Bilbok, Donostiak, Durangok eta Beizamak urtean 1.500 tona C02 gutxiago isuriko dituzte eta baliabideak modu eraginkorragoan aprobetxatuko dituzte, urtean bi milioi Kwh gutxiago kontsumituko baitituzte. Hori guztia proiektu berritzaileei eta energia eraginkortasuneko proiektuei, energia berriztagarriak aprobetxatzeari eta berotegi efektuko gasak murrizteari esker. Proiektuaren babesleak Ihobe sozietate publikoa eta Energiaren Euskal Erakundea (EEE/EVE) izango dira. Laguntzak adierazitako bi erakundeek udal esparruan klima aldaketaren aurka borrokatzeko izenpetu duten hitzarmenaren barruan biltzen dira. 2009. urterako EEE/EVEk eta Ihobek euskal udalei emandako laguntzen deialdia berrargitaratuko dute eta beste milioi erdi euro emango dituzte.
Bilboko, Donostiako, Durangoko eta Beizamako udalek milioi erdi euro banatuko dute elkarren artean. Kopuru horren % 50 EEE/EVEk emandakoa da eta beste erdia Ihobek emandakoa 2008-2009 aldirako. Ingurumena hobetzeko proiektu horiek abian jartzeak 1.500 tona CO2 isurtzea galarazteaz gain -berotegi efektua eragiten duen gas nagusietako bat-, energia eraginkortasuna handitzen lagunduko du udalerri horietan baliabide energetiko gutxiago kontsumituko baitira.
Bilboko Udalak Errekaldeko kiroldegiaren instalazioak berrituko ditu, eta eguzki energia termikoa eta energia fotovoltaikoa jasotzeko sistemak ezarriko ditu bertan, baita baterako sorkuntza sistema bat ere. Donostiako Udalaren proiektua, funtsean, honako honetan datza: Yoldi, Bentaberri, Antonio Elorza, Bidebieta, Altza, Gasca eta Egia kiroldegietan argiztapena ordeztea eta telekudeaketa sartzean.
Durangoko Udalaren kasuan laguntzak energia aurrezteko proiektu bati emango zaizkio. Energia argiztapen publikoaren koadroetan energia tentsioa egonkortzeko eta argi fluxua murrizteko ekipamenduen bitartez aurreztuko da. Bestalde, Beizamako Udalak berokuntza eta ur beroa sortzeko District Heating sistema bat instalatuko du. Sistema hori Beizamako udalarentzat, udal aterpetxearentzat, natur eskolarentzat eta zortzi etxebizitza berrirentzat izango da.
Finantzaketa Ihobek eta EEE/EVEk joan den ekainean izenpeturiko hitzarmenaren ondorioa da. Hitzarmen horretan udalek, mankomunitateek edo udalerrietako antzeko elkarteek, erakunde publikoek, enpresa publikoek edo zerbitzu publikoen emakidak dituzten enpresa pribatuek sustaturiko proiektu bereziak batera bultzatzeko konpromisoa hartu zuten. Ekimenaren azken helburua energia modu eraginkorrean erabiltzea, berotegi efektuko gas isurketak murriztea eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzea da.