- Euskadin, Moves programak 4,5 milioi euroko aurrekontua du eta eskaerak egin ahal izango dira urriaren 20tik aurrera helbide honetan: www.eve.eus
- Energia alternatiboez elikatutako ibilgailuez gain, bizikleta elektrikoen mailegu zerbitzuak, lan alorreko mugikortasun iraunkorraren aldeko neurriak eta elektrizitatea kargatzeko guneen eraikuntza ere diruz lagunduko dira.
Mugikortasun efizientearen eta iraunkorraren aldeko neurriak sustatzea helburu duen MOVES programaren laguntzak datorren urriaren 20an sartuko dira indarrean eta Euskadin Energiaren Euskal Erakundeak kudeatuko ditu laguntza horiek. 4,5 M€ko aurrekontua duen programaren bidez, honako hauek lagunduko dira diruz: energia alternatiboez elikatutako ibilgailuak (ez gasolina edo gasolioa), elektrizitatea kargatzeko guneen instalazioak, bizikletak mailegatzeko sistemen inplementazioa eta lantokietarako mugikortasun iraunkorraren aldeko neurriak.
Gaur Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitara eman ondoren, MOVES programaren laguntzez baliatzeko eskaerak urriaren 20tik aurrera egin ahal izango dira www.eve.eus webgunearen bitartez eta urtebete izango da indarrean, gaurtik kontatzen hasita. Gainera, atzeraeraginez erabili ahalko da partikularren aldetik, ekainaren 17tik erositako ibilgailuen kasuan. Programaren dirulaguntzak ez dira bateragarriak helburu bera duten beste programa batzuenekin.
Euskadin bideratuko den diru kopurua 4,5 milioi eurokoa da, eta dirulaguntza jaso dezaketen 4 jarduerak honako hauek dira:
- Energia alternatiboez elikatutako ibilgailuen erosketa: 2 M€.
- Ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneen ezarpena: 1,8 M€
- Bizikletak mailegatzeko sistemen inplementazioa: 226.200€
- Lantokietarako mugikortasun iraunkorraren aldeko neurriak: 452.400€
Euskadin, Energiaren Euskal Erakundeak kudeatuko ditu dirulaguntza horiek, eta IDAE Instituto para Diversificación y Ahorro de Energíaren funtsak ditu.
Energia alternatiboen bidezko ibilgailuak
MOVES programari esker, honako energia hauek erabiltzen dituzten ibilgailuak lagunduko dira diruz: gas naturala edo GLP (autogasa), energia elektrikoa modalitate ezberdinetan eta hidrogenoa. Lagunduko den diru kantitatea desberdina izango da ibilgailuaren energiaren eta eskatzailearen arabera; izan ere, dirulaguntza eskatzeko aukera izango dute eskatzaile partikularrek, autonomoek, erakunde publikoek, ETEek eta enpresa handiek.
GLP eta gas naturalaren kasuan (GNC edo GNL), diruz lagunduko diren ibilgailuak N2 eta N3 kategoriako furgonetak dira, eta eskatzaileak partikularrak, autonomoak edo erakunde publikoak badira, jaso dezaketen dirulaguntza hauxe izango da: 3.600€, N2 kategoriako furgonetari dagokionez eta 13.500€ N3 kategoriakoari dagokionez. Ibilgailu zaharra txatar bihurtzea ez da ezinbesteko baldintza izango.
Ibilgailu elektrikoak, berriz, era guztietako modalitateak (bateria bidezko elektrikoak, hibrido entxufagarriak, hidrogenozko erregai pila, etab.) lagunduko dira diruz, eta izan daitezke turismoak, furgonetak edo motorrak (ziklomotorrak, motozikletak eta kuatrizikloak), motorizazio espezifikoak. Dirulaguntzak ezberdinak izango dira, hala nola 750 euro motozikleta elektrikoa erosteko partikular baten aldetik, edo 8.000 euro N2 kategoriako furgoneta elektrikoa erosteko. Txatar bihurtzea ez da ezinbesteko baldintza izango kasu honetan ere; hala ere, txatar bihurtuz gero, eskatzaileak dirulaguntza handiagoa jasotzeko aukera izango du. Kasu horretan, partikular batek erosten duen turismo elektriko hutsagatik 5.500 euroko dirulaguntza jasoko du.
Ibilgailuaren eroslea mugikortasun urritua duen desgaitu bat bada, eta ibilgailua egokitu behar bada, dirulaguntzaren kantitatea 750 euro areagotuko da.
Atal honetan emango den diru kantitatea, orotara, 2.035.800,45 eurokoa da.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegituren ezarpena
Diruz lagunduko dira kudeaketa publikoa zein pribatua duten ibilgailu elektrikoentzako baterien karga-sistemen instalazioak; baita ibilgailuak kargatzeko aurreinstalazio elektrikoa jabeen elkarteetan ere.
Dirulaguntza hori kostu lagungarriaren % 30 izango da pertsona juridikoen kasuan eta % 40, ordea, fisikoei, jabeen elkarteei eta erakunde publikoei dagokionez. Dirulaguntzaren gehieneko kopurua 100.000 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.
Atal honetan emango den diru kantitatea, orotara, 1.809.600,40 eurokoa da.
Bizikleta elektrikoak mailegatzeko sistemen ezarpena
Bizikleta elektrikoak mailegatzeko sistemak abiaraziko dituzten erakundeek edo udalek aukera izango dute dirulaguntza hauetaz baliatzeko. Dirulaguntza kostu lagungarriaren % 30 izango da eta eskatzaileko muga 100.000 eurokoa izango da. Diruz lagunduko dira honako hauek: proiektuaren fasea eta obra zibila, ainguraketak eta sistemaren oinarriak, bizikleten erosketa eta mailegua kudeatzeko beharko den sistema informatikoaren gastuak.
Atal honetan emango den diru kantitatea, orotara, 226.200,05 eurokoa da.
Lantokietarako mugikortasun iraunkorraren aldeko neurrien ezarpena
Lantokietan edo lan jardueretan mugikortasun iraunkorra hobetzeko neurrien ezarpena lagunduko da, horrelakoetan ibiltzen diren langileen, bezeroen eta gainerako erabiltzaileen aldetik; laguntzen barruan sartzen dira haien joan-etorriak oinez edo bizikletaz egiteko (aparkalekuak egiteko inbertsioak, aldagelak jartzeko, etab.), autobus lanzaderen inplementazioa, garraio publikoaren sustapena edo autoak partekatzeko sistemen ezarpena.
Atal honetan emango den diru kantitatea, orotara, 452.400,10 eurokoa da.
Ikus oinarri orokorrak eta eskaerak bideratu