Arabako Amurrioko Udala lehenetarikoa izan da proiektuarekin bat egiten
2013ko ekainean, EEEk eta landa zein itsas inguruneak sustatzeko HAZI euskal fundazioak abiarazitako proiektuarekin bat egin du Arabako Amurriko Udalak, landa eremuan basoko biomasa energia helburuekin aprobetxamendua bultzatzeko xedez.
Proiektua aurrera eramateko asmoz, Amurrion bildu ziren otsailaren 28an EEE, HAZI eta udaleko ordezkariak. Hala, planaren diseinuaz eta hezurmamitzeko bideez aritu ziren, udal jabetzakoak diren zenbait eraikinen energia hornidura biomasa izan dadin, udalerriarentzako eta bertako herritarrentzako irtenbide iraunkor eta probetxugarria izango litzatekeena.
Proiektua bideratzeko prozesuari dagokionez, lehenik eta behin, baso baliabidea aztertu eta kudeatzeko beharrezkoak diren txostenak egingo dira. Horrekin batera, udalerriaren energia premiak ezagutzeko azterlanak egiteari ekingo diote, eta konponbide teknikoak zehazteaz gain, horiek gauzatzeko finantzazio moduak ere aztertuko dituzte. Prozesuari amaiera emateko, energia iraunkorraren aldeko neurriak inplementatuko dira Amurrion, energia gehien kontsumitzen duten udal instalazio eta eraikinetan bertako baso biomasa erabiltzea ahalbidetuko duten neurriak, hain zuzen ere.
Proiektuaren helburua hauxe da: baliabide gisa biomasa erabiltzen duten energia proiektuak garatzeko interesatuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko udalei aholkularitza eta laguntza ematea, baliabidea egoera naturalean atera eta azterketa egiten hasten denetik energia termiko bihurtu arte, horretarako propio diseinatutako instalazioetan; betiere, udalerrien beharretara egokituko den ustiapen plan eta eredu bati jarraiki, gaur egun eskuragarri eta zenbait jatorritatik eskura daitezkeen funtsak eta finantza bideez baliatuta.
Hain zuzen ere, proiektua Coopenergy izeneko nazioarteko egitasmoaren barruan dago. Hiru urteko iraupena duen eta Europako funtsek finantzatutako egitasmo horretan (Europarentzako Energia Adimenduna deritzon programaren barnean) EEE ari da parte hartzen, eta haren helburua da toki eta erkidegoetako agintari publikoei ekintza plan bateratuak eta maila ezberdineko gobernantza akordioak garatzen laguntzea.