Ikerketa honen helburua Euskadiko herritarrek klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruz dituzten pertzepzio eta jarrerak aztertzea izan da. Landa lana 2021eko martxoaren 1etik 9ra egin zen.
SARRERA
Ikerketa honen helburua Euskadiko herritarrek klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruz dituzten pertzepzio eta jarrerak aztertzea izan da. Landa lana 2021eko martxoaren 1etik 9ra egin zen.
PERTZEPZIO OROKORRA
Arazo larritzat jotzen da
Euskadiko herritarrek klima-aldaketa arazo larritzat jotzen dute, 8,1eko puntuazioarekin 0tik 10erako eskalan. Izan ere, Europar Batasuneko batezbestekoa baino apur bat altuagoa da larritasun pertzepzio hori (EBn 8,0).
Herritarrak gero eta kontzienteago dira klima-aldaketaren eta energiaren ekoizpen eta kontsumoaren arteko erlazioaz. 2017an %39k zioten oso lotuta daudela eta gaur egun %51k diote. 18 eta 29 urte bitartekoek lotura hori are argiago ikusten dute, %70ek uste dute oso lotuta daudela.
KLIMA-ALDAKETAREN ONDORIOAK
Gehiengo zabalak uste du ondorioak sentitzen ari garela jada
EAEko herritarren %73k uste dute klima-aldaketaren ondorioak sentitzen ari garela jada, %10ek datozen 10 urteetan sentituko ditugula eta %8k datozen 25 urteetan edo beranduago sentituko ditugula.
Herritarren ustez Euskadin gertatzeko aukera gehien duen ondorioa da bero bolada gehiago izatea (%45ek uste dute aukera asko daudela eta %45en ustez dezente). Ondoren, herritarrek uste dute gerta daitekeela baita ere itsasoaren maila igotzea (%43k uste dute aukera asko daudela eta %44k dezente), gaixotasun infekziosoak edo pandemiak ugaritzea (%40 eta %44), animalia eta landare espezie batzuk galtzea (%38 eta %43), uholdeen maiztasuna handitzea (%36 eta %44) eta lur-jausi gehiago gertatzea (%30 eta %44). Aldiz, gutxiengoa dira uste dutenak klima-aldaketak Euskadira janari eta ur eskasia ekar dezakeela (%11k aukera asko eta %24k dezente).
KLIMA-ALDAKETAREN AURKAKO ERAKUNDEEN EKINTZAK
Energia berriztagarriak bultzatu behar lirateke
Euskadiko gizartea oso zatituta dago klima-aldaketaren aurkako borrokari Euskadin eman beharreko lehentasunari buruz. %48ren ustez Euskadirentzat lehentasunezkoa izan behar da, eta beste %49ren ustez garrantzitsua da, baina momentu honetan beste lehentasun batzuk daude. Iritzi honetan nabarmena da egungo pandemia egoeraren eragina. Herritarren %2k bakarrik esan dute klima-aldaketaren aurkako borroka ez dela garrantzitsua Euskadirentzat.
Euskadin klima-aldaketaren aurka borrokatu ahal izango luketen eragile batzuen zerrenda aurkeztuta, herritarrek Eusko Jaurlaritza aipatu dute gehien, arduradun nagusitzat (%29), eta ondoren herritarrak (%13) eta enpresak (%11). %39k erantzun dute guztiei berdin dagokiela, nahiz eta erantzun aukera hori ez zitzaien iradoki.
Herritar gehien-gehienak udalek klima-aldaketaren aurka hartu ahal izango lituzketen neurri jakin batzuen alde agertu dira: bertako elikagaien kontsumoa sustatu (%70 guztiz ados eta %26 nahikoa); hiriak berdeago bihurtu, zuhaitzak landatuz, parkeak eginez, eraikinen fatxadan edo gainean landareak jarriz, eta abar (%65 eta %29); instalakuntza energetikoak bultzatu, etxebizitzek bere burua hornitu ahal izan dezaten (%62 eta %32); oinezkoentzako kaleak, bizikleten erabilera eta garraio publikoa sustatu (%62 eta %31); hirien, landa-eremuen eta natur espazioen arteko hurbiltasuna eta irisgarritasuna bultzatu (%54 eta %37); eta gehien kutsatzen duten ibilgailuei zerga gehiago jarri (%37 eta %34). Azken neurri honen alde beste neurrien alde baino jende gutxixeago azaldu da, baina hauxe da 2017tik gehien aldatu dena, orduan %59 zeuden guztiz edo nahikoa ados, eta orain %71.
Bultzatu behar liratekeen energia motei dagokienez, herritarrak energia berriztagarrien alde agertu dira bestelakoen alde baino gehiago: eguzki-energia (8,6 puntu 0tik 10erako eskalan), eolikoa (8,3), itsas-energia (8,1), geotermia (7,5), biomasa (6,7), hidrogenoa (6,3), gas naturala (5,4), petrolioaren deribatuak (3,4) eta nuklearra (1,8). Hala ere, energia nuklearraren aldekotasuna da, txikia izanik ere, gehien hazi dena, 2017an 1,4 puntu zituen eta egun 1,8.
KLIMA-ALDAKETAREN AURKAKO ETA ENERGIA-TRANTSIZIORAKO HERRITARREN EKINTZAK
3tik 4 prest daude beren inguru hurbilean energia berriztagarriko instalazio bat edukitzeko
Euskal herritar gehienek argi dute klima-aldaketaren aurka egiteko beharrezkoa dela erosotasun batzuei uko egitea (%51 guztiz ados daude eta %39 nahikoa ados), eta pertsona bakoitzak bere energia kontsumoa murriztea (%50 eta %39).
Lehendik ere gutxiengoa izanik, urritu egin dira uste dutenak zientziari esker klima-aldaketaren aurka egin ahal izango dela gure bizimodua aldatu gabe; 2017an %36 ziren eta gaur egun %31.
Herritarrei galdetu zaie zein maiztasunekin egiten dituzten klima-aldaketaren aurkako borrokan lagungarri liratekeen zenbait ekintza, eta gehienek beti edo askotan egiten dituztela esan dute: hondakin gutxiago sortzen saiatu eta bereizi (%75ek beti eta %20k askotan), gero eta elikagai gutxiago alferrik galtzen saiatu (%67 eta %26), gertuko eta garaiko produktuak erosten saiatu (%58 eta %33) eta etxetresna elektrikoak edo bestelako produktuak konpondu eta berrerabiltzen saiatu beste bat erosi aurretik (%51 eta %28).
Herritarren %75 prest agertu dira bere inguru hurbilean energia berriztagarrien instalazio bat edukitzeko, esaterako eguzki-parke bat edo haize-erroten instalazio bat; %12 ez leudeke prest eta %9k “segun eta” erantzun dute, batez ere instalazio motaren arabera eta kokapen eta distantziaren arabera.
ETORKIZUNERAKO EGOERA DESIRAGARRIAK
Adostasun handia Euskadi klima-aldaketara egokitzeko
Herritar gehien-gehienei ondo irudituko litzaieke 20 urte barru Euskadiko herri eta hiriak berdeagoak izatea (%81i oso ondo eta %16ri nahikoa ondo), gure ondare naturala ondo kontserbatua egotea eta klima-aldaketari aurre egiteko lagungarria izatea (%81 eta %15), etxebizitza askok energia garbia sortzeko sistemak edukitzea eta gutxiago kontsumitzea (%76 eta %20), ibilgailu gehienak elektrikoak izatea edo beste mota bateko ibilgailu ez-kutsakorrak (%69 eta %25), energia berriztagarrien instalakuntzak egotea Euskadi guztian zehar banatuta, kanpoan sortutako energiarekiko menpekotasun gutxiago izateko (%69 eta %24) eta orain baino askoz ibilgailu pribatu gutxiago egotea (%49 eta %33).
Gehienak ados daude baita ere 20 urte barru hegazkinez pandemiaren aurretik baino gutxiago bidaiatzearekin (%68ri oso edo nahikoa ondo iruditu zaie); jarrera hau nabarmen aldatu da 2017tik, orduan %42k bakarrik zioten hori.
Aldiz, %18ri bakarrik irudituko litzaieke oso edo nahikoa ondo 20 urte barru Euskadin zentral nuklearrak egotea hornidura elektrikoa ziurtatzeko.
Ikerketa honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsulta daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 1.905 lagunek osatua da. Elkarrizketak telefonoz egin dira. Lagin honi dagokion lagin errorearen estimazioa ±%2,29koa da EAE osorako, %95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Informazio bilketa 2021eko martxoaren 1etik 9ra bitartean egin zen.
OHARRA: Txosten osoa Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen webgunean eskuragarri dago:
http://www.euskadi.eus/ikerketa_soziologikoak