“Sar dadila lapur bat zure etxean” leloa duen kanpainaren bidez, EEEk energia elektrikoaren eguneroko erabileran ohitura aldaketa bat sustatu nahi du |
Energiaren Euskal Erakundeak abiarazi duen sentsibilizazio kanpaina horren bitartez energiaren zentzuzko erabilera sustatzeaz gain, herritarren ekintza xume batzuei esker aurrezteko garrantzia ere nabarmendu nahi du. Kanpaina, datorren igandean, martxoak 5, izango den Energia Eraginkortasunaren Munduko Egunaren harira antolatu du.
Kanpaina hau kontsumitzaileei, herritarrei begira eratu da, beren eguneroko jardunean energia kontsumitzen duten horiei zuzendua, eta norberaren keinua edo ardura azpimarratu nahi du, erraz saihestu daitezkeen kontsumoak gerta ez daitezen eta aurreztean lagungarri direnak. Azken finean, energiaren garrantziaz jabetzeko dei bat da, ondasun urri, beharrezko eta balio handikoa den energiaren erabilera arduratsuagoa egiteko guztion aldetik. Hartara, etxeetan energia beste era batera erabiltzeko jokabidea edo eskema aldatu nahi da, eraginkortasunari lehentasuna emanez. Horrexegatik, hain zuzen ere, lapur bat sartzen uztea etxean hargune anitzeko konektore bat instalatzetik baino haratago doa; izan ere, jabetu behar dugu energia eta bere erabilera arduratsua egitea herritar guztion egitekoa dela.
Eraginkortasuna, lehen energia iturritzat jotzen badugu, Eusko Jaurlaritzaren energia politikaren ildo nagusienetakoa da, eta, beraz, Energiaren Euskal Erakundeak aurrera eramaten duen lanean garrantzi handiko aldagaia da. Horren erakusle da, besteak beste, Euskadiko industriari eta gainerako sektore kontsumitzaileei laguntzeko programa guztietan aintzat hartzea; izan ere, energiak eragin handia du enpresen lehiakortasun ahalmenean nazioarteko merkatuetan. Energia ondasun urri eta balio handikoa denez gero, era egokian eta zentzuz erabiltzea lehentasun bat da izan behar da esparru publikoan zein pribatuan.
Energiaren Euskal Erakundeak 30 urte baino gehiago daramatza energia eraginkortasunari eta aurrezpenari lotutako neurriak sustatzen, 2017ko ekitaldian ere garatuko diren laguntza lerroak. Iaz, horrelako neurriei esker, azken energia kontsumoaren %0,7aren baliokidea den aurrezkia lortu zen Euskadin.