Gasteizko Ibilgailu Elektrikoaren Mugikortasun Zentroan egongo da erakusgai ibilgailua, apirilaren 15etik maiatzaren 15era
Gasteiz, 2014ko apirilaren 29a. EEE Energiaren Euskal Erakundeak sustatutako Ibilgailu Elektrikoaren Mugikortasun Zentroak aukera emango dio nahi duenari BMW i3 markako automobil bat probatzeko, Gasteizen, apirilaren 29an eta maiatzaren 9an; Alemaniako fabrikatzailearen aurreratuena den gama handiko ibilgailu elektrikoa, hain zuzen ere.
Aipatutako egunetan izango diren proba saioek honako ordutegi hau izango dute; 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Automobila probatu nahi duenak bete behar duen eskakizun bakarra da gida baimena indarrean izatea. Proban BMW etxeko teknikari batek parte hartuko du, ibilgailuaren ezaugarriak eta prestazioak zehetasunez azaltzeko asmoz.
Gainera, BMW i3 motako ibilgailu bat egongo da ikusgai Gasteizko Ibilgailu Elektrikoaren Mugikortasun Zentroan, apirilaren 15etik maiatzaren 15era.
BMW i3 ibilgailu elektrikoak bost ate eta lau plaza ditu. 3,99 metro luze den ibilgailu hori funtzionamenduaren leuntasunagatik eta ezaugarri dinamikoengatik nabarmentzen da. Motorrak ez du inolako bibraziorik eragiten eta oso isila da. Litiozko ioiez osatutako bateriaren guztizko ahalmena 22 kWh-koa da eta erabilgarriarena 18,8 kWh-koa. BMW etxeko arduradunen esanetan, energiaren kontsumoa 12,9 kWh-koa da 100 km bakoitzeko, Europako proben ziklo berriaren arabera (NEDC).
2012ko uztailean inauguratu zen Gasteizko Ibilgailu Elektrikoaren Mugikortasun Zentroa, funtsean, herritarrei horrelako ibilgailuen berri emateko eratu zen, fabrikatzaile nagusien azken modeloen inguruko informazio zehatza helaraziz. Horretaz gain, bateriak kargatzeko moduei eta ibilgailu mota horiek erosteko dauden diru laguntza publikoei buruzko informazio ugari ere ematen da.
Ibilgailu Elektrikoaren Mugikortasun Zentroa “Vitoria-Gasteiz, 2012ko Europako Green Hiriburua” deritzonaren barruan sortu zen, eta 4.000 bisita baino gehiago izan ditu; bertan antolatutako zenbait erakusketatan 25 automobil, moto eta bizikleta elektrikotik gora ikusteko aukera izan dute bisitariek. Zentroan hitzaldiak eta konferentziak ere ematen dira ikasleentzat eta, oro har, interesa duten herritarrentzat. Hitzaldi horietan ibilgailu elektrikoaren inguruko informazio oparo ematen da; batez ere, eguneroko bizitzan erabiltzeko teknologia eskuragarri bezain egokia den aldetik.
Arabako hiriburuko Mardones kalean dagoen Mugikortasun Zentroa bisitatzeko ordutegia hauxe da: 09:00etik 14:00era eta 16:30etik 19:30etara, astelehen, asteazken eta ostiraletan. Horretaz gain, larunbatetan ere zabalik egoten da, 09:00etik 14:00etara.
Mugikortasun elektrikoa errealitate bat da Euskal Autonomia Erkidegoan; izan ere, eraginkortasun handiko garraio-teknologia horren aldeko apustu sendoa egin da. Horren erakusle da, besteak beste, Euskadiko Energia Estrategian ezarritako helburu handinahiak gai horretan. Hala, 2020 urterako, Euskadin 43.000 ibilgailu elektriko zirkularaztea da xedea. Horrek eskatuko du, beste gauza batzuen artean, ibilgailuak kargatzeko sareak 13.000 ekipo edo gune inguru izatea. Hori lortzeko, 2009. urtean, Eusko Jaurlaritzak, Repsol konpainiarekin lankidetzan, IBIL enpresa eratu zuen, ibilgailu elektrikoa kargatzeko kudeatzaile lanetan diharduena.