Arabako Foru Aldundiak, Enargiren bidez, indarrak batuko ditu Energiaren Euskal Erakundearekin eta Krean ingeniaritza sustatzailearekin, lurraldean "ekiola" izeneko eguzki-parkeak eraikitzeko.
Herritarrak eguzki-parke txikien bidez hornituko dira energiaz eta kooperatiban parte hartuko dute energia sortzeko eta kudeatzeko.
Arabako Foru Aldundiak, Energiaren Euskal Erakundearekin eta Krean ingeniaritza sustatzailearekin batera, eguzki-energia sortzeko herritarren kooperatibak (ekiolak) ezartzea bultzatuko du Arabako kuadrilla guztietan. Energia berriztagarria sortzeko kooperatibak dira, eta herritarrek eurek hartuko dute parte beren hornidurarako egingo diren eguzki-energia fotovoltaikoa sortzeko eta kudeatzeko erabakietan.
"Autohornikuntza bultzatu nahi dugu, kanpoko iturriekiko mendekotasuna murriztu eta energia berriztagarri iraunkorrak sustatu. Erakundeek eta herritarrek klimaren alde egingo duten apustu handia da. Izan ere, kooperatibako bazkide bakoitzak bere energia-kontsumoarekin arduratsua izateko urratsa ematearen garrantzia azpimarratu nahi dut, bakoitzaren beharrizan energetikoa modu iraunkorrean asebetetzearen alde egin dezan", azpimarratu du Josean Galera Ingurumeneko foru diputatuak proiektuaren aurkezpenean.
Ekiola ekimen bereziki esanguratsua da, herritarren parte-hartzeari bide zuzena ematea baitakar, eta, ildo horretan, Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak nabarmendu du "energia gobernantza berriko proiektua" dela, "Europako politika energetikoekin eta 2030erako Euskadiko Energia Estrategiarekin bat datorrena, eta energia berriztagarriak eta autokontsumo energetikoa aprobetxatzeko sistemen bidez autohornikuntza energetikoa bultzatzeko beharra adierazten duena". Era berean, Arabako Foru Aldundiaren inplikazioa goraipatu du, kooperatibak eratzea bultzatuko baitu. Kooperatiba-ereduari dagokionez, Krean ingeniaritzako zuzendari nagusi Jon Berbelek gogorarazi du Euskadiko idiosinkrasiari erantzuten dion formula dela kooperatiba, eta dimentsio handiagoko proiektuak eratzea ahalbidetuko duena, pertsona-kopuru handiak barne hartuko baititu Ekiolak".
Beraz, ekimen honetan nabarmentzekoa da herritarren parte-hartzearen zeregina; izan ere, “ekiolen” funtzionamendua auzotarren ahalduntzean oinarritzen da, kontsumorako energia berriztagarriak sortu eta kudeatzean, kontsumitzaile aktiboaren eta energia-komunitatearen figuren bidez.
Hori dela eta, "Energia demokratikoaren kontzeptu berri baten aldeko apustua egiten dugu, eredu energetiko sozial eta herritarra sustatzen dugu, klimaren alde konprometitua, eta herritarrak etorkizunaren partaide egiten ditugu, etorkizun berdeago eta iraunkorrago baten partaide", berretsi du Galerak, eta "aldaketa klimatikoaren aurrean amore ez ematearen eta beroketa globalaren aurreikuspenak iraultzeko zeregin aktiboa hartzearen alde" egin du.
Araba: lurralde-ikuspegia
Arabako Foru Aldundiak, gainera, lurralde-ikuspegia duen proiektu bat bezala planteatzen du Ekiola, eta beharrezko bideak jarriko ditu hala nahi duten Arabako kuadrilla guztietan gutxienez energia-komunitate bat izan dezaten beren eremuan. Helburu horrekin, aste honetan bertan hasiko dira Arabako udalekin bilerak egiten, ekimena lehen fase batean aurkezteko, eta, geroago, herritarrek izango dute proiektuaren berri. Aste honen amaieratik martxoaren erdialdera bitartean, Arabako udal guztiekin topaketak egingo dituzte helburu horrekin.
Epeei dagokienez, Josean Galerak argi utzi nahi izan du epe luzerako proiektua dela. "Aurten bertan Araban lehen “ekiolak”instalatzeko oinarriak ezartzen hastea espero dugu, datozen urteetan kuadrilla guztietara iristeko helburua lortzeko", azaldu du Arabako Foru Aldundiko diputatuak.
Energia kooperatibak 0 kilometroko energía lortzeko
Kooperatiben eraketak, gure herriaren balio eta egitura ekonomikoaren ildo beretik joateaz gain, aukera ematen du dimentsio handiagoko proiektuak sortzeko, herritar askoren parte hartzea dakartzatenak. Dimentsio esanguratsua izango duten energia azpiegiturak izatea ekarriko du formula horrek (1 MW eta 5 MW arteko potentzia izango duten eguzki parkeak), hurbileko energia sortuko dutenak (0 kilometroa), kooperatiban parte hartuko duten pertsonen eta familien onura gogoan izanik: instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiaren aprobetxamendua, instalazioak propioak bezala identifikatzea eta horien kontsumo elektriko osoaren baliokidea izango den energia kantitatea sortzea haietan. Proiektu horien kudeaketa eta bideragarritasunaren diseinuaren sistematika honako honetan datza: kooperatibaren jabetzaren zati bat eskuratzean kooperatibisten aldetik, hauen etxebizitzaren kontsumo elektrikoaren baliokidea eta faktura elektrikoan jasota geratuko dena.
Kooperatiba bakoitzak eraiki eta erabiliko ditu instalazioak sorkuntza-kostu egonkorrarekin, erabiltzeko edo jarduteko epe luze batez (25 urtez edo gehiago) eta pertsona edo familia kopuru handiarentzat kudeatuko dena. Hala, instalazio horiek dimentsio ertain-handia duen proiektu baten ekonomiaren parekoa izango dute. Etekinak edo emaitzak kooperatibistentzat izango dira, faktura elektrikoaren bidez. Hartara, bakoitzak bere instalazioaren sorkuntzaren emaitzak ikusi ahal izango du urtero, bai ekonomikoki, bai elektrikoki, eta, aldi berean, horien askotariko eragina ebaluatzeko moduan egongo da, hala nola ingurumen, iraunkortasun, tokiko aberastasunaren sorrera eta haren kontsumoaren ekonomiaren berari dagokionez.