Martxoaren 22tik 26ra zabalik egongo erakusketa, Cristina Enean
- Europako 260 hirik egingo dituzte jarduerak Energia Iraunkorraren Europako Astearen harira.
- Donostiako Cristina Enean izango den erakusketaren ordutegia hauxe da: 11:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 20:00etara.
- Energiaren Euskal Erakundeak sustatutako erakusketa dibulgatibo bana izango da Euskadiko hiru hiriburuetan aldi berean.
- Erakusketa guztietan automobil elektriko berritzaile eta berau birkargatzeko sistema bana erakutsiko da.
Bilbo, 2010eko martxoaren 22a - Donostiako zinegotzi Miguel Ángel Díazek Energia Iraunkorraren Europako Astea ospatzeko eratu den erakusketa inauguratu du. Erakusketa horretan, teknologia berriztagarri, energiaren aurrezpen eta ibilgailu elektrikoari lotutako zenbait elementu daude, “ikusi eta ukitzeko” diren tresnak eta gailuak, hain zuzen ere. Energia ezagutarazteko dibulgazio alorreko jarduera hau, EEE/EVEk, Euskadin, Europar Batzordearen laguntza-egitura den aldetik, aurrera eramaten dituen konpromisoen barruan kokatzen da, Alkateen Itunaren ekimenaren baitan dago, 2010. urteari begira, Europar Batasunak ezarritako helburuak (20-20-20) betetzen laguntzeko eta Euskadiko Energia Estrategian finkatutakoa lortu nahian. Izan ere, helburu horiek lortzeko, horrelako erakusketa dibulgatiboak egiteko komenigarritasuna aipatzen da. Oraingoan, zehazki, Donostiako erakusketa Cristina Enean izango da. Donostiakoaz gain, Bilbon eta Gasteizen ere erakusketa berdinak egingo dira.
Hiru erakusketa horien bidez, energia-iturri berriztagarrien bitartez hornitzen diren zenbait tresna edo gailuren berri eman nahi die herritarrei EEE/EVEk. Hala, erakusketan ikusgai izango dira, besteak beste, elektrizitatea sortzeko erabil daitezkeen eguzki-plaka fotovoltaikoak, edo ur bero ekoizteko eguzki-plaka termikoak. Horiekin batera, energia aurrezteko aholku eta gomendio ugari irakurri eta entzuteko aukera izango da erakusketetan. Azken finean, energia sortzeko eta eguneroko bizitzan herritar guztiek erabiltzeko moduko teknologia eraginkorrak ezagutaraztea du helburu ekimen honek, “ikusi eta ukitzeko” eran ezagutarazi ere.
Aipatutako eguzki-teknologiei lotutako gailuez gain, herritarrentzat hain ezagunak ez diren beste energia-iturri berriztagarri batzuk ere ikusgai izango dira erakusketan; adibidez, biomasa eta geotermia. Zehazki, erakusketan, zurezko pellets edo makilatxoez elikatutako galdara bat eta geotrukaketa-instalazioetan erabiltzen diren sistema batzuk izango dira. Sistema horien energia-eraginkortasun handiaren ondorioz, gero eta gehiago erabiltzen dira Euskadin. Era berean, Euskadin garatzen ari den beste energia berriztagarri baten berri eman nahi da, itsas energiaren berri, hain zuzen ere. Hartara, Europa osoan aitzindari diren Mutrikuko egitasmoaz eta Armintzako bimep proiektuaz informazio asko jasotzeko aukera izango da erakusketan.
Energia aurrezteari eta energia-eraginkortasuna hobetzeari begirako elementuei dagokienez, erakusketan kondentsazio-galdara bat ikusteko aukera dugu, erakinak berotzeko teknologiarik eraginkorrenetakoa erabiltzen duen galdara, beste teknologia batzuekin alderatuta, energia-kontsumoa nabarmen gutxitzen baitu. Horretaz gain, etxebizitzetarako itxidura eta leiho egoki batzuk, kontsumo txikiko bonbillak, A klasea edo goragoko energia-etiketa duten etxetresna elektrikoak eta kontsumoak etengabe monitorizatzea ahalbidetzen duten kontagailu elektriko digitalak ere ikusi ahal izango dira erakusketan. Tresna edo gailu horien guztien berri zehatza ematen da, bakoitzak dituen aplikazioak eta lortzen dituen aurrezkiak fitxen bidez azalduta.
Ibilgailu elektrikoa
Garraio alternatiboari lotutako azken berrikuntzek toki nabarmena dute erakusketan. Izan ere, elektrizitatez elikatzen den automobil eredu berria ikusgai izango da erakusketan. Horrelako ibilgailu berritzaile eta berau birkargatzeko sistema bana ikusteko parada dugu erakusketetan. Udalek errepideko zirkulazioa gutxitzeko egiten ari diren apustua irmoaren ildotik, komenigarria da horrelako ibilgailu berritzaile horien berri ematea herritarrei, bertatik bertara ikusi ahal izateko haien erabilgarritasuna eta birkargatzeko sistema berrien funtzionamendu egokia. Hain zuzen ere, etorkizun hurbilean, Bilbon, beste udala batzuen artean, jarriko diren birkargatzeko sistema horiek.
EEE/EVEk herritarren artean energia berriztagarriak eta energiaren aurrezpenaren kultura sustatu eta zabaltzeko egiten dituen jardueren barruan sartzen dira erakusketa horiek. Ildo horretan, helburu bertsuak dituzten Europar Batasunaren egitasmoak garatzen eta Euskadiko Energia Estrategian ezarritako helburuak lortzen laguntzen du EEE/EVEk; batez ere, energia-iturri berriztagarrien erabilera zabaltzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko diren proiektuak, Energia Iraunkorraren Europako Asteari lotutako jarduerak edo proiektuak, kasu. Energia iraunkorra sustatzeko ekimen hau Europa osoan egiten da aldi berean. Hala, Europan 260 ekitaldi edo jarduera baino gehiago egingo dira Europako beste hainbeste hiri edo herritan. Ekintza eta ekitaldi horiek guztiek energiaren zentzuzko erabilera bultzatzea dute helburu, eta “Energiaren egunak” lelopean gauzatuko dira. Euskadin egingo diren jarduerei dagokienez, erakusketek aste osoa iraungo dute, martxoaren 22tik 26ra, honako ordutegi hauekin:
- Bilbo: Zabalgune eraikina, 10:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 19:30era
- Gasteiz: Europa jauregia, 10:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara
- Donostia: Cristina Enea, 11:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 20:00etara
Europar Batasunaren ekimen horri laguntza ematea EEE/EVEren aldetik, Alkateen Ituna deritzon egitasmoan parte hartzearen ondorio da. EBko DG TREN erakundeak abian jarritako egitasmo hori Euskadin gauzatzeko, EEE/EVE Europar Batasunaren laguntza-egituratzat hartu du. Era horretan, Euskadin, egitasmoak dituen printzipioak edo xedeak zabaltzeaz, hala nola energia-kontsumoa eta emisio kutsatzaileak murriztea eta udalek Alkateen Itunarekin bat egin dezaten zabalkunde lanak egitea, euskal energia agentzia arduratzen da. Aipatzekoa da euskal udalen erantzun bikaina helburu horiek lortzeari begira; izan ere, energia-iturri berriztagarrien aprobetxamendu maila handia izatearekin batera, energia-kontsumoan murrizketa esanguratsuak lortzen ari dira udalak. Hori horrela, Europar Batasunaren zuzentarauak dioena gai horietaz, hau da, CO2 emisioak %20 gutxitzea, energiaren aurrezpena %20 hobetzea eta ekoizten den energiaren %20 energia berriztagarrien bidez izatea, betetzeko bidean dira udal batzuk.