Martxoaren 5a
"Gutxigasta al zara?" leloarekin, energia-kontsumoan jarrera arduratsuak sustatuko ditu
Energiaren Euskal Erakundeak (Eusko Jaurlaritzaren energia-agentzia), hirugarren urtez jarraian kanpaina bat abian jarri du martxoaren 5ean ospatzen den Energia Efizientziaren Munduko Egunaren esparruan, eta bere helburua herritar guztiek energiaren erabilera arduratsua egitea da.
Kanpaina hainbat komunikabidetan eta kalean garatuko da, eta bertan energia kontsumitzen den eguneroko hainbat egoera azalduko dira eta galdera bat egingo da: "Gutxigasta al zara?", izan ere, euren eguneroko jardueretan ahal duten neurrian ahalik eta energia kantitaterik txikiena kontsumitzen duten pertsonak definitzen dituen hitz berria baita. Kanpainaren bitartez adierazten denez, energiak ingurunea gero eta gehiago errespetatzen duen jatorria izatea bezain garrantzitsua da soilik beharrezkoa den energia kontsumitzea, soberan edo alferrik kontsumitu gabe.
Aste honetan zehar kaleko hainbat euskarritan lehen kartelak ikusi ahal izan dira eta irratian egindako hainbat iragarki entzun dira, eta bihar, martxoaren 5a izaki, online-komunikabideetan nahiz sare sozialetan presentzia izango du.
Urteroko ospakizuna
Energia Eraginkortasunaren Munduko Eguna urtero martxoaren 5ean ospatzen da energia-baliabideen zentzuzko kontsumok duen garrantzia gogorarazteko, baliabide horiek mugatuak direlako eta euren produkzioak ingurunean inpaktua eragiten duelako. Inpaktua murrizteko, garbiagoak diren energia-iturrien eta energia berriztagarrien gero eta ezarpen handiagoaz gain, oso garrantzitsua da energia-kontsumoa murriztea teknologia eraginkorren bitartez eta ohitura-aldaketa bat eginez, aurrezpenaren kultura ezartzeko helburuarekin.
Ildo horretan, Energiaren Euskal Erakundeak, urtero, sektore kontsumitzaile guztietan teknologia horiek ezartzera bideratutako diru-laguntzen lineak iragartzen ditu, teknologia aurreratuko eta energia-kontsumo txikiko instalazio berriak (adibidez: argiztapen-sistemak, klimatizazio-sareak, industria-ekipamenduak, efizientzia handiko ibilgailuak, erregai alternatiboak erabiltzen dituzten ibilgailuak eta abar) martxan jartzeko ekonomikoki lagunduz.
Aurtengo ekitaldirako laguntzen aurrekontua 20,6 milioi eurokoa da, 10,5 milioi berriztagarrietara eta beste 10 milioi efizientzia-proiektuetara bideratuz. 1982. urtean sortu zenetik, Energiaren Euskal Erakundeak 280 milioi euro inguru inbertitu ditu Euskadin energia-ereduaren aldaketa bat sustatzeko laguntzak emanez.