Euskadiko energia agentziak antolatutako hitzaldi sailaren barruan, bigarrena izango da Brufaurena

Antonio Brufauren hitzaldiaEnergiaren Euskal Erakundearen 25. urteurrena ospatzeko antolatu duen hitzaldi sailaren harira, Antonio Brufau izango da hizlari bigarren hitzaldi honetan. Repsol YPFko presidente exekutiboa den Brufauk petrolioaren geopolitika izeneko hitzaldia emango du; bertan, garrantzi estrategikoa duen energia-ituri horren inguruko gorabeherak jorratuko ditu. Hitzaldi sail honi iragan ekainean ekin zitzaion, Juan López de Uraldek emandako hitzaldiaren bidez. Hitzaldi hauen bitartez, Euskadin zein Europan garatzen ari diren energia-politikak azaltzeaz gain, gure gizarteak alor honetan dituen etorkizuneko erronkei aurre egiteko era desberdinen berri eman nahi du EEE/EVEk.

Energiaren Euskal Erakundearen 25. urteurrenaren harira, energiaren arloko ospe handiko adituek emango duten hitzaldi saila antolatu du EEE/EVEk. Hitzaldi horietako lehena Espainiako Greenpeaceko zuzendari exekutibo Juan López de Uraldek eman zuen, iragan ekainean; eta bertan, besteak beste, jatorri berriztagarria duten energia-iturrien etorkizunaz aritu zen.

Hitzaldi sailaren bigarrena ematera, aldiz, Antonio Brufau gonbidatu du EEE/EVEk. Petrolioaren geopolitika izenburupeko hitzaldia emango du Brufauk, interes handiko hitzaldia izango dena; izan ere, gure gizartea energia-iturri urri horren menpe dago, hein handi batean, eta gainera, garrantzi estrategiko handia du, herrialde garatuek aurrera daramaten nazioarteko politikari bete-betean eragiten baitio petrolioak. Repsol YPFko presidente exekutibo eta Gas Naturaleko presidenteorde Antonio Brufauk eskarmentu handia du energia alorrean. Horretaz baliaturik, nazioartean gaur egungo energia-egoeraz eta datozen urteetan izango diren joerez duen iritzia emango du hitzaldian.

Hitzaldi hauen bidez, Energiaren Euskal Erakundeak egungo energiaren egoera eta etorkizuneko erronken inguruko gaiei heldu nahi die. Gai horiek jorratzeko, ospe handiko adituak gonbidatu ditu EEE/EVEk, eta nork bere ikuspegitik abiatuta, nazioarteko energiaren egoera orokorraz jabetzeko aukera emango digute. Hain zuzen ere, nazioartean Euskadi parte hartze handia izaten ari da, punta-puntako energia azpiegiturak izateko ahalegin handia egiten ari baita. Adibide gisa, nabarmentzekoak dira gas naturala banatzeko sare garrantzitsua eta Gabiotan dagoen gasa biltegiratzeko gune estrategikoa, Repsolek kudeatzen duen gas-biltegia.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburu eta EEE/EVEko presidente Ana Aguirre buru izaten den hitzaldi sailari jarraipena emango zaio udazkenean, beste hizlari batzuekin.