Bi erakunde hauen arteko lankidetzaren bosgarren ekitaldia izango da hau
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak, Iñigo Ansolak, eta Basquetourreko zuzendari nagusiak, Harkaitz Millanek, bi elkarte hauen arteko akordioa berretsi dute gaur goizean, turismo sektorearen iraunkortasuna bermatuko duten ekimenak bultzatzeko xedearekin.
“Jasangarritasuna eta adimen turistikoa nola sustatu Euskadin” izeneko jardunaldiaren testuinguruan sinatu dute konpromisoa Donostiako Miramar Jauregian. Ansolaren hitzetan, “eskaintza turistikoaren kalitate energetikoa kalitate orokorraren adierazgarri da” eta, beraz, sektore honetan eraginkortasun energetikoan inbertsioak egitea kalitate handiko turismo bat lortzeko bidetzat hartu du.
Sinatutako akordioak egitasmo hauek biltzen ditu bere gain:
1- Turismo-negozioetan energia diagnostikoak egitea: Basquetourrek euskal turismo sektorean ezartzeko asmoa duen “Europako Etiketa Ekologikoaren Egiaztagiria” proiektuaren osagarri gisa, eta baita, eraikinen energia egiaztagiria.
2- Energia eraginkortasunaz turismo sektoreari zuzendutako informazio gida.
3- Turismo sektoreari zuzendutako komunikazio eta sentsibilizazio ekimenak egitea, akordioa sinatu duten bi erakunde publikoen arteko koordinazioarekin.
Gaurko jardunaldiaren helburua turismo sektoreak ingurumenaren kudeaketa hobetzeko egindako eskaerari erantzutea eta hori lortzeko administrazioak dituen erramintak eta merkatuaren praktika egokiak aurkeztea da. |