3.000 bonbilla banatuko dira 5 egunean.

· Bonbillekin batera, etxean energia aurrezteko aholkuak dakartzan gidaliburua banatuko da
· Ohiko bonbillekin alderatuta, energiaren %80 aurrezteaz gain, tona erdi CO2 aireratzea saihesten dute 15 W-eko kontsumo txikiko bonbillek
· Kanpaina urriaren 1etik 5era egingo da, hiriko zenbait tokitan

Energia aurreztu beharraz herritarrak kontzientziatzea helburu duen kanpaina berri bati ekin dio Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE). Hain zuzen ere, kontsumo txikiko bonbillak banatzean datzana, etxeetan energiaren kontsumoa murrizteari begira. Bilboko Udalarekin lankidetzan aurrera eramango den kanpaina honetan, kontsumo txikiko 3.000 bonbilla banatuko dira hiriko leku batzuetan. Kanpaina urriaren 1etik 5era bitartean egingo da, eta Bilbon ez ezik, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako beste herri askotan ere egiteko asmoa dago. Hala, Euskadi osoan 20.000 bonbilla inguru banatuko dira.

Energiaren aurreztea sustatzeko xedez, Bilboko auzoetan EEE/EVEren beste ekimen bat gauzatuko da. Zehazki, urriaren 1etik 5era, kontsumo txikiko 3.000 bonbilla banatuko dira goiz eta arratsaldeko txandetan. Txanda horietako bakoitzean, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara, 300 bonbilla banatuko zaizkie Bilboko auzokideei. Txanda bakoitzean aipatutako bonbillen kopurua banatu ondoren bukatutzat emango da banaketa, energia aurreztearen inguruko informazioa ematen jarraituko bada ere.

Bilboko Udalak laguntzen duen ekimen edo kanpaina hau honako toki eta egun hauetan egingo da:

· Urriaren 1ean, astelehena: goizean, Deustuko Done Petri plaza; arratsaldean, Uribarriko Eskola plaza.
· Urriaren 2an, asteartea: goizean, Otxarkoagako Kepa Enbeita plaza; arratsaldean, Zazpi Kaleko Unamuno plaza.
· Urriaren 3an, asteazkena: goizean, Begoñako Udal Barrutiko Zentroa; arratsaldean, Indautxu plaza.
· Urriaren 4an, osteguna: goizean, Plaza Biribila; arratsaldean, Uribarri Eskolen plazan.
· Urriaren 5ean, ostirala: goizean, Zorrotzako Azoka plaza; arratsaldean, Aita Donostia plaza.

Bonbillekin batera, “Energia etxean” izeneko gidaliburua banatuko da. Argitalpen horrek aholku eta gomendio ugari dakartza energia aurrezteko etxean eguneroko jardunean, eta bidez batez, ingurumenaren gaineko eragina gutxitzeko.

Banatuko diren kontsumo txikiko bonbillek 15 W-eko potentzia dute, 75 W-eko bonbilla tradizionalen baliokideak direnak. Banatzen hasiko diren bonbillak eraginkortasun handikoak dira; izan ere, argiztapen bera emateko, elektrizitate kontsumoa %80 gutxitzen da eta 8.000 orduko bizitza erabilgarria dute, bonbilla konbentzionalena baino 8 bider handiagoa dena. Gainera, kontsumo txikiko bonbilla horietako bakoitzak bere bizitza erabilgarrian tona erdi CO2 aireratzea saihesten du.

Aurreikuspenen arabera, kanpaina osoan Euskadiko 32 udalerritan banatuko dira horrelako bonbillak. Era horretan, guztira 20.000 bonbilla banatzeko asmoa dago Euskadi osoan. Dena den, ekimen hau ez dela berria aipatu behar da, 2006an egin baitzen lehenengoz antzeko kanpaina. Orduan 20 W-eko potentzia zuten kontsumo txikiko 10.000 bonbilla banatu ziren 39 udalerritan. Batez beste, 260 bonbilla banatu zitzaizkien herritarrei udalerri horietako bakoitzean. Aurrerago, oraindik zehazteke dauden datetan, beste kanpaina bat egitea aurreikusten da, hirugarrena, hain zuzen ere, eta beste 20.000 bonbilla inguru banatuko dira.