Donostian egindako bileran, “Erreminta-gida” programa aurkeztu diete gaur goizean Donostialdea, Oarsoaldea, Bidasoa, Urola Kosta eta Urola Erdiko arduradun publiko eta teknikoei.
 
Ingurumen arloko teknikariak kontratatzeko aukera izango dute, Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin lortutako akordioari esker.
 
Bertaratuek bat egin dute berogailuen gehieneko tenperatura 19ºC-ra mugatuz energia aurreztu nahi duen kanpainarekin.

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Ihobe ingurumen-kudeaketarako sozietate publikoak Gipuzkoako udal eta tokiko erakundeei “Erreminta-Gida” aurkeztu diete, energiaren, klima-aldaketaren eta jasangarritasunaren arloko erronkei aurre egiteko laguntza programa. Bilera Donostiako udaletxean ospatu da gaur goizean eta bertan izan dira: EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansola, Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Boto, Donostiako alkate Eneko Goia zein Donostialdea, Oarsoaldea, Bidasoa, Urola Kosta eta Urola Erdia eskualdeetako ordezkari instituzionalak eta ingurumen arloko teknikariak.
 
2030. urterako, tokiko administrazioek hainbat erronka dituzte energia eta jasangarritasunaren arloan, hala nola kontsumoak %35 murriztea edo energia berriztagarriak %32 izatea. Iñigo Ansola EEEko zuzendariak adierazi duenez, “Erreminta-gida” programan jasotako laguntzak garrantzitsuak dira “tokiko eragileek beren zeregina bete dezaten klimaren eta energiaren krisiari aurre egiteko”.

Laguntzen artean, Alexander Boto Ihoberen zuzendariak Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin lortutako akordioa nabarmendu du, tokiko administrazioek beren lantalde teknikoak indartu ahal izateko: "Akordio honen bidez, klima-aldaketa eta trantsizio energetikorako hogeita hamar teknikari urtebetez kontratatzea bultzatzen dugu; ekimen honen bidez, enplegu berdea, gaztea eta kalitatezkoa bultzatzen dugu.”
 
Ekitaldiaren amaieran, bertaratutakoek babesa eman diote "19a nonahi dago, seinale bat ote?" kanpainari, hau da, berogailuen gehieneko tenperatura 19ºC-ra mugatuz energia aurreztu nahi duen kanpainari.
 
Donostiako gaurko bilera hau EEE eta Ihobe Euskadiko eskualde guztietan azarotik egiten ari diren aurkezpen batzuen barruan kokatzen da. Gipuzkoako gainerako eskualdeek – Goierri, Tolosaldea, Urola Garaia, Debagoiena eta Debabarrena – aurreko bileretan izan dute programaren xehetasunak ezagutzeko aukera.