Udal bakoitzak 300.000 euroraino eskura ditzake


•    Zenbait alorretan hobekuntzak eta azterketak egiteko aurreikusten da diru laguntzak ematea; adibidez, argiteria publikoan eta zirkulazioko argi seinaletan, udal eraikinetan, ekintza planetan eta azterlanetan.

•    Diru laguntzak jaso ahal izateko, udalek 15.000 eta 100.000 euro arteko inbertsioak egin beharko dituzte.

•    Alkateen Ituna egitasmoaren barruan dauden ekintza planak egiteko diru laguntza lerro berezia eratu da.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bitartez, Euskadiko udalekin lankidetzan eta elkarlanean, neurri sorta bat abiarazi dute hainbat proiektu garatzeko, energiaren aurrezpen nabarmena lortzeari begira. Horretarako, udalei zuzendutako berariazko diru laguntzen programa eratu du. 3.000.000 euroko aurrekontua duen programaren bidez, eraginkorrenak diren energia egitasmoen kostuaren %41, batez beste, finantzatuko da.  


Udalerrietako energia egoera hobetzeko xedez, Energiaren Euskal Erakundea euskal udalekin eta EUDELekin garatzen ari den lankidetza jarduna areagotu egingo da diru laguntzen programa horri esker. Izan ere, energia ugari aurreztea ekarriko duten udalen zenbait egitasmo gauzatu ahal izango dira.

Egitasmoak aurrera eramateko udalei emango zaizkien diru laguntzak itzuli beharrik gabekoak dira, eta udal bati emango zaion gehieneko diru laguntza 300.000 eurokoa da. Egitasmo bakoitzak jaso dezakeen batez besteko diru laguntza kostu hautagarri osoaren %41 da. Hain zuzen ere, kostu hori da, funtsean, energia kontsumoa aurrezteko baliagarria dena. Nolanahi ere, ehuneko hori alda daiteke egitasmoen arabera.  

Energia kontsumitzen duten alor askotako jarduera edo neurriak finantzatu nahi dira diru laguntzen programa horren bitartez, hala nola kanpo-argiteria publikoan energia elektrikoaren kontsumoa gutxitzea ekarriko dutenak. Horretaz gain, jarduera horien definizioan eta garapenean energia bikaintasun irizpideak kontuan hartuta gauzatuko dira. Era berean, programa honen diru laguntzaz balia daitezke semaforoen ekipo optiko konbentzionalen berritzeak edo bestelako argi seinaleztapenenak, LED teknologia erabiltzen dutenak jartzeari begira.

Diru laguntza jaso dezakeen beste alor bat eraikuntza da. Hala, eraikinen energia eraginkortasuna hobetzeko neurri edo jarduera ugari garatu daitezke: eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeari zuzendutakoak, berokuntza, hozte edota ur bero sanitarioa ekoizteko instalazioak hobetzeari begirakoak, barne-argiztapena hobetzearen ingurukoak eta baterako eta hiruko sorkuntza instalazioetan hobekuntzak egiteko proiektuak. Diru laguntzak eskuratu ahal izateko, udalek gutxieneko diru inbertsioak egin beharko dituzte, udalen biztanle kopuruaren arabera ezberdina. Izan ere, 5.000 biztanle baino gutxiago duten udalen kasuan, gutxieneko inbertsioa 15.000 eurokoa da, eta 20.000 biztanletik gora dutenek egin beharreko gutxieneko inbertsioa 100.000 eurokoa da.

Alkateen Ituna
Diru laguntzen programaren berrikuntza nabarmenetarikoa da, hain zuzen ere, proiektu europarra den Alkateen Itunarekin bat egindako euskal udalei emango zaien sostengua edo laguntza EEEren aldetik. Horren ondorioz, ekintza planak garatzeko behar duten energia azterketa integralak egiteko diru laguntza jaso ahal izango dute udalek. Alkateen Ituna hainbat hirik edo herrik sinatutako konpromiso multzo bat da, Europar Batasunaren energia-politikaren helburuetatik haratago joateko asmoz. Era horretan, 2020. urteari begira, energiaren aurrezpena %20 hobetzea, CO2 emisioak %20 gutxitzea eta energia berriztagarrien aprobetxamendua edo erabilera %20 areagotzea lortu nahi da. Ituna garrantzi handiko ekimena da gure hiri eta herrietan energia-kontsumoa murrizteko.

Aipatutako helburu handinahi horiek lortzeari begira, Alkateen Itunarekin bat egiten duten udalek konpromisoa hartzen dute zenbait erabaki edo neurri aurrera eramateko, udal bakoitzak prestatuko duen ekintza planaren bitartez. Hain juxtu ere, EEEren programak diru laguntza emango zaie udalei ekintza plana prestatzeko. Plan horren barruan, udalerrian energia kontsumitzen duten jarduera edo alor ugari sar daitezke; esate baterako, energia eraginkortasuna hobetzeko neurriak, mugikortasunari lotutakoak, energia berriztagarrien erabilera sustatzeari zuzendutakoak, hondakinak, ura, ingurune naturala eta abar