• Energia alorrean ibilbide profesional handiko hamahiru pertsonaz osatutako  batzorde horrek lehen bilera egin du gaur goizean, Bilbon.
  • Eusko Legebiltzarraren agindua bete beharko du urtebeteko epean, Euskal Energia Ituna izenekoa idaztea, 2050. urterako “karbono emisio neutroak” lortze aldera.

Euskal Energia Trantsizioaren alde lanean diharduten eta energia arloan adituak diren batzordekideek lehen bilera egin dute gaur goizean, Bilbon, Eusko Legebiltzarrak eskatutakoa betetzeari begirako lehen urrats gisa, hau da, Euskal Energia Ituna prestatzea eta bide orri integrala diseinatzea, “euskal ekonomia 2050. urtera karbono emisio neutroekin heltzeko xedez”.
 
Talde horretan, Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek hautatako kideez osatua, energiarekin zerikusia duten gaietan esperientzia luze eta sakoneko aditu eta profesional hauek daude:
 
- Ivan Marten
- José Ignacio Hormaeche
- Nuria Gisbert
- Yolanda Blanco
- Gorka Bueno
- Iratxe Arriola
- Antxon Olabe
- Natalia Fabra
- Aitor Urresti
- Esther Muñoz Alonso
- Marta Ruiz Cerrillo
- Alberto Nadal
Txetxu Sáenz de Ormijana, komisio honen idazkaritza lanak ere egingo dituena.
 
Batzordea eratzeko ekitaldian Javier Zarraonandia, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordea, eta Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia ere izan dira. 
 
Talde horrek, iragan martxoaren 14an Eusko Legebiltzarrean hitzartuari jarraiki, urtebete izango du Euskal Energia Ituna idazteko, eta agindu hori modu egokian betetze aldera “energia politikan egingarriak izan daitezkeen proposamenak aztertuko ditu eta horien ezarpenerako beharrezko estrategiak, alternatibak eta kostuak hartuko dituzte kontuan, betiere ingurumen iraunkortasun, horniduraren segurtasun, enpleguaren sorrera eta lehiakortasunean arreta berezia jarriz”.  
 
Aipatutako Itunak izaera edo eraketa integrala izango du, 2050. urterako karbonogabetzearen helburuak betetzeko erabakiak eta neurriak aintzat hartuko baititu, trantsizio horretan aurrera egiteko faktoreen eta tresnen azterketan sakonduz, hala nola aurreikuspen ekonomikoak, zerga alorrean egin beharreko aldaketak, finantzatzeko bideak, gizartearen inplikazioa eta laguntza ekarriko dituzten proposamenak zein aukerak eta beharrezkoak izan litezkeen lege aldaketak. Eusko Legebiltzarrak, orobat, adituen talde horri hauxe lortzea eskatu dio: “gizartearen benetako atxikimendua” eta horretarako, uste du “beharrezkoa dela Energia Trantsizioak giza talde babesgabe edo xumeengan eragin ditzakeen kalteak minimizatzea, eta hartara, bidezko Trantsizioa aurrera eramatea, kohesio soziala, ekonomikoa eta lurralde artekoa sustatuko dituena”.
 
Etorkizuneko Euskal Energia Itunean aurreikusiko diren neurriak koordinatuta egon beharko dira industria politikarekin eta Energibasque estrategiarekin. Era berean, Legebiltzarrean hartutako akordioan azpimarratzen da Energia Trantsizioak “aldaketak ekarriko dituela, ezinbestean, ekoizpen ehunean. Horrexegatik, hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrak adituen taldeari eskatzen dio  Energia Trantsizioa aukera moduan ikusteko”.