Flota osatzen duten sei ibilgailu elektrikoak etxeko ospitalizazio eran artatzen diren gaixoak bisitatzeko eta sendagaiak banatzeko erabiliko dira
• Azken belaunaldiko flota berria Peugeot Ion markako 4 automobilek, Mercedes E-Cell furgoneta batek eta Think modeloko ibilgailu batek osatzen dute, erabat elektrikoak direnak.
• Gurutzetako Ospitalea aitzindaria da bere zerbitzuak emateko ibilgailu elektrikoen flota bat erabiltzen eta, hartara, energia aurrezteko eta eraginkortasuna hobetzeko politika orokorra ezartzen.
Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuorde Xabier Garmendiak, Osasun Kalitate, Ikerkuntza eta Berrikuntza sailburuorde Olga Isabel Riverak, IBILeko zuzendari nagusi Enrique Monasteriok eta Gurutzetako Ospitaleko zuzendari nagusi Gregorio Atxutegik aurkeztu dituzte Gurutzetako Ospitalearen ibilgailu elektrikoen flota eta horiek kargatzeko IBILek instalatutako azpiegitura, gaur goizean. Hala, Euskadiko lehen ospitalea da Gurutzetakoa ibilgailu elektrikoen flota bat izaten, teknologia aurreratuena duten ibilgailuak, hain zuzen ere. Horrek agerian uzten du, besteak beste, garraio elektriko iraunkorraren eredua bideragarria dela gainerako erakunde publiko eta enpresa pribatuetan ezartzeko.
Osakidetzaren ospitale nagusi eta erreferentetariko bat da Gurutzetako Ospitalea, medikuntza eta osasun zerbitzuen aldetik; aurrerantzean, gainera, energia egoera hobetzeko aitzindaria izango da. Izan ere, Gurutzetako Ospitalean energia egoera aztertzeko eta kontsumoa gutxitzeari begirako hobekuntzak edo neurriak aplikatzeko, lankidetza-hitzarmen bat du Energiaren Euskal Erakundearekin (Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren energia agentzia), eta hemendik aurrera, energia aldetik eraginkorragoa izango den garraio flotaren jabe izango da.
Euskadin ibilgailu elektrikoak kargatzeko kudeatzailea den BIL sozietatearekin elkarlanean, Eusko Jaurlaritzaren (EEEren bidez) eta Repsolen artean, %50nako partaidetzarekin, eratutako enpresa, Gurutzetako Ospitalearen ibilgailu elektriko berriak kargatzeko sei gune instalatu dira. Ibilgailu elektriko horiek etxeko ospitalizazio eran artatzen diren gaixoak bisitatzeko eta sendagaiak banatzeko erabiliko dira.
Ibilgailu elektriko berri horiek gasolio edo gasolina bidezko aurreko flota konbentzionala ordeztuko dute. Zehazki, flota berria honako ibilgailu hauek osatzen dute: Peugeot Ion markako lau automobilek, Mercedes E-cell ereduko furgoneta batek, Mercedesek Gasteizen duen plantan fabrikatua, Daimler Taldeak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako akordioaren ondorio dena, horrelako furgonetak Araban fabrikatzeari begira, eta Think markako ibilgailu batek; EEEk utzitako azken ibilgailu elektriko hori etxeko ospitalizazio zerbitzua emateko erabiliko da.
Goraxeago aipatutako IBILen karga-guneek zerbitzua emango diote ibilgailu elektrikoen flota berriari. Kargatzeko gune horiek, gainera, puntako teknologiaz baliatuta, erabiltzaileak identifikatzeko gai dira, eta, beraz, baimenduta ez daudenek ez dute erabiltzerik izango. Horrekin batera, guneak IBIlen kontrol zentralera konektatuta daude, erabilera monitorizatzeko eta gerta litezkeen arazoak edo gorabeherak lehenbailehen konpontzeko.
Etorkizuneko mugikortasun elektrikoa
Erregaiez elikatzen diren automobilen ordez, ibilgailu elektrikoak erabiltzearen aldeko apustua, funtsean, Gurutzetako Ospitalearen kudeatzaileek alor guztietan energia- kontsumoa gutxitzeari begira ezarritako politikaren barruan dago.
Ildo horretatik, 2010. urtean lankidetza-hitzarmen bat izenpetu zuen Energiaren Euskal Erakundearekin, Ospitalean energia egoerari buruzko azterlana egiteko xedez. Era horretan, bertako eraikinen energia-kontsumoa, energia-fakturak eta energia-galerak aztertu ondoren, energia aurrezteko aukerak eta energia iturri garbiagoak, berriztagarriak, kasu, erabiltzeko bideak proposatu zituen energia agentziak. Hain zuzen ere, energia-politika horrekin koherentziaz, eraginkortasun handiko garraio flota berria erabiliko du aurrerantzean. Hartara, goi-mailako teknologiaz baliatzen diren ibilgailu elektriko horiek lagundu egingo dute emisio kutsagarriak murrizten. Horretaz gain, zarata edo hotsa gutxitzen ere lagunduko dute; izan ere, Ospitalearen barneko aldean ez da batere hotsik eragingo ibilgailu horien erabileraren ondorioz, gaixoek eskertuko dutena.
IBIL
Repsolek eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Eusko Jaurlaritzako Energia, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren energia agentziak, eratu zuten IBIL sozietatea, 2010eko urrian, %50eko partaidetza izanik bakoitzak, Euskal Autonomia Erkidegoan mugikortasun elektrikoaren inguruko zerbitzu integralen sare bat diseinatu, eraiki eta abian jartzea helburuarekin. Horren bidez, 2011. urtearen amaieran, ibilgailu elektrikoak kargatzeko 85 gune operatibo abian jartzea xede du, iragan azaroan lortu zena.
IBIL sozietateak Estatuko merkatuan erreferente teknologikoa izan nahi du ibilgailu elektrikoak kargatzeko teknologien alorrean. Repsolek eta EEEk energia berriak sustatzeko konpromisoan oinarrituta, IBIL aitzindaria da bere arloan eta ibilgailu elektrikoari esker erabat aldatu nahi du garraio eremua datozen urteetan. IBIL sozietateak enpresei plan espezifikoak eskaintzeaz gain, ibilgailu elektrikoa kargatzeko hileroko tarifa finkoak ere jartzen ditu haien eskura.