Biodieselari buruzko jardunaldia egin da Euskalduna jauregian.
3E 2010 estrategian bioerregaien inguruan finkatutako helburuak betetzeko EEE/EVEk egindako lanak azaldu ditu Jose Ignacio Hormaechek.
· Mintegian hamaika enpresak hartu dute parte, eta Repsol, Bionor, Acciona Biocombustibles, Esergui, Vía Operador Petrolífero eta B&T Energy elkarteetako zuzendaritzako kideek, besteak beste.
· Jatorri fosila duen gasolioaren kontsumoa murrizteaz gain, petrolioarekiko energia-mendekotasuna ere gutxitzen du biodieselak
· Egindako azterketek egiaztatu eta berretsi dute biodieselaren CO2-aren emisioen murrizketa eta ingurumenean eragin txikiagoa
· Euskadin, dagoeneko 9 biodiesel zerbitzugune daude eta kopurua handituz doa
Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) antolatutako Energia eta Garraio Iraunkorrari buruzko Bigarren Jardunaldian biodieselaz luze eta zabal aritu dira punta-puntako adituak. Bioerregai horren inguruko esperientziak, ikuspegiak eta etorkizuna jorratu dituzte Bilboko Euskalduna jauregian adituek bertaratu ziren ehun lagun ingururen aurrean. Jardunaldian parte hartu duten hamaika enpresaren ordezkariek azaldu dute zer-nolako lana egiten ari diren bioerregaiak eta biodiesela ohiko erregai gisa erabil daitezen garraioan, bai enpresen bai partikularren aldetik. Bioerregaiak, oro har, eta bereziki biodiesela zabaltzeko jardunaldi hau eta antolatzen dituen antzeko jardunaldiak eta mintegiak EEE/EVEren lan-ildoetako batekin bat datoz; hain zuzen ere, 3E 2010 estrategian bioerregaien alorrean finkatutako helburuak betetzea lortu nahi duen lan-ildoa.
“Biodiesela, alternatiba bat” izenpean egindako jardunaldi hau Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) antolatzen dituen jardunaldi edo mintegi sortaren barruan dago, eta bioerregaien garapen eta ezarpenarekin zerikusia duten sektoreen artean ezagutza eta zabalkundea handitzea du helburu. Ildo beretik, iragan urriaren 4an, bioetanola gai nagusia zelarik, energia eta garraio iraunkorrari buruzko lehen jardunaldia egin zen.
Oraingo honetan, aldiz, landare-oliotik abiatuta sortzen den biodiesela izan da gai nagusia, eta horren gainean txosten ugari aurkeztu dituzte Bilboko Euskalduna jauregian bildutako adituek. Alor honetan aurreratuen dauden enpresetako ordezkariak izan dira mintegian; esaterako, Repsol YPF, Acciona Biocombustibles, ESERGUI, Bionor, Vía Operador Petrolífero, B&T Energy, Ciemat, TUVISA, EMT, Iveco eta Peugeot etxekoak. Hamaika elkarte horietako kideek, nork bere ikuspuntutik, gaur egungo biodieselaren produkzio eta banaketaren berri eman dute. Horretaz gain, garraio flota publikoetan biodieselaren erabileratik ateratako esperientziak edo ondorioak ere azaldu dituzte. Horrekin batera, jardunaldiaren harira, Ciemat-ek bioerregai berriztagarri honen bizi-ziklo osoaren inguruan egindako azterketaren emaitzak ezagutarazi dituzte. Emaitza horien arabera, biodieselaren erabilerari esker nabarmen gutxitzen da ingurumen-inpaktu orokorra, CO2-aren emisioen murrizketaren ondorioz.
Horiek horrela, enpresak eta Administrazioa biodiesela sustatzeko egiten ari diren lana eta ahalegina berretsita edo bermatuta dago, bai motorren ezaugarri edo prestazioen hobekuntzei dagokienez (labaingarritasun handiagoa, etab.), bai energiaren eta ingurumenaren aldetik dakartzan abantailei dagokienez.
Eusko Jaurlaritzak bioerregaiak lehenesten ditu
Euskadin, 3E 2010eko Euskal Energia Estrategian jasotzen denez, Eusko Jaurlaritzak asmo handiko helburuak ezarri ditu bioerregaiak garatzeko xedez. Hain zuzen ere, helburu horietaz eta garapenaz mintzatu da Jose Ignacio Hormaeche, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia, jardunaldiaren inaugurazio ekitaldian. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren lan-ildoak betetzeari begira, zuzentzen duen energia agentzia edo erakundea egiten ari den lanaren nondik norakoa azaldu du.
Zehazki, aipatutako estrategiaren arabera, jatorri berriztagarria duten erregaien inguruko planifikazioak helburu bikoitza du 2010. urteari begira, bioerregaien fabrikazioari nahiz erabilerari dagokionez.
Alde batetik, urtean 270.000 tona bioerregai ekoiztea aurreikusten da 2010 urterako. Kantitate horretatik, 50.000 tona biodiesela izango dira, eta 220.000 tona bioetanola. Hori lortu ahal izateko, energiaren alorreko zenbait egitasmo abian dira dagoneko.
Bioerregaien kontsumoari doakionez, asmo handiko helburuak ezarri dira; izan ere, bioerregaien 177.000 tpb erabiltzea aurreikusten da automobilgintzan. Horren ondorioz, 2010. urtean bioerregaien kontsumoa %11,9 izango da, gaur egungo %0,30 izan barik.
Helburu horiek erdiesteko, besteak beste, alor honetan zeresana duten eragile guztiak kontzientziatzea ezinbestekoa da. Hain justu ere, EEE/EVE gogotik sustatzen ari dena. Horretaz gain, Euskadin biodiesel zerbitzuguneak zabaltzeko lanean ari da, gaur egun bederatzi daude jardunean jadanik. Aldi berean, jatorri fosila duten gasolinak ordezkatzea eta bioetanolaren erabilera eta banaketa bultzatzea helburu duen BEST izeneko egitasmo europarrean parte hartzen ari da EEE/EVE. Horri guztiari esker, errepideko garraioan petrolioaren eratorria den energiaren kontsumoa gutxituko da eta gure inguruko airearen kalitatea nabarmen hobetuko da.