterketa horien argitan, energia-eraginkortasuna hobetzeko eta energia aurrezteko neurriak ezartzeko aukera dute. Horrekin batera, energia-iturri berriztagarriak jartzeko parada dago.
Hain zuzen ere, energiaren kontsumoa murriztea da 2010eko Euskal Energia Estrategiaren helburu nagusienetakoa, energia modu egokiagoan eta zentzuz erabiliz eta horniduran energia-iturri eraginkor eta berriztagarrien parte hartzea handituz. Helburu hori lortzeko, beste eragile batzuekiko elkarlana ezinbestekoa da, batez ere udalekiko lankidetza. Horretaz jabetuta, udalekiko harremanak eta lankidetza lehentasunezkoak dira Eusko Jaurlaritzarentzat zein EEE/EVErentzat.
3E-2010ean ezarritako helburuak gauzatzeko ardura duen energia agentzia den aldetik, EEE/EVEk udalekin dituen lankidetza eta harremanak oso lagungarriak dira helburu horiek lortzeko bidean, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak izateaz batera, hobetzeko tarte handia duten energia-kontsumitzaileak baitira. Horiek horrela, udalekin lankidetza-hitzarmena berri ugari sinatzea espero da datozen hilabetetan. Hori guztia aurrera eramateko, 1.700 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusita dago, Euskadin 975.000 tpb aurreztea eta energia-horniduran iturri berriztagarrien partaidetza %12 izatea ekarriko dituzten inbertsioak.