Energiaren Euskal Erakundeak Bruselan egindako Eskualde eta Hirien Europako Astean parte hartu du; zehazki, Be Smart-Think City izeneko eztabaida jardunaldian aritu ziren EEEko ordezkariak, Europako beste 13 eskualdetako ordezkariekin batera. Urriaren 9an, Bruselan, burututako eztabaida mahaian José Ignacio Hormaechek, Energiaren Euskal Erakundeko kontseilari zuzendari nagusia eta FEDARENEko presidenteak, Euskadiko hiri askotan ezarri den garapen eredua azaldu zuen. Hala, hiri horiek energia eraginkortasuna hobetzeko, energia aurrezteko eta eraginkortasun handiko garraio eredu berritzaileak sustatzeko egiten ari diren ahaleginaren berri eman zuen, erreferente izateraino heldu diren hiriaren lana, hain zuzen ere. Alde horretatik, Alkateen Ituna nabarmendu zuen, dagoeneko 15 euskal udalek sinatu dutena. Itunarekin bat egin duten udal horiek konpromisoa hartu dute energia kontsumoa nabarmen murrizteko eta mugikortasun elektrikoa ezartzeko. Hartara, energia garapen iraunkorraren gaietan erreferente bihurtu dira udal horiek.
Bruselako Open Days direlakoak urtero egiten dira, eta tokian tokiko hiri eremuetan garapen iraunkor integrala lortzeko lanean ari diren zenbait eskualde eta administrazio europar biltzea helburu dute. Hala, urriaren 9tik 11ra, Europa osoko eskualdeak ordezkatuz, 5.000 ordezkarik baino gehiagok parte hartzen dute jardunaldi eta jarduera ugarietan, esperientzia arrakastatsuak partekatzeko eta ikuspegi global batetik praktika onenak ezagutzeko eta eztabaidatzeko aukera izanik, Europako eskualde, hiri eta herrietan energia hazkunde iraunkorra lortzeari begira.