2020. urtera begira, energia-kontsumoa gutxitzeko eta CO2 emisioak murrizteko konpromiso handiak hartu ditu


•    Basauriko Udalak ekintza-plan bat egingo du, udalerrian energia iraunkorra sustatzeko eta 20-20-20 ekimenean ezarritako helburuak betetzeko

•    Energia aurrezteko eta klima aldaketari aurre egiteko, Alkateen Ituna Europar Batzordearen egitasmo nagusienetarikoa da

•    EBen laguntza egitura da Energiaren Euskal Erakundea, Ituna Euskadin garapen egokia bideratze aldera

Basauri, 2011ko urtarrilaren 10a- Basauriko Udaleko alkate Loly de Juanek Alkateen Itunarekiko atxikimendu-dokumentua sinatu du, eta, beraz, udalerri horretan energia aurrezteko, eraginkortasuna hobetzeko eta baliabide berriztagarrien aprobetxamendua areagotzeko konpromisoa hartu du.

Basauriko Udalak Ituna sinatuta, bat egin du lehendik atxikimendua sinatua zuten Euskadiko beste hamar udalekin eta Europako 2.100 herri edo hirirekin. Hartara, Europa osoko beste herri eta hiri askorekin lankidetzan arituz, energia-kontsumoa gutxitzen eta emisio kutsagarriak murrizten saiatuko da, Alkateen Itunaren helburuak direnak, hain zuzen ere. Bide horretan, ahalik eta udal gehienen atxikimendua edo konpromisoa bilatzen ari da EEE, Alkateen Ituna sinatzeko asmotan, eta dagoeneko atxikimendua sinatutako europar herriak egiten ari diren ahaleginari bultzada emateko.

Hori horrela, Alkateen Itunak diruen helburu handinahiak betetzearen erronka onartu du Basauriko Udalak. Udala aspaldidanik ari da lanean energia-eraginkortasuna hobetu nahian eta energia berriztagarrien erabilera sustatzen. Izan ere, udalerrian 68 kWp-ko 11 instalazio fotovoltaiko eta 67 m2-ko azalera hartzen duten 3 eguzki-instalazio daude. Gainera, argiteria publikoaren kontsumoa hobetzeko xedez, argi eta farolen eraginkortasuna aztertzeko azterlana edo ebaluazioa egin du. Era berean, energia-kontsumoa monitorizatzea helburua duen Begiralea deritzon proiektuan parte hartzen ari da, udal eraikin batzuen energia-kontsumoa monitorizatzen ari baita. Era horretan, udal eraikinetan energia-kontsumoa nabarmen gutxitzea lortzen ari da.

Alkateen Itunarekin bat eginda, Basaurik, lehenago Euskadiko eta Europako beste herri eta hiri batzuek egin zuten bezala, ahalegin handia eskatzen duen konpromisoa hartu du, 2020. urteari begira, energia-kontsumoa eta emisio kutsatzaileak%20 gutxitzeko konpromisoa, hain zuzen ere.

Alkateen Ituna

Alkateen Ituna Europar Batzordeak abiarazi zuen ekimena da. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren erakunde hori klima aldaketari aurre egiteko jardunaren liderra da mundu mailan eta harentzat lehentasunezko langintza da hori. Izan ere, asmo handiko helburuak ditu 2020. urteari begira, 20-20-20 zifrekin adierazita, EBn Ekintza Klimatikoaren eta Energia Berriztagarrien alorreko neurri eta helburuen barruan. Hala, EBko estatu kideek konpromisoa hartu dute euren CO2 emisioak gutxienez %20 murrizteko 2020 urterako.

Alkateen Ituna sinatzen duten udalek zenbait konpromiso hartzen dute alor batzuetan, eta 2020 urterako Europar Batasunak ezarritako helburuetatik haratago joan nahi dute. Hartara, CO2 emisioak gutxienez %20 murrizteko konpromisoa hartzen dute. Horretarako, energia-eraginkortasuna %20 hobetu eta energia-eskariaren %20 energia berriztagarrien bitartez ase edo beteko dute.

Azken batean, tokian tokiko udalerrien ezaugarrien eta premien arabera, Europar Batzordearen helburua den 20-20-20 delako ekimena aurrera eramateko jarduera multzo bat sustatzen lagundu nahi du Alkateen Itunak. Hala, Itunarekin bat egingo duten udalek egungo energia egoera aztertuko dute, eta azterketa horren emaitzen argitan, 2020 urtera begira, zenbait ekintza edo jarduera planifikatuko dituzte energia-eraginkortasunaren eta energia-iturri berriztagarrien ustiapenaren alorrean.

Alkateen Itunera atxiki berri den Basauriko Udalak, lehendik Itunarekin bat egindako udalekin batera, energia-kontsumoa gutxitzeari begira, konpromisoa hartzen du hainbat ekintza aurrera eramateko. Horretarako, honako jarduera hauek garatuko ditu:

7.    Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Planaren oinarri gisa, erreferentzia emisioen inbentarioa egitea.
8.    Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Plana aurkeztea urtebeteko epean, Alkateen Ituna sinatzen duten egunetik kontatzen hasita.
9.    Udalaren egiturak egokitzea, garatu beharreko ekintzak modu egokian egiteko, nahiko giza baliabideak hautatuz, besteak beste.
10.    Ekintza Planaren garapenean parte hartzeko asmoz, tokian tokiko lurralde esparruetan gizarte zibila mobilizatzea.
11.    Jarraipen txostena aurkeztea, Ekintza Planaren ebaluazioa, jarraipena eta kontrola egitea xedea duen txostena bi urtez behin, gutxienez, idatziz.
12.    “Energiaren Eguna” edo “Alkateen Itunaren Eguna” antolatzea, Europar Batzordearekin eta interesatuta leudekeen beste erakunde batzuekin elkarlanean, energiaren erabilera adimendunak herritarrei dakarzkien onurak eta aukerak zehazki azaltzeko.

Alkateen Itunari esker aurrerapauso nabarmena emango da Europar Batasunaren helburuak lortzeko bidean. Izan ere, borondatezko akordioaren bidez, konpromiso sendoa hartzen dute Europako herri eta hiriek helburu horiek bete eta gainditzeko.