Ezezagunek kalteak eragin dituzte gas konbentzionala hautemateko xedez lur-azpia arakatzen erabilitako materialetan.
Obraren buru diren pertsonei harrika eraso zieten ostegun gauean. Halako portaerek segurtasun-neurriak indartu beharra eragiten dute.
Eragindako kalteak, oraingoz, 170.000 eurokoak dira.
EVE-k biziki arbuiatu ditu azken egunotan Orozko inguruan egiten ari diren ikerketa geofisiko lanetan –lur-azpia arakatzen ari dira– behin eta berriro jasandako sabotajeak. Lan horien bidez gas konbentzionalik dagoen esploratu nahi da.
Ekainaren hasieran, gas naturalik dagoen esploratzera bideratutako esku-hartzeak hasi zirenetik, lan horietan ari diren langileak etengabe hertsatu eta mugatu dituzte, pertsona horien kontra harriak jaurtiz eta materialetan behin eta berriro sabotajeak eraginez.
Gurpil-zulaketak, bateria-lapurretak eta linea-mozketak
Konexioko lineak moztuz, ibilgailuen kristalak hautsiz, gurpilak zulatuz, bateriak lapurtuz, eta abar, langileei beren lana egitea eragozten ari dira; hori dela eta, Hidrokarburoen Sozietate Publikoa inguruko segurtasun-neurriak areagotu beharrean gertatu da.
EVE-k gertatuak gaitzetsi eta arbuiatu ditu eta, lasaitzeko deia egitearekin batera, errespetua eskatzen du langileentzat; izan ere, ikerketa-lana egiten ari dira langile horiek eta ez dute, inondik ere, jasaten ari diren tratua merezi.
SAIA: lurazpia aztertzeko programa
Gogoan izan behar da SAIA ikerketa-baimenaren esparruan Orozkon egiten ari diren lanak proba sismikoak barnean hartzen dituzten landa-lanak direla; alegia, lurrazalean kokatutako neurgailuen bidez, sakonera handiko lurzoruaren formazioari buruzko datuak lortzen dira, ez zundaketarik eta ez zulaketarik egin beharrik gabe.
Horretarako, zunda batzuk ipintzen dira lurrazaleko zenbait gunetan eta kamioi batean kokatutako laborategi mugikor batera konektatzen dira; gero, bibrazio-plataformak dituzten ibilgailu batzuek plataforma horiek dardarazten dituzte lurzoruaren kontra, hainbat puntutan, eta zundek lurrazpiko harkaitzetan errebotatzen diren uhinak erregistratzen dituzte. Informazio horri esker, lurpeko harkaitzen formazio-mota ezagutu daiteke.
Ikerketa honen xedea barnean hidrokarburoak –gas natural konbentzionala, batez ere– eduki ditzaketen kareharri-formazioak badauden edo ez jakitea da. Horretarako, esplorazio geofisikoa lehen eskailera-maila baizik ez da; berorretan zehazten da, egitura geologiko antiklinal batean, zenbateko sakoneran dagoen barnean hidrokarburoak eduki ditzakeen harkaitz-formazio bat. Bilaketaren xede diren harkaitzak konbentzionalak direnez, ez lukete beharko, inongo kasutan, formazio ez-konbentzionaletarako garatutako ateratze-teknikarik, hau da, «fracking» izenez ezagutzen den haustura hidraulikorik.