Bernabé Unda Barturen jaunaren hitzak
Buenos días, egun on, good morning:
It’s a pleasure to represent the Basque Goverment in this event.
Everybody knows that we are very active in energy. The Basque Country is an industrial area and a great part of our activity is connected to energy. That’s why we are here sharing our experience with you. We are part of the sector through the Ente Vasco de la Energía (EVE) and through the Basque Energy Cluster.
Dakizuenez, gas naturala da euskal energia-politikaren ardatz nagusienetakoa.
70eko hamarkadan izandako petrolioaren krisiak berebiziko astinaldia eragin zuen munduan, eta agerian jarri zuen industrializatutako herrialdeen mendekotasuna edo ahultasuna energia aldetik.
Euskadin ere jasan genuen horren eragina 1978an, eta energiaren alorrean gertatu ziren gorabeherek bete betean harrapatu gintuzten.
Izan ere, petrolio-mendekotasun handia genuen, %62 inguru, eta gure aspaldiko profil industrialak, batez ere siderurgia, zementu, paper, beira alorretan kokatua, energia-kontsumo handi-handia eskatzen zuen.
Gainera, bertako energia baliabiderik ez genuen eskura.
Egoera haren aurrean, etorkizunari begirako gogoeta egin genuen garai hartan, duela 30 bat urte, Euskadiko energia-politika garatzeko oinarriak finkatzea ekarri zuen hausnarketa, hain zuzen ere. Energia-politika hori energiaren aurreztean, energia-iturrien ugaritzean eta bertako energia baliabide mugatu edo murritzen aprobetxamenduan zetzan.
Aipatutako energia-iturrien ugaritzearen barruan, neurri edo apustu nagusia, hain zuzen ere, petrolioaren eratorrien kontsumoaren parte handi bat ordezkatzea izan zen, eta haren ordez gas naturalari sarbidea ematea; ordura arte, Euskadin erabat ezezaguna zen energia. Orduan, gasa naturalaren eskaria %0,01 baino txikiagoa zen gure herrian.
Horrekin batera, hidrokarburoen esplorazioan egindako lan handiek ekarri zuten emaitza ikusgarria; izan ere, Gaviota (1980) eta Albatros (1981) gas-hobien aurkikuntza izan zen, euskal kostaldearen inguruan.
Gas-hobi horien interkonexioaren garapenak, batez ere Espainiako gainerako garraio sistemarekin, gas merkatua eratzeko behar ziren azpiegiturak eraikitzeko aukera ezin hobea ematen zigun, energia-kontsumo handi-handia zuen eta gasa erabiltzeko ahalbide edo potentzial handia zuen gure erkidegoan.
Zalantzarik gabe, gas naturala izan da gure enpresen lehiakortasunaren bultzatzailea eta berrikuntzaren sustatzaile nagusienetakoa. Gainera, euskal etxeetara energia-kalitatea eraman du.
¡982an, Eusko Jaurlaritzak gas naturala garatzea erabaki zuen, eta Euskadin gas naturala banatzeko sareak eta gasbideen sare nagusia eraikitzeko proiektua gauzatzeari ekin zion. Hori guztia aurrera eramateko eta Euskadiko gas-kontsumo gune guztietara erregai hori eramateko, EUSKADIKO GAS SOZIETATEA / SOCIEDAD DE GAS DE EUSKADI eratu zen.
80ko hamarkadan eman ziren lehen pauso horiek, krisiaren erdi-erdian eta euskal industriaren birmoldaketan murgilduta geundela, ez ziren batere errazak izan. Hala, inbertsio garrantzitsuak egin behar izan ziren goi-presioko gasa garraiatzeko sare nagusian zehar eta industriara eramateko lehenbiziko sareen eraikuntzan.
Garai hartan, enpresetan izandako doitze edo egokitzapenekin eta industria ekipamenduen modernizazioarekin batera, gas naturalak lagundu egin zien gure euskal enpresa askori lehiakortasuna hobetzen, produkzio prozesuen berrikuntza sustatzen eta energia-eraginkortasuna bultzatzen.
Hartara, gas bidezko labe berriek, eraginkortasun handiko erregailu berritzaileez osatuek, ekarri zuten, besteak beste, ahalmenak areagotzea, errendimendua handitzea, materialen galera saihestea eta emisio kutsatzaileak gutxitzea.
1982. urtean abian jarritako baterako sorkuntzaren sustapen aitzindariaren ondoren, baterako sorkuntza sustatzeko plana prestatu eta martxan jarri zen 1987an. Plan hori, funtsean, industrian erabiltzeko gas naturalaren banaketa eta garraiatzeko azpiegituraren garapen nabarmen eta egokiari esker atera zen aurrera. Horrezaz gain, gas bidezko motor eta turbinen erabileran oinarritzen den baterako sorkuntzaren teknologia zabaltzeko eta hedatzeko aukera handiez jabetu izanak ere lagundu zuen planaren garapenean.
Era horretan, 1990ean, Euskadin energia-eskari osoaren %12 gas naturalari zegokion. Gaviota gas-hobiak gasa eman zuen 1986tik 1994ra arte, eta hari esker lortu zen zenbait urtez gas-eskaria ase edo betetzea.
Gainerako hornidura Espainiako gasbide sistemekiko konexioaren bidez eskuratzen zen, Arjeliatik zetorren gasari esker gehienbat, Bartzelonako birgasifikazio plantatik igaro eta gero.
Hala, Euskadi sistema-sarearen amaieran kokatuta egonik eta konexio bakar bat izanik, horniduraren inguruko arazoak izan ziren, batez ere neguan, Estatuko sisteman metano-ontzien deskargei lotutako arazoengatik.
Sasoi hartan, Gasteizen bakarrik garatzen ari zen gas naturalaren merkatua toki mailan. Euskadiko beste hiriburuetan, Bilbon eta Donostian, hiri-gasa edo gas ciudad delakoa banatzeko azpiegitura zaharkitua zuten eta nahiko mugatua horniduraren aldetik. Gauzak horrela, euskal udalerrietako etxe eta industrietara gasa eramateko lanari ekin beharra zegoen.
80ko hamarkadaren amaieran, NATURGAS izeneko enpresa berriaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak baldintza egokiak sortu zituen Euskadiko udalerriak gasez hornitzeko. Ildo horretatik, 90eko hamarkadaren hasieran, udalen jabetzako gas fabrika zaharren birmoldaketa abaiarazi zen. Hartara, etxean erabiltzeko gas sareak nabarmen garatu eta ugaritu ziren Euskadiko hiru hiriburuetan.
1990. urtetik aurrera, hiriburuetatik at garatzen hasi ziren etxe eta industriako gas sareak, eta euskal udalerri askotara iritsi ziren. Garapen horretan lagungarria izan zen industriara helarazteko egindako azpiegitura eta lortutako zabalkundea, betiere horniduraren bermea hobetu nahian.
Ezari-ezarian euskal etxeetan gas naturala eskuragarri jarri izanak, sistema kolektiboetan zein banakako sistema zentralizatuetan erabiltzeko, lagundu egin zuen gure etxebizitzetan erosoago eta gusturago egoten, nabarmen lagundu ere.
Egoera horren aurrean, Euskadin horniduraren bermea hobetzea eta hornidurari lotutako azpiegitura berriak garatzea lehenetsi ziren. Lehentasun horiek premia handiko eskakizunak ziren, hein handi batean.
Egoera hitz gutxitan esanda, kezkagarria zen; izan ere, eskariak urtez urte gora egiten zuen eta etorkizunean horniduraren segurtasuna erabat ziurtatu gabe zegoen. Kinka horretan, 90eko hamarkadaren hasieran, gas-horniduraren beste alternatiba batzuk aztertu ziren.
1996. urtean, eta geroan elektrizitatea sortzeko zentral aurreratuetan gas naturalaren erabilera premiak aurreikusiz, gas-hornidura sistemen hobekuntza diseinatu zen.
Aurrekoarekin batera, funtsezkoak izan ziren bertako hidrokarburoen ustiapena, gas natural likidotua inportatzeko terminalaren eraikuntza eta Euskadiko gasbideen mugaz gaindiko interkonexioa, Frantziako sarearekin lotzeko; betiere horniduraren jatorriari lotutako arriskua gutxitu eta horniduraren segurtasuna eta bermea hobetu nahian.
Hidrokarburoen esplorazioa sustatzea izan zen lehentasunezko alor bat. Ildo horretan, euskal-kantauriar arroan, 50eko hamarkadan, izandako lehen ikerketa lanak gogoratu behar dira, batez ere material sedimentarioekin, mesozoikoak gehienbat, burututako ikerkuntza. Jakina denez, konpainia ugari aritu dira harez geroztik lan horietan.
Euskadiko arroan, hidrokarburoen esplorazioan egindako lan eskergaren erakusle dira ekinaldi edo kanpaina sismiko ugariak eta esplorazio-zundaketari begirako 50 zulaketatik gora. Gaur egun, 5 ikerketa baimen daude indarrean, horietako bat itsasoan.
Aurrekoaz gain, mugaz gaindiko gas lotura edo interkonexioen hobekuntza izan zen gure jardunaren beste ardatz nagusietako bat. Frantziarekin gas-interkonexio proiektua garatu eta burutu zen, eta lehen fasea erabilgarri dago 2006. urteaz geroztik, gasa aldi bietatik zehar garraiatzeko aukera emanez.
Epe ertainean, mugako alde bietan gasbide berrien garapenak ahalbidetuko du Bilboko birgasifikazio planta Lussagnet-eko metatzeko gunearekin lotzea, Lacq herriaren ondoan dagoena, Frantziako hegoaldean. Horren ondorioz, gasa garraiatu eta hornitzeko ahalmena nabarmen zabaldu eta handituko da.
Gas alorreko azpiegitura horiei esker, alde bietako merkatuak sendotu egingo dira. Euskadiko lurretan egingo diren lanak 2010ean amaituko dira, Bergara-Irun gasbide berriaren lanei bukaera emanez.
1997. urtearen erdialdean, gas natural likidotua inportatzeko terminal baten inguruko egitasmoa aurrera eramateko asmoz, konpainia eta erakunde batzuek, Energiaren Euskal Erakundea (EEE/EVE) besteak beste, lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten.
Egitasmo horri lotutako azterketa, garapen eta eraikuntza lan ugari egin ondoren, 2004an abian jarri zen Bahía de Bizkaia Gas (BBG) deritzon birgasifikazio planta Bilboko portuan. Planta horren bidez, gas-horniduraren dibertsifikazioa areagotu da eta sistemaren horniketaren segurtasuna edo bermea hobetu da.
Munduko metano-ontzi handienen gasa hartzen duen Bahía de Bizkaia Gas plantak bi tanga edo tanke ditu, 150.000 m3 gas natural likidotu metatzeko edukiera edo ahalmena dutenak. Gainera, hirugarren tanga egiteko prozesuari ekin dio, eta aurreikuspenen arabera, 2013an martxan jartzea espero da.
Aipatutako proiektu horiek garatzen eta gauzatzen ari ziren aldi berean, gas aktibo publikoen pribatizazio prozesua burutu zen 2003. urtean, gasa garraiatzeko eta banatzeko gasbideek eta sareek osatutako aktiboak gehienbat, eta ordura arte Eusko Jaurlaritzaren esku egondako aktibo gehienak pribatizatu ziren, partaidetza txiki bat haren esku utziz.
Gas alorreko beste proiektu garrantzitsu bat Gaviota gas-hobia da, gaur egun, gasa biltegiratu edo metatzeko erabiltzen den gas-hobia, hain zuzen ere. Lurpeko gas-hobi hori Espainiako handiena da, eta aurreikusita dago 2015. urterako haren edukiera handitzea; izan ere, gasa sartzeko eta ateratzeko ahalmena bikoiztu nahi da urte horretarako.
Amaitzeko, Eusko Jaurlaritzaren gaur egungo gas natural politikaren ardatz nagusien berri eman nahi dizuet.
Euskadiko energia-eskariaren %42 gas naturalari dagokio gaur egun, petrolio produktuen gainetik dagoena, elektrizitatearen sorkuntzan eta industria sektorean egiten den gas naturalaren erabilera handiaren ondorioz gehienbat. Badira gas natural bidezko ziklo konbinatuko hiru zentral, eta gasak ia erabat ordeztu ditu gasolioak eta fuelolioak euskal industrian. Gainera, euskal etxeen % 90k baino gehiagok eskuragarri dute gas naturala.
Hurrengo hamarkadetan gas naturalak gure energia-mixaren erregai nagusia izaten jarraituko du. Hartara, oinarrizko energia izango da datozen urteetan, gure herriko energia-iturri berriztagarrien gero eta aprobetxamendu handiagoarekin batera. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarriak sustatzearen alde egindako apustuak eskatzen du energia horren osagarritasuna eta bultzada; izan ere, sorkuntza berriztagarriaren eskuragarritasun txikiagoaren eta, zenbaitetan, ez jarraituaren aurrean, gas natural bidezko ziklo konbinatuko zentralek eskaintzen dituzten horniduraren bermea, malgutasuna eta eskuragarritasuna aintzat hartzekoak dira. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, gas naturalaren eta energia berriztagarrien garapena eta sustapena aldi eta hein berean eraman behar dira aurrera datozen urteetan, energia estrategia iraunkorragoa lortzeko bidean, funtsezko lanabes edo erregai diren aldetik. Hain zuzen ere, gaur egingo den mahai-inguru batean, bi energia mota horien artean izan litezkeen mendekotasun eta sinergiez mintzatuko da, eta sinetsita nago parte hartzaileek irakasgai eta ondorio interesgarriak bezain baliagarriak helaraziko dizkigutela.
Toki mailan, gas naturalak berebiziko garrantzia izan du energia aldaketaren prozesuan, enpresen hobekuntzan laguntzeaz gain, euskal etxeen energia-erosotasun edo konforra nabarmen areagotu baitu. Eta aurrera begira, energia berriztagarrien garapenarekin batera, eskarian, ekonomian eta energia-iraunkortasunean garrantzi handikoa izaten jarraituko du; are garrantzitsuagoa gure herrian, industria sektorea indartsua da eta.
Gure ustez, administrazioaren zeregin sustatzailea eta lotzailearekin batera, lankidetza publiko-pribatua bultzatu behar da; izan ere, gas sistemaren horniduraren bermea eta lehiakortasuna hobetzeko eta sendotzeko funtsezko faktoreak dira.
Ildo horretatik, zenbait proiektu estrategikoren garapenaren arrakasta lortze aldera, gure ahalegina areagotu beharra dugu; esate baterako, hor ditugu gas natural likidotua inportatzeko terminalaren handitze lanak, gasa garraiatzeko kantauri ardatza sendotzekoak, mugaz gaindiko interkonexioaren ahalmena zabaltzeko eta handitzeko lanak eta gasa lurpean hobeto biltzeko edo metatzeko egin beharrekoak.
Bestetik, gure iritziz, garrantzi handikoa da gas naturalaren bilaketan jarraitzea gure herrian. Alde horretatik, gure estrategia da nazioarteko bazkideekin lankidetza sustatzea, bertako baliabideak esploratzeko xedez. Teknologia aurreratuak erabiliko diren proiektu berrietan nazioarteko bazkideen partaidetza lortzea munta handiko aukera izan daiteke.
Azkenik, ikusita zer-nolako garapena izan duen gas merkatua gure artean, abian dauden egitasmoen sendotzea eta handitzea bide onetik doazela, azpiegituren hobetzearekin batera, erabat sinetsita gaude etorkizun hurbilean gure alde hau gas merkatuaren eredu edo erreferentea izan daitekeela Europako hego-ekialdean.
Eskerrik asko.
Muchas gracias, thank you, eskerrik asko.
www.theeagc.com