Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburu berria Arantza Tapia Otaegi da, Iñigo Urkullu lehendakariak hautatua kargu horretarako. Hala, datozen lau urtean, haren zuzendaritzapean izango dira industria eta energia arloak; azken honen menpe dago Energiaren Euskal Erakundea. Horietaz gain, nekazaritza eta arrantza arloak ere hark zuzenduko ditu. Sailburu berriak kargua hartu du, eta lehengo sailburu Bernabé Unda ordezkatu du, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu izandakoa. Karguaren aldaketa gaur goizean egin da, Lakuan, Bernabé Unda, sailburuorde eta zuzendari izandakoak bertan zeudela. Horiekin batera, orain arte Undak zuzendutako sailean zeunden hiru erakunde publikoetako (EEE, SPRI Taldea eta Basquetour) zuzendariak ere izan dira ekitaldian.
 
Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun izenez ezagutuko den sail berriak bere baitan izango ditu alor produktibo guztiak, baita energiarena ere. Hain zuzen ere, EEEren jarduna horren barruan sartzen da, Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia den aldetik. Agentzia honako esparru nagusi hauetan aritzen da: energia eraginkortasun, energia berriztagarri eta proiektu teknologikoen garapenean; azken hauen artean ibilgailu elektrikoa dugu, gure herriarentzako aberastasuna eta enplegua sorraraziko dituena.

Arantza Tapia Otaegi (Astigarraga, Gipuzkoa, 1963) industria ingeniaria da, elektrizitate espezialitatean, eta Cum Laude doktorea Nafarroako Unibertsitatean. Euskal Herriko eta Nafarroako unibertsitateetan irakasle izan da, eta teknologia eta energiari lotutako enpresentzat ikerketa lan ugari burutu ditu. Garraio eta Herri Lan sailburua izan zen Eusko Jaurlaritzan (2005-2007) eta Gipuzkoako Foru Aldundian Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu diputatua. Horretaz gain, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Berrikuntza batzordeko burua ere izan zen. Azkenik, 2011. urteaz geroztik, Madrileko Diputatuen Kongresuan EAJko diputatua da.

Ente Vasco de la Energía QR