ESEk %20rainoko energia aurrezpena lortzen dute instalazioetan
Energiaren alorreko enpresei lan egiteko bide berria zabaltzen diete energia zerbitzu enpresek (ESE), instalazioen energia eraginkortasunaren hobekuntzaren inguruan merkatu potentzial bat garatzeko baitute, enplegua sortzeaz gain.
Eusko Jaurlaritzak 100 instalazio garatuko ditu ESE kontratu bidez, 2020. urtera arte.
Bilbo, 2013ko urriaren 1a – Gaur, Euskalduna jauregian, hasiko den Energia Zerbitzuez Kongresuan enpresetako eta administrazioetako 500 ordezkarik baino gehiagok parte hartuko dute. Horietaz gain, zenbait adituk beren txostenak aurkeztearekin batera, eredu berriaz eztabaidatuko dute kongresuan bi egunez, energia zerbitzu enpresen bidezko energia garapen iraunkorra lortzeko bidean.
Kongresuaren inaugurazioan Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Pilar Urruticoecheak hartu du parte, eta nabarmendu du Euskadiko energia alorrak duen garrantzia, negozio aukera berriak erakartzeari eta hazkundea zein enplegua sortzeari begira. Harekin batera, AMI-ko presidente Eduardo Sánchez Tomé, ANESE-ko presidente Rafael Herrero, A3e-ko presidente Manuel Sayagués, batzorde antolatzaileko presidente Javier Izquierdo eta Editorial El Instalador-eko zuzendari nagusi Iñaki García-Ocejo izan dira inaugurazio ekitaldian. Horiek guztiek azpimarratu dute ESEn zeregin garrantzitsua, energia eta industria alorretan hazteko aukera emango duen eredu den aldetik.
Kongresuaren lehen jardunaldian, ESE ereduak dakartzan merkatu aukera berriak izango da hizpide eta eztabaidagai. Era berean, eredu hori aplikagarria den alorretan eskaintzen dituen negozio aukerez arituko dira.
Kongresuaren lehen irakaspen txostena Ángel Garrotek emango du, Energiaren Euskal Erakundeko energia eraginkortasunean aditua denak. Jarraian, ESE ereduan aplikagarriak diren teknologia eraginkorrenen inguruan eztabaidatuko dute. Horretarako, ACV, BAXI, CIAT eta ZEHNDER enpresa teknologikoetako adituek beren txosten espezializatuak aurkeztuko dituzte. Horrekin batera, kasu errealen azalpenek, udal esparruaz eta industria arloaz izango diren mahai inguruek eta Britainia Handia eta Frantziako esperientziek osatuko dute kongresuaren lehen jardunaldia, 20:00ak aldera amaituko dena.
Kongresuaren bigarren eta azken jardunaldian, berriz, energia zerbitzu enpresek proiektuak finantzatzeko alternatiba azberdinez arituko dira. Horretaz mintzatzeko, BBVA eta Kutxabank-eko adituek irakaspen txosten bana aurkeztuko dute. Halaber, araudien inguruko egoera, bizitegi alorra eta hirugarren sektorea ere jorratuko dira.
Kongresuan, guztira, adituen 26 txosten, 6 irakaspen txosten eta 3 mahai inguru egin eta aurkezteaz gain, sektore guztietan ESEak aplikatzean arrakasta izan duten 10 kasu erreal azalduko dira.
Energia zerbitzu enpresak
ESEak garrantzi handiko lanabesa da energia aurrezteko; izan ere, instalazioen eraginkortasuna nabarmen hobetzen duten energia zerbitzuak eskaintzen dituzte.
Gainera, inbertsioak egiteko bide berri bat zabaltzen diete promotoreei; adibidez, udalei eta beste administrazio batzuei edo enpresei, energia instalazioetan egiten dituzten inbertsioak ESEtan esternalizatzeko aukera emanez. ESEri esker, energiaren aurrezpena %30eraino hel daiteke, argiteria publikoan, kasu, eta %20 inguru udal eraikinetan, energia instalazioetan aplikatzen dituzten eraginkortasun handiko teknologien eta energia berriztagarrien erabileraren bidez.
ESE eredua aplikagarria da berokuntza eta klimatizazio sistemetan, ur bero sanitarioan, argiztapenean, baterako sorkuntzan, energia berriztagarrietan, etab.
Aurrekoaz gain, energiaren alorrean diharduten euskal enpresentzako negozio eredu berri bat da; izan ere, energia zerbitzuen ereduaren aplikazioak, zalantzarik gabe, esparru zabala hartzen duen merkatu berri bat sortzen du, proiektuak gauzatzeko eta enplegua sorrarazteko bide eta aukera berriak irekitzearekin batera. Erreferentzia gisa, Euskadiko eraikin-parkearen antzinatasuna 40 urte ingurukoa dela kalkulatzen da; beraz, eraikin horietako energia instalazioen energia eraginkortasuna hobetzeko tartea oso handia da.
Eusko Jaurlaritzak, ESE ereduaren ezarpenaren bitartez, euskal administrazio publiko guztien instalazioetan energia aurrezteko sustapen lanak egiten ditu. Horren erakusle da 100 ESE Plana. Hartara, ESEk egiten dituzten inbertsioei esker, administrazioen instalazioen energia eraginkortasuna hobetzea eta energia kostu txikiagoan erabiltzea ahalbidetu nahi du.
2020. urtera begira, helburua hauxe da: era guztietako administrazioen eraikinetan, eraikin multzoetan eta argiteria publikoan 100 proiektu gauzatzea ESE kontratuen bidez. Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren titulartasunaren pean dauden 50 eraikinetan eta Euskadiko beste administrazio batzuen titulartasunean dauden 50 eraikinetan egingo dira proiektu horiek.