Aktibatu+ programak energia kontsumoa gutxitu eta planetaren ingurumen-osasuna hobetzeko eta norberak ere onura lortzeko eguneroko ekintza txikiak sustatzen ditu Bizkaiko herritarren artean.
Ideia hori Global Action Plan-en (GAP) bidez sortu zen, nazioarteko sare bateko kidea den GKE. Sare horrek helburu partekatu hau dauka: Eguneroko ekintzek ingurumenean duten eragina arintzea, etxe, lantoki eta ikastetxeetan ohiturak aldatuz. Nazio Batuek babestu eta UNESCOk bermatutako proiektua da, eta 23 herrialdetan dago ezarrita, 1990etik.  
“Aktibatu+” programan parte hartzen ari diren erakundeak San Antonio Santa Rita Ikastetxean bildu dira gaur, planetaren ingurumen-osasuna hobetzeko egindako lanarengatik errekonozimendua jasotzeko. Ekimen hori Bizkaiko Foru Aldundiak jarri zuen martxan, herritarrek ingurumen arloko iraunkortasunaren alde parte hartu dezaten sustatzeko. Garbiker Sozietate Publikoarekin, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin, Bizkaiko Garraioaren Partzuergoa, Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE), Eroski Taldearekin elkarlanean burutu du.  

Global Action Plan – Ekintza Globalerako Programa (GAP) Nazio Batuek babestutako nazioarteko programa bat da, ikuspegi positibo, ideia arrunt eta ekintza praktikoetan oinarritutakoa. Helburua pertsonen ohiturak aldatzen laguntzea da. “Empowerment” edo “jabekuntza” kontzeptuan oinarritzen da, hau da, pertsonek sentitzea ekiteko eta bizi-ohiturak aldatzeko gaitasuna dutela, ingurumena hobetzeko helburuarekin. Baliabideen erabileran eraginkortasuna hobetzea da asmoa, eta planetarekiko eragin negatiboa murriztea, etxeko eta tokiko ekonomiaren mesedetan lan egiten den bitartean.

Testuinguru horretan, “Aktibatu+” programa garatzen den udalerrietan, ikastetxeen parte-hartzea sustatzen ari da, eta orokorrean herritar guztiena, etxeko ohituren aldaketak sustatuz (ikasleen familietatik hasi eta komunitate osora hedatuz).

“Aktibatu+” programaren lehenengo edizioa, 2012-2013koa, arrakasta handiz burutu zen udalerri hauetan: Amorebieta-Etxano, Debabarrena (Ermua eta Mallabia) eta Durangaldea (Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Otxandio eta Zaldibar). 2013-2014 edizio hau Arratian (Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri) eta Nerbioi-Ibaizabaleko udalerrietan burutzen ari da (Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Urduña, Orozko, Ugao, Zaratamo eta Zeberio). Hurrengo edizioetan, programa Bizkaiko Lurralde Historikoko beste eskualde batzuetara ere hedatuko da.

“Aktibatu+” eskola-programa

Lehenengo edizioa garatu zen udalerrietan 9 ikastetxek burutu zuten “Aktibatu+” programa:  Andra Mari Ikastola, Lauaxeta Ikastola, Urritxe Institutua, Durangoko Institutua, San Antonio Santa Rita Ikastetxea, Elorrioko Institutua, Anaitasuna Ikastola BHI, Anaitasuna Ikastola LHI eta Juan Orobiogoitia BHI.
Energiaren gaia abiapuntu hartuta, ikastetxe bakoitzak bere kontsumo elektriko propioa ikuskatu zuen. Bigarren fasean, “Aktibatu+” talde bakoitza arduratu zen eskola-komunitate osoa ohartarazteaz hartutako ohitura txarren inguruan, eta gero lortutako aldaketak ebaluatzeaz. Ikasleak guztiz inplikatuta egon ziren mekanismo ludiko horretan eta energiaren kudeaketaren ahulguneak ezagutzeko aukera izan zuten, hortik abiatuta ekintzak planteatzeko. 
2012-2013 edizioan lortutako datuak oso positiboak izan ziren, eta hala erakusten du lortutako murrizketak: parte hartu zuten 9 ikastetxeetan, batez beste energiaren kontsumoa %11,7 jaitsi zen (hasieran aurreikusitako helburua baino emaitza hobea, %5 jaistea markatu baitzen). 
“Aktibatu+” programak San Antonio Santa Rita Ikastetxeak egindako lana eskertu nahi du bereziki, lortutako emaitza bikainengatik. Era berean, euren komunikazio kanpainaren originaltasuna eta kalitatea ere aipatu behar dira. Horrela, emandako sarien artean hauek nabarmenduko ditugu: EEEk kudeatzen duen Mutrikuko olatuen energia ustiatzeko instalazioetara bisita eta Eroskiko liburu sorta bat: “Plan Berdea: Bizimodua hobetzeko aurrez dezakezun guztia”. Sari horren bidez, asmoa da ikasleek etxetik ere lanean jarraitzea, gainerako senideekin batera, eta aldaketa eta iraunkortasunaren eragile izatea. 

Gainera, oraingoan “Aktibatu+” programa Bizkaiko beste bi zonaldetara mugitu den arren, Arratia eta Nerbioi-Ibaizabal, aurreko edizioan lortutako emaitza onak direla eta, parte hartu zuten 9 zentroetatik 7k diseinatutako metodologiarekin jarraitzea erabaki dute. Oraingoan “erosketa eta hondakinen” gaiari heldu diote, eta horretarako tresna berriak sortu dituzte, ekimenaren sustatzailea den talde tekniko pedagogikoarekin batera.  Espero dugu emaitzak aurreko edizioan energiaren gaiaren inguruan lortutakoak bezain positiboak izatea. Hauek dira 7 zentro horiek: Andra Mari Ikastola, Urritxe Institutua, Durangoko Institutua (Fray Juan de Zumarraga), Elorrioko Institutua, Anaitasuna Ikastola LHI, Anaitasuna BHI eta Juan Orobiogoitia BHI.