• Bilboko Udalaren Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailak eta Energiaren Euskal Erakundeak hitzarmena sinatu dute Bilbon ibilgailu elektrikoak azkar kargatzeko lehen puntua abian jarri ahal izateko.
  • Bateria azkar kargatzeko Bilboko lehen puntua (elektrolinera) Begoñan jarriko da eta Bizkaian bigarrena izango da, BECen dagoenaren ondoren. Bilbon karga arrunteko beste 16 puntu dauzka.
  • Bilbon, 2016ko otsailaren 11an. Bilboko Udalaren Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailak eta Energiaren Euskal Erakundeak hitzarmena sinatu dute Bilbon ibilgailu elektrikoak azkar kargatzeko lehen puntua abian jarri ahal izateko. Erakunde biek beste urrats bat eman dute urian garraiobide jasangarrien erabilera sustatzeko apustu bateratuan eta karga egiteko azpiegitura jarriko dute ibilgailu elektrikoek argindarra bermatuta izan dezaten.

    Sinaduraren ekitaldian, Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasunaren Politiken, Etxebizitzaren eta Garapen Osasungarriaren koordinatzaileak eta Pilar Urruticoechea Energiaren Euskal Erakundearen (EVE) kontseilari eta zuzendari nagusiak adierazi dute udaberrian ibilgailu elektrikoak azkar kargatzeko puntua instalatuta egongo dela Bilbon. Horren bidez, ibilgailuetako bateria 20 minutu inguruan kargatuko da. Karga azkarra egiteko puntu berria edo elektrolinera Begoñako taxien geralekuaren ondoan egongo da. Bizkaian jartzen den bigarrena izango da; lehena Bilbao Exhibition Centerraren (BEC) alboko gasolindegiaren ondoan dago.

    Bilbon karga egiteko 16 puntu publiko daude oraintxe; horietan, prozesua sei ordutan betetzen da, gutxi gorabehera. Karga egiteko puntu publikoak aparkaleku hauetan daude: Alondegia (6), Zabalburu (3), Zabalgunea (3) eta Miguel de Unamuno ikastetxearen ondoan (4).


    Ibilgailu elektriko batek 200 kilometro inguru egin ditzake bateriaren karga batekin, eta hori nahikoa da gidarien % 80tik gorakoen eguneroko ibilbidea egiteko. 10 urte baino lehen autonomia hori erraz gaindituko dela espero da.

    Gero eta flotista gehiagok (publiko eta pribatuek) ibilgailu elektrikoak eskuratzen dituzten euren mugikortasun beharrak asetzeko. Gainera, ibilgailu mota hauen erosketek gora egin dute partikularren aldetik.