240 ordezkarik hartuko dute parte otsailaren 23 eta 24an, BECen
- Hazkunde handia aurreikusten zaion industriari bultzada eman nahi dio kongresuak
- Euskadiko etxeetan kontsumitzen den energiaren %45 inguru berokuntzari dagokio
- Euskadin eraikinak klimatizatzeko 3 eguzki-instalazio daude eta 55 dira geotrukaketaz baliatzen direnak
Berokuntza eta Hozte Berriztagarrien Aldeko Europako Plataforma Teknologikoaren (RHC-ETP) lehen kongresuaren anfitrioia izango da Energiaren Euskal Erakundea. Kongresua BECen izango da, eta bertan Europako enpresa eta ikerketa zentro nagusietako 240 ordezkarik baino gehiagok hartuko dute parte. Kongresuaren antolatzailea den RHC-ETP Plataformak Europa osoan diharduten biomasa, geotermia eta eguzki-energia termikoko industriak biltzen ditu bere baitan, eta Europar Batasunaren ekimenez eratu zen.
Berokuntza eta Hozte Berriztagarrien Aldeko Europako Plataforma Teknologikoaren (RHC-ETP) lehen kongresuan energia berriztagarrien bidezko klimatizazioa izango da gai nagusia. BECen, otsailaren 23 eta 24an, 12 saiotan, egingo diren hitzaldi eta konferentzietan 63 txostengile inguru arituko dira. Klimatizazioan adituak diren txostengile horiek eguzki-energia termikoaren, biomasaren eta geotermiaren industrietan emandako azken aurrerapenen berri emango dute. Hain zuzen ere, aipatutako energia horiek dira gehien erabiltzen direnak energia berriztagarrien bidezko klimatizazioan.
Kongresuak iraungo duen bi egunean zenbait konferentziatan parte hartzeko aukera izango dute Europa osotik etorriko diren ordezkariek. Hitzaldi eta konferentzia horietan, berriztagarrien bidezko klimatizazioaren industriaren lehentasun teknologikoak eta ikerketa premiak jorratuko dira, besteak beste. Horrekin batera, industria horrek duen potentzial ekonomiko handia agerian jarri eta nabarmendu nahi da. Halaber, sistema berritzaile honek ekar dezakeen energiaren aurrezkia luze eta zabal tratatuko da; izan ere, eraikinen klimatizazio beharrak asetzeari begira, energia iturri konbentzionalen erabilera nabarmen murriztuko da.
Europan azken energia-kontsumoaren erdia, gutxi gorabehera, lokal eta eraikinak klimatizatzeko erabiltzen da. Euskadin, etxe edo bizitegi alorrean kontsumitzen den energiaren %45 eraikinak berotzeko erabiltzen da; egoera edo baldintza klimatiko ezberdinaren ondorioz, Euskadin hoztea gutxiago erabiltzen bada ere. Hori horrela, bistan da energia asko aurreztu daitekeela horrelako teknologia berriztagarrien erabilerari esker. Horren erakusle eta lekukoa da gaur egungo instalazio kopurua, gero eta handiagoa dena, hain zuzen ere.
Euskadin, gaur egun, badira energia berriztagarriez baliatzen diren instalazio ugari. Hala, energia-iturri konbentzionalak erabili ordez, berriztagarriak eta garbiagoak diren energiak aprobetxatzen dira eraikinak klimatizatzeko. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidego osoan 730 eguzki-instalazio termiko daude, eguzkiaren energiaz baliatzen direnak ura berotzeko (igerilekuetan eta berokuntza-sistemetan). Instalazio horietatik hiruk energia termikoa erabiltzen dute absortzio-makinetan eraikinak hozteko. Horietaz gain, badira trukaketa geotermikoan oinarritzen diren 55 instalazio, lurrean dagoen tenperatura konstanteaz baliatuta, eraikinetara bideratzen edo injektatzen dute, eta hartara, beroa neguan eta hotza udan lortzen da.
Eguzki-energia termiko, biomasa eta trukaketa geotermikoan oinarritutako teknologiaren bidez hotz eta bero ekoiztea garrantzi handikoa izan daiteke energia-kontsumoaren gutxitzeari begira, batez ere eraikinen klimatizazioari dagokionez. Hain zuzen ere, Euskadiko Energia Estrategian aurreikusten zen energia-iturri berriztagarri horien sarrera eta erabiltzen hastea, eta, oro har, Euskadiko energia-eskariaren %12 energia berriztagarrien bitartez ase edo betetzea zen estrategia horren helburu nagusienetakoa, eta helburu hori erabat bete ez bada ere, emandako lehen pausu horiek ahalbidetu dute oinarri sendoak ezartzea etorkizunera begira alor horretan. Hori guztia jaso eta islatuko da prestaketa fasean dagoen 2020. urteari begirako estrategia berrian. Ildo beretik doa, hain juxtu ere, energia berriztagarrien inguruko zuzentarau europarra; izan ere, garraioarekin eta elektrizitate ekoizpenarekin batera, klimatizazioa da energia-eskari osoaren hirugarren zutabea edo oinarria.
Kongresua RHC-ETPek antolatu du, eta APPArekin (Klimatizazio Berriztagarriaren Europako Plataforma Teknologikoa, RHC-ETP) batera, Energiaren Euskal Erakundea (EEE/EVE) laguntzailea izango da. Plataforma hori biomasa, energia geotermikoa eta eguzki-energia termikoari lotutako industria eta ikerketa zentroetako kideek osatzen dute, eta klimatizazioan energia berriztagarrien erabilera areagotzea ahalbidetuko duen estrategia bateratua zehaztea du helburu.