Ekainaren 5ean amaituko da komunikazioen laburpenak aurkezteko epea

Eusko Jaurlaritzak, AMI Mantentze Integraleko eta Energia Zerbitzuetako Enpresen Elkarteak, ANESE Energia Zerbitzuetako Enpresen Elkarteak eta A3E Energia Eraginkortasuneko Enpresen Elkarteak ESES Energia Zerbitzuen III. Biltzarrean (Aurreztearen bidezko hazkundea) parte hartzeko deialdia egiten dute, El Instalador argitaletxearekin batera. Bilboko Euskalduna jauregian egingo da biltzarra, urriaren 1ean eta 2an, Energiaren Euskal Erakundearen laguntzarekin.

Biltzarrak jarraipena eman nahi dio lehen bi edizioetan egindako lanari, kontuan hartuta urte hau funtsezkoa dela sektoreari behin betiko bultzada emateko, 2012/27/EB Energia Eraginkortasunari buruzko Zuzentarauak, Energia Ziurtatzeari buruzko Dekretuak eta hiriak birgaitzeari, leheneratzeari eta berritzeari buruzko hurrengo Legeak eszenatoki berri baten aurrean jartzen gaituen neurrian. Hori guztia ikusita, bermatuta dago aurtengoa ere oso edizio interesgarria izango dela eta aurrekoen arrakasta errepikatuko dela.

Energia-kudeaketarekin zerikusia duten profesional guztiak bilduko dira biltzarrean, kontsumo-zentro nagusietako ordezkariak barne, zentro horiek baitira energia-zerbitzuen lehentasunezko merkatua, eta horregatik hedatze-lan handia egingo da horien artean.

Komunikazioak eta arlo tematikoak
Aurreko edizioetatik ondorio batzuk atera ziren, III. edizioaren ikuspegia eta helburuak zehazteko baliagarri suertatu direnak. Planteamendu horri erantzuna emateko helburuarekin, sektorean inplikatutako enpresa eta profesional guztiak gonbidatu nahi ditugu beren komunikazioak aurkeztera, nahitaez honako arlo tematiko hauei buruzkoak beharko dutenak:
1. arlo tematikoa.  Energia-zerbitzuen merkatuaren baldintzak.
- Negozio-ereduak eta kontratu motak.
- Inbertsioa eta finantziazioa.
- Merkatua garatzeko oztopoak identifikatzea eta soluzioak proposatzea.
2. arlo tematikoa.  Energia-zerbitzuen kasu errealak erakustea.
3. arlo tematikoa.  Energia aurrezteko teknologiak.
4. arlo tematikoa.  Bestelako soluzio eta negozio-aukerak: birgaitzea, energia-ziurtatzea, auditoriak eta abar.

Komunikazioak aurkeztea
Biltzar honetan komunikazioak aurkezteko interesa dutenek beren proposamenaren laburpena bidaliko dute, ekainaren 5a baino lehen, word formatuan eta gehienez orri bateko luzerarekin, eta www.congresoeses.com web-orrian zehaztutako ereduari eta jarraibideei jarraiki.

Batzorde Teknikoak jasotako proposamenak ebaluatuko ditu, Biltzarraren eduki eta gaietara egokitzen direla egiaztatzeko. Egile guztiei jakinaraziko zaie, ekainaren 14a baino lehen, aurkeztutako komunikazio-proposamena onartu edo ukatu zaien. Behin proposamena onartu ondoren, interesdunek uztailaren 12ra arteko epea izango dute komunikazioak behin betiko aurkezteko.

Izena ematea
Izena emateko epea zabalik dago, eta Biltzarreko erakunde laguntzaileetako kideek prezio bereziak izango dituzte. Biltzarraren web-orrian informazio guztia duzue ikusgai, izena emateko inprimakiarekin batera.


Informazio gehiago eta programari buruzko aurrerapena www.congresoeses.com web-orrian.