Parke honek Euskadiren eguzki-energia sortzeko potentzia bikoiztu egingo du bere 24 MW-eari esker, eta aurreikusitako egutegiaren arabera hasiko dira egiten. Lurrak garbitu eta mugitzeko lanak hasi dira, eta hurrengo zedarriak ekainaren erdian eta amaieran izango dira, zimenduei buruzko probak egingo baitira eta lehenengo modulu fotovoltaikoak iritsiko baitira, hurrenez hurren. Ekian urtearen amaieran ekoizten hasiko dela aurreikusten da.

Ribera Baja/Erribera Beitia(Araba), 2019ko apirilaren 17a.Euskadiko eguzki-parke fotovoltaikorik handiena eraikitzeko obrak aste honetan hasi dira, sasiak kendu eta makinak sartu baitira lursailean, lurra egokitzeko. Lan hauek direla eta, kalkuluen arabera, 120.000 m3lur mugituko dira eta 6.000 m3haitz txikitu.
Sastrakak kentzen apirilaren 22an amaituko dutela uste da, eta ordutik aurrera hasiko dira lanak bete-betean eta urtearen amaierarako bukatutzat joko delakoan daude, planta abian jartzearekin batera. Aurreko egunetan obretako etxolak jarri dituzte, eta gaur hasi dira lanerako kanpalekua jartzen: aparkalekua, jangela eta lanerako etxolak egongo dira.

Lursailaren erdia maiatzaren erdirako prest egongo dela uste da, tinkatze-probak egiteko. Proba horien bidez lursailaren erreakzioa ikusiko da, eta, horren arabera, zutabeen zimenduak eta ezaugarriak baliozkotu edo doitu egingo dira. Lursailaren beste erdia ere ekainaren erdialderako egongo da prest proba horiek egiteko, eta panel fotovoltaikoen lehenengo moduluak hilabete horren amaierarako iritsiko dira. Udazkenean proben fasea hasiko dela uste da, sarera konektatu ondoren. Erabateko ekoizpena 2019. urtearen amaierarako izango duela uste da.
 
Parkearen ezaugarriak
 
Eguzki-parke fotovoltaikoa 55 hektareako finka industrial batean egongo da; “La Lágrima” izena du finkak eta ARASUR industrialdean dago, Ribera Baja/Erribera Beitian, Araban. Azken belaunaldiko 67.000 eguzki-panel izango dira, guztira: bakoitzak 355 watt sortuko ditu eta, osora, 24 MW-eko potentzia instalatua izango du; urtean 40.000 MWh inguru sortuko dira, hau da, urtebetean 15.000 familiak izaten duten kontsumo elektrikoaren pareko energia elektrikoa. EKIAN proiektu aitzindaria da, hainbat enpresaren lankidetzaren ondorioz eguzki-parke bat sustatuko den lehenengo aldia izango baita, eta enpresa horiek izango dira instalatutako potentziaren zati baten “jabeak”.
 
EKIANek 24 MWpico-ko potentzia izango du instalatuta; horrek Euskadiren egungo ahalmena bikoizten du, eta urrats handia da 2030erako ekoizpen elektriko berriztagarrien arloan Eusko Jaurlaritzak duen Energia Estrategiaren helburuak lortzeko. Eguzki-energia fotovoltaikoari dagokionez –gaur egun aprobetxatzen den energia berriztagarri guztiaren % 1,4 da–, ehuneko hori hazi, eta hamarkada batean baino gutxiagoan % 4,4ra iristea da xedea, 293 MW-eko potentzia instalatura iristeko.
 
Ekimen publikoa-pribatua
 
EKIAN sustatzen duten bi erakunde promotoreek, KREAN-ek eta Energiaren Euskal Erakundeak, elkarte instrumental bat eratu dute (Interes Ekonomikoko Taldea izenekoa teknikoki) eta hogeita hamar urterako eratu da; talde horren xedea da instalazio fotovoltaiko hau abian jartzea eta energiaren sorrera aktibatzea. 
Euskadiren energia estrategiak proposatzeko zeregina duen Eusko Jaurlaritzaren energia-agentzia da Energiaren Euskal Erakundea, hornidura-bermeko, lehiakortasuneko eta jasangarritasuneko irizpidepean, eta, horrekin batera, herrialdearentzat funtsezkoak diren proiektuen garapenean parte hartzeko zeregina ere badu. Horretarako, Euskadiko erreferentziazko erakundea da energia-esparruan, energia-efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak garatzeko egiten duen ekarpenarengatik.

KREAN Promoción y Estructuración-ek, LKS KREAN-ekin (parkearen proiektua diseinatzen eta zuzentzen duen ingeniaritza-enpresa) eta KREAN Design & Build-ekin batera (diseinua eta eraikuntza giltzak eskuan) KREAN Taldea osatzen dute, MONDRAGON korporazioan bildutako taldea. Proiektuetako lidertzaren aldeko apustua egiten du KREAN Taldeak, betiere –EKIAN parkearen kasuan bezala– proiektu horiek jasangarritasunarekiko konpromiso bat inplikatzen badute, ingurumen-arloan zein erantzukizun sozialaren arloan. Araban bertan, Gasteizen, Irizar eta Yarritu enpresekin batera, Bus Elektriko Adimenduna ezartzeko proposamen batean parte hartzen duKREAN Taldeak.

Sustatzaileekin bat eginez, proiektuak sektore eta alor zenbaitetako (industriako, zerbitzuetako eta administrazioko) enpresa taldeen atxikimendua du, eta, guztira, 24 milioi euroko inbertsioa egingo dute eguzki-parkea ezarri eta abian jartzeko. Etorkizunean enpresa gehiagok ere bat egin ahal izango dute proiektuarekin, euskal enpresa batzuekin hasitako negoziazioen arabera.

Enpresa partaideak EKIANen
 
KREAN (LKS Energy)
Energiaren Euskal Erakundea (EEE)
Aernnova-Kaizaharra Corp. Empresarial
ATEGI S. Coop.
Bahía de Bizkaia Gas (BBG)
Capital Energy
De Valle Aguayo
Explotaciones Subijana
Fundación Vital
Iberdrola-Eólicas de Euskadi
Irizar E-Movility
Petronor
Watio
Jema Energy
IDEC-NANTEC Innovación y Tecnología
Gil Urzay Instalaciones Eléctricas
Villoria Energía (HOLFISA)
INBISA, SL.
Laboral Kutxa
Giroa-Veolia
Corporación Mondragon
 
 
EKIANi buruzko informazio gehiago: www.ekian.eus