Arkamo mendian eta Iturrietako mendietan dauden neurketa-zundek bost eraso izan dituzte 2020ko udaz geroztik

IBERDROLAK eta Energiaren Euskal Erakundeak Euskadin proiektu eoliko berriak garatzeko sortutako Aixeindar sozietateak Ertzaintzaren aurrean salatu du Arabako Arkamo mendian dauden haizea neurtzeko bi instalazio eraitsi izana. Indarkeriazko azken gertaera dugu hori, eta 2020an salatutakoekin batera bost dira jada haizea ikertzeko instalazioei egindako sabotajeak iazko udaz geroztik.

Haizea neurtzeko bi dorre izan dira Arkamo mendian erabilezin bihurtu dituzten instalazioak; datuak emititzeari utzi egin zioten eta eraitsita agertu ziren joan den astean. Toki horretan egindako hirugarren erasoa dugu, 2020an lehenengo antena eraitsi baitzuten, eta orain suntsitutako biak jarri ziren haren ordez. Iaz ere beste bi sabotaje izan ziren Iturrietako mendietan; lehenengoan, neurketa-estazioaren kontrol-koadroari erasotu zioten eta ondoren haizea neurtzen duen antena bera eraitsi zuten. Poliziaren aurrean salatu dira bost sabotaje horiek, eta poliziak bere gain hartu du ikerketa, egileak eta bultzatzaileak zein izan diren argitzeko.
 
Aixeindar osatzen duten erakundeek gaitzespen irmoena adierazi nahi dute eraso horiek direla eta. Toki jakin batzuetan haizearen baliabidea ikertzeko azterketa oro saihesteko hertsadura garbia dira eraso horiek, eta mehatxu bat Euskadiren etorkizuneko energia-jasangarritasunerako. 
 
Aixeindar sozietateak Euskadi osoan parke eoliko berriek izan ditzaketen kokapenak aztertzeko haizeak non jotzen duen egiaztatzeko eta haizea bera neurtzeko lanei ekin diela gogorarazi nahi dugu, eta haizearen baliabidea daukaten lau kokapen posibleetarako lehen eskaerak aurkeztu ditu, zehazki Azazetan, Iturrietako mendietan, Arkamon eta Labrazan. Guztiak ere ingurumen-baimenaren menpe daude elementu guztien azterketa zorrotz baten bidez, baita herritarrek egindako alegazioen bilketa-prozesu unibertsal baten menpe ere, eta administrazio-une horretan dago prozesua gaur egun, hain zuzen ere.
 
Euskadiko energia-sistemaren deskarbonizazioan lagundu nahi du Aixeindar sozietateak, Euskadin aldaketa klimatikoak izan ditakeen eraginak gutxitzeko, gaur egun erabiltzen ari diren beste iturri fosil batzuk zuzenean ordeztuko dituen energia berriztagarria ekarriko duten parke eolikoak abiarazita. Etxebizitzan zein industria-sarean eskari handia duen euskal energia-sistemaren deskarbonizazioak aprobetxamendu berriztagarri guztien ekarpena eskatzen du, familiaren kontsumorako produzitzen duten etxeko instalazio txikiena zein euskal produkzio berriztagarriaren portzentajea nabarmen gehitu dezaketen instalazio handiagoena, portzentaje horrek hamarkada batetik gorako atzerapena baitu gure aldameneko erkidegoekin alderatuz gero.