Berrikuntzak 2023ko uztailaren 10ean jarriko dira indarrean, www.eve.eus helbidean
- Programaren bigarren handitzea da, 8.840.147,08 € gehiagorekin, ibilgailu elektrikoak eta karga-instalazioak erostea sustatzeko laguntza-programaren inbertsioa 41,7 milioi eurora arte igoz.
Ibilgailu elektrikoak erostea eta kargatzeko puntuak instalatzea sustatzeko MOVES III laguntzek 8.840.147,08 euroko zuzkidura gehigarria dute ekainaren 10etik aurrera. Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programara bideratutako baliabide ekonomikoak 41.776.421,06 € dira guztira. Programa horren barruan, ibilgailu elektrikoak erostea sustatzeko lehen pizgarrien atala 22.522.261,11€ izango litzateke, eta bigarren pizgarrien programa, berriz, kargatzeko azpiegitura hedatzen laguntzeko, 19.254.159,95 €-ko partida izango litzateke guztira.
Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren ebazpena gaur argitaratu da eta datorren astelehenean, uztailaren 10ean, jarriko da indarrean. Horrela, Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan duela bi urte abian jarritako programaren bigarren hedapena gertatu da. Iñigo Ansolaren arabera, laguntza-lerro hori mugikortasun-eredua aldatzeko giltzarrietako bat da.
EEEk ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-printzipioetan oinarritutako mugikortasun-eredu baterantz aurrera egiteko konpromisoari eusten dio. Gero eta nabarmenagoa da energia berriztagarrietan oinarritutako ibilgailuekiko joera-aldaketa, ibilgailu "alternatiboen" (hibridoak, elektrikoak eta gasa) salmentak gora egiten jarraitzen baitu. Era berean, mugikortasun elektrikoaren euskal estrategia berriak eragin handia du balio erantsian, enpleguan, enpresa-lehiakortasunean eta berrikuntzan.
Baita erakustaldiko ibilgailuak eta erdiberriak ere
Datorren astelehenean sartuko dira indarrean, halaber, maiatzaren 29ko 406/2023 Errege Dekretuan aurreikusitako hobekuntzak. Errege Dekretu horrek eragin positiboa du MOVES III programaren onuradunengan, onuradun-tipologiaren araberako gehieneko ibilgailu-kopuruaren mugak handitu direlako eta diruz lagun daitekeen ibilgailu-mota berri bat sartu delako (ibilgailu erdiberriak). Ibilgailu elektrikoak eta erregai-pilakoak dira, M1, N1, L3e, L4e eta L5e kategorietakoak, eta hamabi hilabete arteko antzinatasuna dutenak. Fabrikatzaileak berak edo renting-enpresa batek edo rent motako enpresak izan beharko dute horien titulartasuna.