Argiteria publiko guztia LED teknologiara egindako aldaketari esker, urtean %80 aurreztuko du energia-fakturan
Bakioko Udalak bere argiteria publiko instalazio guztiak berrituko ditu datozen sei hilabetean, energia-kontsumoan murrizketa handia lortzeko xedez. Horretarako, energia zerbitzu-kontratu bat sinatu du Tecuni enpresa bizkaitarrarekin, eta Bakioko argiteria publikoaren energia-eraginkortasuna hobetzeari begira, 650.000 euro inbertituko ditu udalerrian.
Laster, Bakioko Udalak egingo duen energia-birmoldaketaren gako nagusiak energiaren aurrezpena eta haren erabileran segurtasuna dira. Izan ere, Energiaren Euskal Erakundeak emandako aholkularitza teknikoari jarraiki, Tecuni enpresarekin energia zerbitzu-kontratu bat izenpetu du bertako instalazioak berme osoz berritzeko. Hala, enpresak zenbait inbertsio egingo ditu instalazioen energia-eraginkortasuna hobetzeko eta haien erabileran segurtasuna bermatzeko. Hobekuntza horiek energia eta diru aurrezpen nabarmenak ekarriko dizkiote Bakioko Udalari.
Gaur egun, sodio-lurrun eta fluoreszentzia teknologietan oinarritzen da Bakioko argiteria publikoa. Aurrerantzean, berriz, energia zerbitzu enpresa esleipendunaren jarduna egin ondoren, LED teknologiaren bidez funtzionatuko du argiteria guztiak, eraginkorragoa eta energia gutxiago kontsumitzen duen teknologia, hain zuzen ere. Horretaz gain, udalerriko argi gutxi edo eskasia duten zenbait gune ere hobetuko dira; hartara, argitasun maila areagotzearekin batera, gune horietan segurtasuna handitu egingo da.
Era berean, argiteriaren energia-kontsumoak denbora errealean jakite aldera, monitorizazio sistema bat instalatuko da. Era horretan, mantentze-lanak hobetuko dira eta kontsumoak zehaztasunez kontrolatu ahal izango dira, lortuko diren aurrezkiak egiaztatzea eta etorkizunean hobekuntzak egitea ahalbidetuko dituena.
Horri guztiari esker, energia-kontsumoa %82 eta energia-faktura %80 murriztea espero da.
Jarduera horiek aurrera eramateko, Tecuni energia zerbitzu enpresak 650.000 euro inbertituko ditu, hamabost urteko indarraldiaz Bakioko Udalarekin sinatuko duen energia zerbitzu-kontratuaren arabera.
100 ESE Plana
Bakioko Udalak bere udalerrian energia-sistemak berritzeko aukeratu duen eredua, funtsean, energia zerbitzu enpresa (ESE) bat kontratatzean datza.
Energia proiektuei lotutako hobekuntza-inbertsioak garatzeko modu konbentzionalarekin konparatuta, energia zerbitzu enpresek aldaketa nabarmenak dakartzate; izan ere, energia egoera hobetzeko egin beharreko inbertsioak haien bidez kanporatzen edo esternalizatzen dira, eta gainera, energiaren aurrezpena bermatzen dute. Horren ordainetan, enpresa horiek berreskuratze ekonomikoa lortzen dute, eraginkortasun handiko teknologia modernoagoen erabilerari esker.
Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, horrelako energia proiektuak sustatzen ditu, 100 ESE Planaren bidez. Plan horren helburua da energia zerbitzu enpresen erabilera bultzatzea, EAEko administrazio publikoen instalazioetan eta argiteria publikoan energia-hobekuntzak egiteko, euskal administrazioa erreferente bat izan dadin alor horretan.