•    Bost urtean, instalatutako potentzia 747 kW izatetik 7.500 kW izatera pasa da.
•    Energia berriztagarrien artean, biomasa da gehien erabiltzen dena Euskadin, ekoizpen berriztagarriaren % 85 delarik.
•    Datozen urteetan, etxebizitzetan eta hirugarren sektorean energia mota horrek garapen ikusgarria izango duela espero da.

Bilbo, 2011ko apirilaren 13a – Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi José Ignacio Hormaechek inauguratu du biomasari buruzko jardunaldia. Etxeetan ur bero sanitarioa eta berokuntza eskuratzeko, energia berriztagarri horren abantailen berri eman dute jardunaldian. Biomasaren “erregaia” diren pellets eta ezpalak oso lehiakorrak dira, gasolio eta beste erregai fosilen aldean.

Energiaren Euskal Erakundeak antolatutako jardunaldiaren helburu nagusia biomasa ezagutaraztea izan da; batez ere, energia berriztagarri horrekin zerikusia duten eragile eta pertsonei haren berri ematea; esate baterako, finken administratzaileei, arkitektura estudioetan aritzen direnei, udal planifikazioan diharduten arduradunei, berokuntza esparruan lan egiten dutenei eta antzeko zereginetan ari direnei.


Izan ere, energia-iturri egokia da biomasa etxebizitzetan ura berotzeko eta berokuntza premiak asetzeko. Hain zuzen ere, erregai fosilen prezioak goranzko joera nabarmena duen honetan, biomasak baditu beharrezkoak diren egonkortasuna eta hornidura ahalmena, oso energia-iturri lehiakorra izateko. Hala, etxejabeen elkarte, hotel eta antzeko instalazioetan gasoliozko galdarak ordezteko oso aproposa da.

Abantaila horiek direla eta, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) biomasari lotutako teknologiaren aldeko apustua egin du; betiere haren instalazioa bideragarria den heinean. Ildo horretatik, gasolio-instalazio zaharren berritzea sustatzen du EEEk, eta haien ordez instalazio termiko berriak jartzen laguntzen du, adibidez, pellets edo ezpal bidezko galdarak instalatzeko diru laguntzak ematen ditu. Aldi berean, ahal den guztietan, obra berrietan eta bero-sareetan biomasari sarbidea ematea bultzatzen du EEEk, barrutiko berokuntza delako sistema eratuz, biomasa erabiliz bero-iturri nagusi gisa, etxebizitza-bloke batzuei energia hornidura emateko.


Erregai berriztagarria eta ugari Euskadin
Biomasak, egurrezko ezpal eta pellets eran, kalitate handiko erregaia eskaintzen du, goranzko joera duen merkatu batean eta etengabeko hornidura izatea ahalbidetzen diguna. Gainera, Euskadin lehengai ugari izateaz bat, “erregai” ekoizteko enpresak ditugu; izan ere, bertan ekoizten diren pellets eta ezpalei esker, etengabeko hornidura ziurtatuta dago, kalitate berme guztiekin eta ekonomikoki modu lehiakorrean hornitu ere, jatorri fosila duten erregaien aldean.

Biomasa-galdarak, gaur egun, garapen eta heldutasun handia duen teknologiaz baliatzen dira. Horren ondorioz, erabilera eta mantentzeari dagokionez, berme erabatekoa eskaintzen dute. Beraz, kalitate handiko horniduraren eta teknologia egokia darabilten galdaren konbinaketari esker, Euskadin jatorri berriztagarria duen berokuntza erabiltzeko aukera dugu.

Hain zuzen ere, jardunaldian, zenbait esperientzia edo kasu praktiko azaldu dira biomasa-galdaren inguruan, gasoliozko galdarak ordezkatzeari begira. Horretaz gain, kalitate handiko pellets ekoizteko bideen berri ere eman da, gure oraingo eta etorkizuneko energia premiak ase edo betetzeko ezin egokiagoak direnak.


Laguntza programak
Etxeetako erabilera termikoetarako biomasaren eta, oro har, energia berriztagarrien merkatua sendotzen laguntzeko xedez, Energiaren Euskal Erakundeak diru laguntza programa batzuk eratu ditu, energia-iturri berriztagarri  bidezko sistemak erabiltzea errazten duten programak, hain zuzen ere. Hala, instalatzen den biomasa-galdararen potentziaren arabera, ematen den diru laguntza ezberdina da; nolanahi ere, instalatzeko egiten den guztizko inbertsioaren %30 eta %35 artean izaten da diru laguntza.
Etxebizitzetan bero ekoizteko, biomasa-galdarak instalatzeari begirako diru laguntza eskaerak nabarmen areagotu dira azkenaldian. Izan ere, 2006. urtean 11 instalaziok jaso zuten diru laguntza, eta orduan 747 kW-eko potentzia zegoen instalatua; 2009an, ordea, 367 instalazio baliatu ziren EEEren diru laguntza programez eta 10.528 kW instalatu ziren. Horren ondoren, 2010. urtean 270 instalazio diruz lagundu ziren eta potentzia instalatua 7.347 kW-ekoa zen. Datu horiek agerian jartzen dute energia berriztagarri horrekiko interesa eta konfiantza, Euskadin garatzeko aukera handia duen merkatuaren hazkunde nabarmena izaten ari dena.

Biomasa Euskadin
Gaur egun, biomasa da Euskadin gehien erabiltzen den energia berriztagarria. Adibide gisa, 2010ean, Euskadin, azken energia-kontsumoan energia berriztagarrien ekarpena %6,8 izan zen. Ekarpen edo kantitate horretatik %85 biomasan oinarritu zen (%64 biomasa eta %21 biorregaiak). Hidroelektrikoarena, berriz, %7,3 izan zen, eolikoa %7 eta eguzki-energiarena %0,4.