Arkamo eta Iturrietako mendiak proiektuen garapenari uko egitea, baina Azazeta eta Labraza parkeen tramitazioan aurrera egitea.
Aixeindar sozietateak, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak Euskadin proiektu eoliko berriak garatzeko osatutako enpresak, uko egingo die Arkamo eta Iturrietako mendietako proiektu eolikoei, jakin ondoren ez dituela parke horiek garatzeko aldeko ingurumen-txostenak. Horrela, lurralde-antolamenduko araudi oro errespetatzen duela adierazi nahi du, hala ere, Euskadin instalatutako potentzia eolikoa bikoizteko asmoa bere horretan mantentzen du. Datozen urteetan 150 MW garatu nahi ditu hiru proiektu berritan. Oraingoz, Azazeta (Arraia-Maeztu eta Bernedo), 40 MWko potentziarekin, eta Labraza (Oion), beste 40 MWko edukierarekin, aurrera doaz hurrengo hilabeteetan Ingurumen Eraginaren Adierazpena lortzeko tramitazioan. Euskadin instalatutako potentzia bikoizteko asmoz, Aixeindarrek beste proiektu batzuk sustatuko ditu, hala nola Azazetako bigarren parke eolikoa.
Aixeindarrek energia sistema deskarbonizatzeari bultzada eman nahi dio eta, horrekin batera, Euskadiko klima-aldaketaren ondorioen aurkako borrokan, parke eolikoen beharra, eta orohar energia berriztagarrien instalazioen beharra ikusten du gaur egun erabiltzen ari diren beste iturri fosil batzuk zuzenean ordezkatuko baitituzte.
Estrategia hori, ingurumenarekin eta osasunarekin ezeze, alde sozioekonomikoarekin ere lotuta dago, tokiko balio-katea/industria garatzearekin eta kalitatezko enplegua sortzearekin. Euskadi lehen mailako potentzia da bere enpresa-sareari dagokionez, eta punta-puntako enpresak ditu. Etxe horiek euskal industrian bultzatzaile dira eta teknologia- eta garapen-maila handia dute, mundu osora esportatzen dutelarik. Ekosistema horri esker, parke eoliko baten diseinu-, lantze- eta ekoizpen-kate osoa Euskadin egin daiteke.
Aixeindar bat dator, besteak beste, 2030erako Euskadiko Energia Estrategiaren helburuekin, Eusko Legebiltzarraren akordioarekin, non eskatzen baitzaie erakundeei berriztagarrien aldeko apustua indartzeko eta Berriztagarrien Lurraldearen Arloko Plan berri bat izapidetzeko. Plan horrek, etorkizunean, ibilbide-orri gisa balioko du energia berriztagarri guztietarako.
Era berean, isuriei buruzko Parisko Akordioan ezarritako konpromisoei eta Europako Batzordearen europar guztientzako Energia Garbia paketeak ezarritako jarraibideei ere erantzuten die.