Bisitarien iruzkin edo ohar gehienak arrantzan izan dezakeen eraginaren eta elektrizitatea lortzeko itsasoa erabiltzearen garrantziaren inguruan izan dira

Iragan uztailean Armintzako portuan eta geroago Mundakan, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) antolatutako erakusketa dibulgatiboak itsas energia ezagutaraztearekin batera, energetikoki aprobetxatzeko ahalbide edo aukeraren berri eman nahi izan du, eta bertatik lau mila lagun inguru pasa dira. Hain zuzen ere, Lemoiz udalerriko auzo horretan aurreikusten da bimep azpiegitura jartzea. Europa osoan aitzindaria izango den itsas instalazio horretan olatu-bihurgailuak probatu eta erakutsiko dira. Horrezaz gain, itsas energia ikertzeko zentro bat ere eraikiko da.

Erakusketa zabalik egon den bitartean, berrogeita hamar bisitari inguruk oharrak edo iruzkinak idatzi dituzte bimep azpiegituraz. Kopuru horretatik hogeita lau proiektuaren alde azaldu dira, eta horrelako iruzkinak egin dituzte: ezin hobea, interesgarria, berritzailea, beste proiektu batzuk abiarazteko komenigarritasuna, Euskadi lehena izateko nahia, eolikoa baino energia hobea da, etab.

Erakusketan izandako zapi lagunek, ordea, negatibotzat jo dute bimep instalazioa. Horietako bik honako iruzkin hau egin zuten: lardaskeria bat da. Beste bost lagunek, aldiz, inguruko arrantza-guneen eta itsasontzien segurtasunaren inguruko kezka adierazi zuten. Ildo horretatik, iruzkin horietako batek proposamen hauxe egin zuen: bimep azpiegitura beste leku batera eramatea, kokatzeko koordenada zehatzak iradokiz.

Bestetik, erakusketara bertaratutakoek galdera asko eta askotarikoak egin zituzten; adibidez, etorkizunean, bimeb azpiegiturari esker, zenbateko elektrizitate-kontsumoa estali edo beteko den, belaontzien eta urpekarien segurtasunaren gainekoak, edo Armintzako uraren tenperaturan eragina izango duen.

Armintzan izan ondoren, erakusketa Mundaka herrira eraman zuten, Billabong Pro Surf txapelketa bertan egiten ari zen egunetan, eta Beko Talan jarritako karpan kokatu zen erakusketa, frontoiaren ondoan. Mundakan bi mila lagunetik gora pasa ziren erakusketatik. Hala, surf txapelketa ikustearekin batera, bimep instalazioaren nondik norakoa ezagutzeko parada izan zuten lagun horiek.

Erakusketaren bitartez, energia aldetik euskal kostaldeak eskaintzen duen ahalmena edo potentziala zabaldu nahi da herritarren artean. Halaber, olatu-bihurgailuen garapenean izandako aurrerapenen berri ere eman gogo da erakusketan. Horretarako, berariaz prestatutako panel eta orri dibulgatiboekin batera, ikus-entzunezko elementuak daude erakusketan. Informazioaren muina bimep egitasmoa denez gero, haren helburuak eta instalazioaren funtzionamendua xeheki azaltzen dira, itsas energiaren alorrean munduko erreferentea eta Bizkaiko herri horretara mundu osotik ikerlariak bereganatzeko gai izango den instalazioa, hain zuzen ere.

Bimep azpiegitura, funtsean, Itsaso zabalean mugatuko den proba eremu bat izango da, mundu osoko zenbait enpresa garatzen ari diren olatu-bihurgailuak konektatzeko behar diren elementu guztiekin. Bimep azpiegiturari esker, olatu-bihurgailu horien funtzionamendu, fidagarritasun, errendimendu eta kostuen inguruko ikerketak eta azterketak egin ahal izango dira; gailu horiek merkaturatzeko bidean ezinbesteko pausoa dena. Hori horrela, bimepek lagundu egingo die enpresei olatu-bihurgailuak garatzen, haien tresnak probatu eta ikertzeko eremua eskainiz. Izan ere, olatu-bihurgailuak garatzen diharduten enpresek inbertsio handiak egiten badituzte ere, are handiagoak dira bimep azpiegiturak eskatzen dituenak; adibidez, itsaspeko kableak itsaso zabalera eramateko eta energia elektrikoa lehorrera bideratzeko egin behar diren inbertsioak. Gainera, beharrezko diren baimen guztiak eskuratzeari begira, izapide burokratikoetan denbora ez galtzeko aukera ematen die enpresei bimepek. Hartara, enpresek eskura izango dute euren tresnak behar bezala probatu eta erakusteko gune ezin hobea, eta gainera, itsaspeko kable, izapide, ingurumen-baimen eta abarrez kezkatu beharrik gabe. Beraz, enpresen zeregin bakarra izango da haien teknologia Euskadira ekartzea. Era horretan, teknologia eta ezagutza geureganatzeko moduan izango gara, eta horrek ahalbidetuko du itsas energiaren inguruan sektore berri bat eratzea. Hain zuzen ere, aberastasun eta enplegua sortzeaz gain, energia iturri garbi bat ustiatzea ekarriko duen sektorea. Armintzako portuaren aurrean, itsaso zabalean, egongo den bimep instalazioaren eremua edo azalera 4x2 kilometrokoa izango da. Markatzeko lau buiaren bidez mugatuko da eremu hori eta 20 MW-erainoko ahalmena izango du. Horrekin batera, bakoitzak 5 MW eta 13 kV-eko potentzia izango duen lau itsaspeko kablez osatutako sistema egongo da. Kable sistema hori 50 eta 90 metro arteko sakoneran kokatuko da.

Aipatutako tresneria horri esker, elkarri konektatuko diren olatu-bihurgailu ugari egon ahal izango dira aldi berean bimepen eremuan. Gailu horiek ekoitziko duten energia elektrikoa berehala bideratuko da lehorrera. Gainera, Armintzan eraikiko den ikertzeko zentrora beste datu batzuk ere bidaliko dira itsasotik; izan ere, elektrizitatea bideratzeko kableen paraleloan egongo den zuntz optikozko sare baten bidez, bihurgailuen funtzionamenduari buruzko datu asko eskuratzeko aukera izango da. Hartara, teknologiaren egoera ikusteko eta aurrerapenak ikertzeko moduan izango dira enpresak.

Itsas energia Euskadin
Bimep egitasmoarekin batera, Mutrikuko energia proiektua garrantzi handikoa da Euskadin eta Europa osoan itsas energia garatzeko, Mutrikuko planta edo instalazioa berezi eta bakarra baita horrelako instalazioen artean, munduan antzeko ezaugarriak dituzten bi instalazio baino ez daude, potentzia txikiagoa badute ere. Mutrikuko olatuen energia ustiatzeko plantak Ur Zutabe Oszilatzailea deritzon teknologia erabiliko du, edo ingelesez OWC siglez ezagunagoa dena. Guztira, instalatuko den potentzia 296 kW-ekoa izango da, eta urtean 600.000 kWh ekoitziko ditu, hots, 600 pertsonaren elektrizitate kontsumoaren baliokidea. Abian jartzen denean, horrelako ezaugarriak dituzten planten artean handiena izateaz gain, haren ekoizpen guztia elektrizitatea banatzeko sare nagusira bideratuko duen bakarra izango da.

Itsasoak bere baitan energia asko duenez gero, energetikoki ustiatzeko aukera ugari ematen du. Energia hori zenbait eratan bildu edo metatzen da, adibidez, olatuetan, mareetan, itsaslasterretan; baita energia termiko modura ere. Gaur egun, energia baliabide berriztagarri honen ustiapena oso mugatua bada ere, zenbait prototipo garatzen ari dira energia hori eskuratu ahal izateko eta energia elektriko erabilgarri bihurtzeko.

Itsas energia etorkizuneko energia izateko bidean da, energetikoki aprobetxatzeko ahalmen edo potentzial handia baitu. Adibide gisa, Euskadiko energia elektrikoaren kontsumoaren %10 itsas energiaren bidez ase edo bete liteke. Energia horrek, urtean, atmosferara 1,1-1,5 milioi tona CO2 ez aireratzea ekarriko luke. Azken batean, itsas energiak, Euskadin aprobetxatzen ari diren gainerako energia berriztagarriekin batera, kutsakorragoak diren beste energia iturri batzuk baztertzea ahalbidetuko du.

Gaur egun, energia, ekonomia eta ingurumenaren ikuspegitik, olatuen energia da gailu eta teknologia egoki eta aurreratuenak dituena itsas energien artean.