Javier Marotoren udal gobernuak 839.000 euro zituen eskura, 2011. urteari zegokiona, jaso gabe utzi zuena, ez baitzuen inbertsiorik egin zerbitzuan.
Iragan ostiralean Vitoria-Gasteizko Udaleko alkate Javier Marotok egindako adierazpenen aurrean, 2012ko uztailaren 6an EEEk argitara emandako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorra Sustatzeko Jardueren Laguntza Programaren harira, eta Vitoria-Gasteizko bizikletak maileguan uzteko zerbitzuak programa horretatik jaso dezakeen diru laguntzari buruz, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak honako azalpen hauek eman nahi ditu:
- 2011ko azaroaren 25eko datarekin, Vitoria-Gasteizko Udalak diru laguntza eskaera aurkeztu zuen 2011ko EEEren laguntzen programara, “4. belaunaldiko” bizikletak maileguan uzteko proiektua finantzatzeko. EEEri aurkeztu zion diru laguntza eskaera horretan Vitoria-Gasteiz Udalak aitortu zuen proiektu bera finantzatzeko beste bi diru laguntza eman zizkiola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, eta diru laguntza bakoitzaren zenbatekoa 300.000 eurokoa izan zela.
1. Eskaera aztertu ondoren, 2012ko otsailaren 16ko datarekin, EEEk emandako ebazpenaren bidez, 239.000 euroko diru laguntza eman zitzaion Vitoria-Gasteizko Udalari, eta laguntza hori gauzatu edo indarrean sartuko zen, baldin eta 2012ko ekainaren 30ean baino lehen 2011n egindako gastuen egiaztagiriak aurkezten bazituen.
2. Vitoria-Gasteizko Udalak ez du abian jarri bizikletak maileguan uzteko zerbitzua, ezta modu mugatu batean ere, bizikleta eta finkatze gutxi batzuen bidez. Gainera, ez du inolako inbertsio edo gasturik egin, EEEk emandako diru laguntza justifikatzeko baliagarria izan zitekeena. Hori dela eta, ekainaren 14an, aipatutako proiektua egiteko eta justifikatzeko luzapena eskatu zion EEEri, eman zitzaion 239.000 euroko diru laguntzaren onuraduna izaten jarraitu ahal izateko.
3. 2012ko uztailaren 6an, garraio eta mugikortasun iraunkorra sustatzeko jarduerak soil-soilik diruz laguntzeko berariazko programa definitu eta argitara eman zuen EEEk. Programa horrek garraio eta mugikortasun alorrean diruz lagundu daitezkeen neurriak eta jarduteko lerroak azaltzen eta zehazten ditu, eta aurrekontua 3.000.000 eurokoa da. Programaren neurri espezifikoetako bat da, hain zuzen ere, udalen aldetik bizikletak maileguan uzteko sistemak zerbitzuan jartzeko diru laguntza ematea. Neurri hori horrelako sistemen kudeaketa eta ustiapenaren kostua finantzatzeko da, funtzionamenduko lehen hiru urtean. Bizikletak maileguan uzteko sistemen kudeaketa eta ustiapenari lotutako urteroko kostuak diruz laguntzeko neurri hori onuragarria da udalentzat; izan ere, izandako kostuetara egokitzen dira diru laguntzak eta aukera ematen du justifikazioetan inbertsioen amortizazioa sartzeko. Horrezaz gain, kudeaketa, mantentze, konponketa eta abarrekin zerikusia duten gastuak ere justifikazioetan sartzeko parada dago. Programak diru laguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak eta formulak ezartzen eta azaltzen ditu, eta programaren kontura onuradun batek jaso dezakeen gehieneko diru laguntza finkatzen du, 450.000 eurokoa dena.
4. Proiektuak aurreikusitako epeetan izandako atzerapenaren ondorioz, Vitoria-Gasteizko Udalak luzapen eskaera aurkeztu zuen 2011ko diru laguntzaren inguruan. Eskaera aztertuta, EEEk egiaztatu ahal izan du 2012. urtearen amaiera arte justifikatzeko luzapena emanez gero, Vitoria-Gasteizko Udalak ezin izango lukeela 2012ko diru laguntza jaso, ez baitira bateragarriak. Izan ere, aldi berean (2012. urtean) gertatzen dira bi programen (2011 eta 2012) “diruz lagunduko den jarduera”. Horrexegatik, hain zuzen ere, 2012ko diru laguntza programa argitaratu aurretik, harremanetan jarri ziren EEEko teknikariak Udaleko arduradunekin. Horren ondorioz, bilera bat egin zuten (CEAko zuzendari Juan Carlos Escudero izan zen, besteak beste) eta bertan, diru laguntza programa berriaren ezaugarrien berrri eman zieten EEEko teknikariek. Horrezaz gain, gomendioa egin zieten 2011ko diru laguntzaren luzapenari uko egiteko eta 2012ko laguntza programatik diru laguntza jasotzeko eskaera egiteko. Bilera horretan izan ziren udal arduradunek eskertu zuten emandako informazio hori eta adierazi zuten emandako gomendioei kasu egingo zietela.
5. Horiek horrela, eta Vitoria-Gasteizko Udalaren bizikletak maileguan uzteko proiektuaren ezaugarriak eta tamaina kontuan izanik, aurreikusten den gehieneko diru laguntza (450.000 euro) jaso lezake sistema horren funtzionamenduko lehen hiru urteko bakoitzean (2012, 2013 eta 2014). Beraz, Vitoria-Gasteizko Udalak 1.350.000 euro jaso litzake EEEren eta Industria Sailaren diru laguntzetan, baldin eta sistemak hiru urte horietan funtzionamenduan egongo balitz gutxieneko bizikleta eta finkatze kopuru batekin (Udalak berak adierazi du gehiago izango direla bere proiektuan) eta aipatutako urte horietako bakoitzean diru laguntza jasotzeko eskaera egingo balu (eta justifikazioa aurkeztu geroago).
Horrenbestez, eginkariak eta benetako zifrak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak honako balorazio hauek egiten ditu:
- Ez da egia bizikletak maileguan hartzeko proiekturako eman daiteken gehieneko diru laguntza 450.000 eurokoa dela. Izan ere, kantitate hori urte bakoitzeko da, funtzionamenduko lehen hiru urtean, eta, beraz, diru laguntza, guztira, 1.350.000 euro izan liteke.
- Ez da egia Industria Sailak ez duela borondaterik Vitoria-Gasteizko Udalaren proiektua laguntzeko. Bai proiektu hori, bai beste udal batena, horrelako sistemak egiteko edo bultzatzeko bada, laguntzeko eta sustatzeko prest dago. Horren erakusle da, besteak beste, 2012ko programa berriaren ezaugarriak, horrelako proiektuen aldekoak baitira.
- Ez Vitoria-Gasteizko Udalak, ezta beste ezein erakundek ere, pribatuak zein publikoak, ezin du pentsatu edo nahi Eusko Jaurlaritzak edozein modutan eman ahal dituela diru laguntzak, Administrazio orok funts publikoen diru laguntzak ematean aintzat hartu beharreko publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioak errespetarazi gabe eta onuradunek izandako gastuak eta jasotako diru laguntzak bat ez datozenean, epe eta zenbatekoei dagokienez. Alde horretatik, Vitoria-Gasteizko Udaleko arduradunek informazio zehatz eta zuzena jaso dute uneoro EEEren aldetik, bai diru laguntza programaren ezaugarriez, bai haren proiekturako gehieneko diru laguntza jasotzeko moduaz.
- Vitoria-Gasteizko Udalak proiektua bertan behera uztea erabakiko balu, Eusko Jaurlaritzak tamalgarritzat joko luke, Gasteizko herritarrei zerbitzu interesgarri bat emateko aukera galtzeaz gain, mugikortasun iraunkorragoa lortzeko bidean, ekimen edo neurri garrantzitsua baztertuko bailitzateke.